martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Osasunaren marra

2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzeko erabakia hartzeko orduan bi ardatz gurutzatzen dira saihestu ezin den era batean: egokiera politiko-soziala eta osasun egoera.

Egokia da, ikuspegi soziopolitikotik aztertuta, herritarrak bizitza normalizatutik urrun egongo diren datetan hauteskundeetara deitzea? Aukera horren aldeko batzuek esan dute botoa emateko eskubidea urratuko litzatekeela hauteskunderik ez balego. Nahiko lasaitasun badago gizartean herritarrak hauteskunde giroan sartzeko? Urkullu lehendakariak atzokoarekin bi bilera egin ditu, auzi horretaz, Eusko Legebiltzarra osatzen duten beste alderdiekin. Jarrerak aldatu ez, eta segurutzat jo liteke uztailean egiteko deia egingo duela, legalki berea baita erabakia. Oposizioaren gehiengoaren nahiaren aurka egingo du besteei ko- aurrizkia horrenbeste eskatzen dienak.

Osasun egoera da eztabaidaren bigarren ardatza. Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten duten adituek uste dute egoera hobea izan litekeela uztailean iraila-urrian baino; bigarrengoan gerta litekeelako pandemia bizkortzea.

Gardentasunaren izenean, eskertzekoa litzateke Jaurlaritzak jakinaraztea hauteskundeak egitea edo ez egitea erabakiko duen osasun marra zein den. Ezin baitzaio datu hori ezkutatu gure herriko komunitate zientifikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.