elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Izendaezinak

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Vivian Gornick kazetari eta idazle estatubatuarrarena da aipamena: «Apirileko arratsalde lainotsu bat da, grisa eta epela, haizeak primadera berri baten gozotasuna dakar. Zirrikitu hondogabeetan ezkutatuta dauden sentipen izengabeak astintzera zaramatzan giro klase hori». (Fierce Attachments: A Memoir, 1987).

Apirilean bakarrik ez, maiatzean ere ari zaizkit astintzen izenik gabeko sentipenak. Ihes egiten dizuten amets etereoen antzera, heldu ezinezkoak gertatzen direnak. Ez dira berriak, baina ugaritu egin dira bizi dugun tsunami emozionalaren garaiotan. Auskalo zer herentzia sentimentalen fruitu diren. Dakidan bakarra, izenik aurkitu ezinik, izendaezin gertatzen direla.

Eta hori, hain zuzen ere, izen eta kontzeptu berri pila bat ikasten eta geureganatzen ari garen aldi berean. Otsailaz geroztik Elhuyarrek astero eguneratzen du COVID-19aren hiztegia, bost sarrera berri gehituz aldiko; dagoeneko berrogeita bederatzi behintzat sartu ditu zakuan. Koronabirusari buruz euskaraz jarduteko oztoporik ez dago. Gaztelaniaz Fundéu (Fundación del Español Urgente) atariak jokatzen duen papera ari da betetzen Elhuyar euskaraz diharduten hedabideekiko.

Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak (Euskaraz), klik eginez ilustratzen gara artikulua zabaldu du sarean pandemiaren garaiko informazio trafikoari buruz; susmo batekin eman dio bukaera idatziari: «Ebidentzia zientifiko gabeko hipotesia da, halere, hor doa: susmoa dut euskara izan daitekeela informazioaren kalitate zigilu. Fake news arteko nabigazioa toxikoagoa da ziurrenik erdaretan euskarazko prentsan baino». Ebidentzia zientifikorik gabe ni ere, baina miatzaile gisa egindako joan-etorrien ondoren, bat nator hipotesi enpiriko horrekin: euskarazko hedabideetan jasotako informazioa fidagarriagoa da; areago, hedabide horiek krisiari ematen ari zaizkion tratamendua eredugarria da. Tartean komunikatzaile bikainak ezagutarazi dituzte, esaterako Miren Basaras mikrobiologoa, EHUko irakaslea.

Euskarazko hedabideak diodanean buruan ditut bereziki BERRIA eta tokian tokiko Hitza-k, Argia astekaria eta Euskadi Irratia. Medio horiek ari dira lantzen ez bakarrik unean uneko albisteak, baita arnasa luzeagoko artikulu, elkarrizketa, erreportaje eta saioak, eskaintza zabal eta aberatsa jarriz hartzailearen esku. Bide batez, inguruko beste hedabide batzuetan loratu den populismo edulkoratuari ihes egiten diote.

Gauza batek —eta ez nolanahikoak— huts egiten die: informazio iturriek. Pandemiari buruz erakundeek egunero jariatzen dituzten albiste eta komunikazioak erdaraz ziurtatuta daude; euskaraz, ez beti. Euskarazko itzulpena ordutara iritsiko da, beranduegi, mezua iraungita dagoenean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egin du ohartarazpena: alarma egoeran bikoiztu egin dira euskal hiztunak jasaten ari diren eskubideen urraketei buruzko salaketak. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren hitzetan: «Adierazten ari dira (agintariak) garai garrantzitsuetan euskara ez dela beharrezkoa» (BERRIA, 2020-05-20).

IVAPek —Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak— 2005ean jada korredakzioa (idazketa elebiduna) planteatu zuen testu juridikoetarako. Kanadako administrazioan erabili ohi duten teknika da: testuak bi erredaktore ditu, bata ingelesekoa, bestea frantsesekoa; hortaz, testuak bi bertsio dauzka jatorriz eta paraleloan, hizkuntza bat bestearen morroi izan gabe. Zein paperontzitan galdu da IVAPen euskara-gaztelera korredakzioa?

Pandemiaren krisiak agerian utzi du euskarak administrazioetan duen estatusa. Arazoa ez da mugatzen prentsa oharretara; Jaurlaritzako bozeramaile batzuen agerpenak antologikoak izan dira; primerako bazka umore —halabeharrez— beltzerako. Ez dira jabetzen hizkuntzaren atzean hiztunak gaudela, eta eskubideak urratu bakarrik ez, gutxietsi, menostu eta iraindu egiten gaituztela herri honen jatorrizko hizkuntzan bizi garenok. Herritar izendaezin bihurtu gaituzte; hitzaren zentzurik txarrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.