Albistea entzun

«Dominak espero ditut»

Apiriletik da Euskadiko Herri Kirol Federazioko buru Igor Duñabeitia. Aizkorako gatazkak konpontzen eta beste herri kiroletako txapelketak antolatzen lan handia izan du. Munduko Txapelketa antolatzea erronka handia izan da zuzendaritza berriarentzat.
Igor Duñabeitia.
Igor Duñabeitia. AINTZINA MONASTERIO MAGUREGI / BUSTURIALDEKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Lur Gil -

2021eko irailak 15

Foruko (Bizkaia) alkate zela hasi zen sokatiran Igor Duñabeitia (Forua, 1971). 2009an jai batzordean herrien arteko sokatira txapelketa antolatzea proposatu zuen, eta Busturialdeko taldeen arteko liga sortu zen, herrietako festetan aritzeko. Duñabeitia aritutako Murueta taldea izan zen txapelketa ofizialetan aritzea lortu zuen bakarra.

Aizkora ere gertutik ezagutzen du, sei urtez aritu baitzen Euskal Herriko Hirugarren Mailan; duela bi urte arte. Utzi zuenean hasi ziren haren etxeko atea jotzen Euskadiko Herri Kirol Federazioko lema hartzeko: «Bihotzak baietz esaten zidan, baina buruak ezetz. Lan asko zegoen egiteko, eta gatazka handiak», aitortu du.

Munduko Txapelketak ere buruhausteak ekarri dizkio: «Gauza asko geratzen ziren egiteko, eta denbora gutxi zegoen. Sokatira horren kirol txikia izanda ere, erronka handia da mundu mailako txapelketa bat antolatzea».

Pandemiak erabat baldintzatu du txapelketa, eta ez bakarrik urtebeteko atzerapenagatik: «Osasun Sailetik neurri zorrotzak eskatu dizkigute, eta azpiegitura handia behar dugu bete ahal izateko». PCR analisiak, kluben burbuila taldeak, talde bakoitzeko autobus bana, kirolari bakoitzeko janari tuper bana... Horrelakoa izango da pandemia garaiko txapelketaren eredua.

Ofizialtasunaren garrantzia

Beste erronka bat konfinamendu garaian taldeek entrenamenduekin jarraitzea izan da. Duñabeitiak lana izan du arlo horretan ere: «Agiri pila bat sinatu ditut kirolariak mugitu ahal izateko, eta lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa antolatzeko ere lanak izan ditugu. Helburua taldeei hobeto prestatzen laguntzea zen, eta lortu dugula uste dut».

Kirol arloari dagokionez, baikor da: «Dominak espero ditut bai kluben arteko txapelketan, baita nazioen artekoan ere, pisu txikietan. Euskal Herriko txapelketa ikustera joan naiz, eta maila handia ikusi dut; oso ondo prestatuak daude taldeak. Gaztedi nagusi izan da, baina Goiherrik tiraldi batzuk irabazi ditu, eta aukera handiak dauzka».

2014az geroztik da ofiziala euskal selekzioa, eta hori nabarmendu nahi izan du: «TWIFek nazio gisa onartu eta gero datoz lorpenak: Munduko Txapelketa hau antolatzea, adibidez».

Euskal selekzioa osatzeko moduak zeresana eman du azken urteetan. Euskal Herriko Txapelketako irabazleak eskubidea dauka irabazitako pisuan aritzeko selekzioaren ordezkari gisa, baina, nahi izatekotan, beste taldeetako kirolariekin batera osa dezake oinarria. Duñabeitiak aurtengo jarrera txalotu du: «Federazioan batzarra egin genuen lau taldeetako lehendakari eta entrenatzaileekin, eta ezusteko ona hartu nuen. Lehia handia dago euskal taldeen artean, baina nazio gisa pentsatu dute selekzioa eratzeko orduan».

Euskal selekzioak ofizialtasuna lortu zuenetik, lur gaineko hiru Munduko Txapelketa jokatu dira: 2014an, AEBetan; 2016an, Suedian, eta 2018an, Hegoafrikan. 2016an, urrea lortu zuen gizonezkoen 580 kiloko selekzioak. Kluben artekoan, berriz, azken urrea 2014an izan zen: Gaztediko talde mistoak lortu zuen, Herbehereetako talde indartsuak gaindituta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Gizonezkoen 23 urtez azpiko taldea, brontzezko domina jaso berritan, Gaur, Getxon. ©Lur Gil / BERRIA

Beste brontze batekin amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa

Lur Gil

Gizonezkoen 23 urtez azpiko mailan lortu du gaur euskal selekzioak hirugarren postua. Osotara 7 domina geratu dira etxean: urrezko lau eta brontzezko hiru.

Olaizola eta Zabaleta, txapelak buruan, gaur Ogeta pilotalekuan. ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Aimar Olaizolak azken txapel profesionala lortu du

Berria

Nagusi izan dira gorriak partidaren hasieratik.

Tolosaldeako arraunlariak, atzoko saioan. ©Aitor Arrizabalaga / FOKU

Tolosaldea eta Getaria maila nagusira igo dira

Berria

Hondarribia, ordea, jaitsi egin da, azken lau urteotan maila nagusian egon ostean. Getariak Eusko Label Ligarako txartela lortu du, gaurko saioan irabazita.

'Sotera' ontziko arraunlariak, gaurko garaipena ospatzen. ©Monika del Valle / FOKU

Santurtzik eraman du bigarren Eusko Label Liga jarraian

Berria

Bi segundo baino ez dizkiote atera santurtziarrek oriotarrei, emozio handiko estropadan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna