Albistea entzun

Ikuskizuna motz gelditu da berriro

Einer Rubiok irabazi du Giroko hamahirugarren etapa, iheskideen ika-mika baliatuz. 75 kilometro egin dituzte soilik. Faboritoak elkarrekin iritsi dira helmugara
Faboritoetako asko, atzo, Italiako Giroko hamahirugarren etapan, helmugan elkarrekin sartzen.
Faboritoetako asko, atzo, Italiako Giroko hamahirugarren etapan, helmugan elkarrekin sartzen. LUCA ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 20

Txirrindulariak hotzez dira aurtengo Giroan. Eguraldi petrala ari dira izaten egunik gehienetan, eta planto egin zuten atzoko etaparen bezperan. 199 kilometroko saio menditsua zuten aurretik, eta laburtzeko eskaera egin zioten antolakuntzari. Bada, 75 kilometro eskaseko jarduna izan zuten azkenean, eta ibilbide motzean hotz utzi zituzten zaleak. Izan ere, hautagai nagusiak tropelaren abaroan gelditu ziren berriz ere. Mendate handietan oraindik ez da onenen arteko lehiarik ikusi. Bere txarrean, borroka bizia izan zuten iheslariek. Katua eta sagua bezala aritu ziren azken igoeran Thibaut Pinot (Groupama) eta Jefferson Cepeda (Education First), baina gertutik zaindu zituen Einer Rubiok (Movistar), eta azken metroetan gainditu.

Faborito nagusiak elkarrekin iritsi ziren, eta maglia arrosari eutsi zion Geraint Thomasek (Ineos). Espero baino askoz ere mami gutxiago izan zuen etapak. Hasierako plana 207 kilometroko ibilbidea egitea zen, baina apur bat laburtu zuten duela egun batzuk, San Bernardo ezin zelako goraino igo. Eta atzo, erreparorik gabe sartu zioten guraizea. Ziklistek Croix de Coeur saihestu nahi zuten, eguneko bigarren mendatea, jaitsiera arriskutsuegia izan zitekeelakoan. Antolatzaileek, ordea, eutsi egin nahi zioten igoera horri, eta eskaintza batekin erantzun zuten: prest zeuden lehen 125 kilometroak kentzeko, San Bernardo barne, betiere ziklistek Croix de Coeur igotzen bazuten. Ados jarri ziren bi aldeak. Hala, autobusean sartu, eta Suitzarantz jo zuten taldeek.

Arratsaldeko hiruretan abiatu zen etapa, Croix de Coeurren magalean. Mendate horri aurre egin, jaitsiera eta ordeka igaro, eta Crans Montana igo behar zuten. Hots, esfortzu labur baina bortitza egitea zegokion tropelari. Oso gogorra zen lehen igoera —15,4 kilometro eta %8,8ko pendiza—, eta erritmo bizia izan zen hasierako aldapetan. Askok sartu nahi zuten ihesaldian, eta multzo jendetsua osatu zen berehala, Ben Healyren (Education First) gidaritzapean. Ineosek ez zion traza onik hartu, eta berehala utzi zuen ezerezean. Alabaina, oniritzia eman zion hurrengo saiakerari; hartara, bidea egin zuten Rubiok, Cepedak, Pinotek eta Bruno Armirailek (Groupama), Derek Gee eta Matthew Riccitellok (Israel), eta Valentin Paret-Peintrek (Ag2r).

Pinot izan zen etapako animatzaile nagusia. Garaipenagatik lehiatu eta mendiko puntuak batzeaz landa, sailkapen nagusian aurrerako urratsa egin nahi zuen. Verbierreko herritik igaro ostean egin zuen lehen erritmo aldaketa, eta Geek, Rubiok eta Cepedak eutsi zioten bakarrik. Laukoteak bizi igo zituen mendatearen bukaerako aldapa tenteak, eta bi minuturen aldearekin igaro zuen gaineko pankarta. Pinotek bildu zuen puntu gehien. Oilarrak, aldiz, bil-bil eginda zeuden. Zirkinik ere egin gabe gainditu zuten igoera.

Bizkor, hankaz eta buruz

Euria hasi zuen amaierako maldetan, eta jaitsiera bustian hasi zuten. Arriskuari ondo hartu zioten neurria, eta tentuz jokatu zuten. Paret-Peintrek bat egin zuen lasterketa burukoekin, eta erasoa jo zien. Berandu gabe harrapatu zuten, baina gero, ez ziren gauza izan elkarlanean aritzeko. Ernegatu egin zen Pinot: erreleboetan zeken aritzea leporatu zien iheskideei; Cepedari gehienbat. Eta frantziarraren kasketa are handiagoa izan zen amaieran. Bere legea ezarri nahi zuen Crans Montanan —13,1 kilometro eta %7,2ko pendiza—, baina itzala bezala itsatsi zitzaion Cepeda. Hamaika aldiz egin zion eraso ekuadortarrari, baina alferrik. Anartean, ez zen itsutu Rubio. Begi bistan izan zituen une oro.

Hirurak batera iritsi ziren azken kilometrora, eta esprintean, Rubio izan zen azkarrena. Bigarren Pinot izan zen, eta hirugarren Cepeda. 1.35era iritsi ziren faboritoak, azken estutuan nagiak ateraz. Gaur indarrak gordetzen jarraituko dute, etapa laua izango baita oro har. Hasieran lehen mailako mendate bat dago, ordea, eta horrek zapuztu egin ditzake esprinter askoren planak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, finalerdietako ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partidan. 22-18 irabazi zuen Altuna III.ak Astelenan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Markari eutsi, edo markak hautsi

Jon Eskudero

Jokin Altunak eta Aitor Elordik buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Amezketarra aterako da nabarmen faborito, baina finalak arrisku handia duela ohartarazi dute adituek
Eibarreko eta Alaveseko jokalariak lehia betean, atzo Ipuruan jokatutako derbian. ©JON URBE / FOKU

Elkar imitatu, eta ikusmina areagotu

Eñaut Agirrebengoa

Bana berdindu dute Eibarrek eta Alavesek Ipuruan, eta Gasteizen erabakiko da igoera faseko lehen kanporaketa. Azken txanpan hamar jokalarirekin gelditu da Eibar

Osasunako Aimar Oroz baloia babesten, Almeriaren aurka Sadarren jokatutako partidan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Final bat balitz bezala

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak Konferentzia ligarako sailkatu nahi du gaur, Gironari irabazita. Berdinduta, aurkarien emaitzei begiratu beharko die talde gorritxoak

Bernabeun irabazi, eta, ondoren, beste emaitzen zain egon

Bernabeun irabazi, eta, ondoren, beste emaitzen zain egon

Haritz Gallastegi

Athleticek gaitz du Konferentzia ligan egotea. Real Madril mendean hartzeaz gain, Osasunak ez irabaztea behar dute zuri-gorriek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.