Angel Erro.
JIRA

Amaginarrebak

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Tarteka eskuindar jainkojaleak nahikotxo haserretzen dituen adierazpen sasi aurrerakoiak (berez Testamentu Berrian oinarritutakoak) egiten dituelako maite dugu arnegatu askok Frantzisko aita santua, eta Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan gaztelaniaz irakurri eta italieraz gomendatu duelako ere bai, jakina, bestela herra edo gaitzerizko handiagoa izanen genieke haren tonu belaxkari, Joan XXIII.aren bertsio postmodernoa izateko ahaleginari eta mezu askoren azalkeria populistari.

Aste honetan ildo horretan doazen adierazpen batzuk egin ditu, amaginarreba eta errainen arteko harremanari buruzkoak, Alberto Sordi edo Vittorio de Sicaren komedia batetik aterata ziruditenak. Katuak eta txakurrak bezain espezie ezin adiskidetuzkoak balira bezalako topikoan erori ez, buruz behera jauzi eginez baizik, errainei aholkatu zien amaginarrebak hobeki tratatzeko, gaizto fama duten arren, eta azken hauei mihiari eusteko, gaizki esaka aritzea omen baita «amaginarreben bekatuetako bat».

Femeninoan aritu zen, aitaginarreba eta suhiek ez balute bezala etxeko harmonian zeresanik. Argi dago zer imajinariotik, zer antikuariotik, ari den. Lerro artean, zaintzaz ari zen. Eta hori, semearen ardura gabe, haren emaztearena dela iradokiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.