Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Euskaraldia: jabetze aldia

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Hamaika euskaraldi daudela entzun eta irakurri dugu egunotan, eta hala deritzot neuk ere. Non berea bizitzen ari dira, eta nor berea, parte hartuz ala gabe, txapadun edo txapagabe, parte hartu nahi izan ez dutenak ere izaten ari direlako ariketa honen parte. Horrez gain, uste dut hamaika euskaraldi horiek aunitz moldez gauzatzen ari direla gure baitan; gutako bakoitza ere hamaika euskaraldibizitzen ari garela, egunez egun ezberdinak izaten ari direlako jazotzen zaizkigunak; niri, bederen, halaxe ari zait gertatzen.

Nire orain arteko euskaraldia lau multzo handitan sailka nezake, halere. Lehen egunetan besteei begira eta besteei adi ibili nintzen. Egun horietan jabetu nintzen Nafarroako Hamaikako kideetako bat txaparik gabe zebilela egun batean kalean... Txaparik gabe, eta zertan eta gaztelania ederrean beste euskaldun batekin! Are gehiago, egun horietan jabetu egin nintzen nik ezaguturiko elebidun askok ez zeramatela txaparik agerian, umeei gaztelaniaz egiten zietela (betiko legez) eta nirekin baizik ez zirela euskaraz mintzatzen (betiko legez). Nire inguruan arrunta baita (antza denez, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ez bezala) guraso elebidunek gaztelaniaz egitea seme-alabei, batez ere taliban linguistikorik ikusmiran ez dabilenean. Egun horietan, ustekabe pozgarria noiz hartuko ibili nintzen, inolaz ere euskalduntzat joko ez nukeen ezezagun hori niri euskaraz noiz mintzatuko zain. Ez zitzaidan, tamalez, halakorik gertatu.

Egun etsigarri horien ondotik, bigarren multzoko egunak iritsi ziren, zeinetan adi eta erne ibili nintzaien nik euskaraz egiten nien arrotzen erantzunei. Egun horietan jabetu nintzen uste baino maizago egiten ahal diegula euskaraz belarria prest dutenei; hortaz, azkenean ere, ustekabe atseginak etorri ziren: euskaraz egin ahal izan nuen sekula pentsatuko ez nukeen lankide nire ustez belarrimotx batekin, eta bi hizkuntzetan buruturiko esaldi-truke laburrak izan nituen zenbait tabernatan. Ageriko konplizitatez zipriztinduriko uneak izan ziren, beste toki batzuetan jaso nituen erantzun zakarrek, eta batzuetan are mespretxuzkoek, lohitu ez zizkidatenak. Egun horietan, berriro ere jabetu nintzen euskara hizkuntza markatua dela Iruñean, batzuengana hurbiltzeko bidezidorra izan daitekeela eta orobat balio dezakeela beste batzuk nigandik urrunarazteko. Irakaspen berririk ez jabetze horretan.

Azken bizpahiru egun hauek, aldiz, hirugarren multzokoak izan dira, nire baitari egon naizelako adi eta erne. Egunotan, bada, jabetu naiz nahi baino errotuagoa dudala arrotzekin lehen hitza gaztelaniaz esatea. Behin baino gehiagotan harrapatu dut neure burua ezezagunei gaztelaniaz egiten, paparrean harro daramadan txapa gorabehera. Hau lotsa! Ezker-eskuin begiratu dut horrelakoetan, euskaldun ezagunik ikusmiran ote zegoen jakiteko. Aldi berean, jabetu naiz arras ohitura aspergarriak ditudala eta gehienetan betiko tokietan ibiltzen naizela, betiko jendearekin solastatzen naizela eta horrek babes moduko bat eman didala Euskaraldian: eguneko bizpahiru ezezagunei aurre egin beharrak ez baitu alimaleko ahaleginik eskatzen; izan ere, aitortu beharra dut: ahobiziaren rola aukeratu izana ez zait gertatu aurreikusi bezain samurra...

Orain, zorionez, laugarren multzoko egunak etorri dira, eta Euskaraldiari berari jarri naiz adi eta erne: adi eta erne, eta esker onez. Esker onez nire konfort gune linguistikoetatik atera nauelako. Esker onez jabearazi didalako euskararen patu beltza aldarazteko gai izan gaitezkeela, nork beretik eginez eta elkar hartuta ekinez. Beraz, mila esker antolatzaile jardun duzuen guztioi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.