Donostiako Klasikoa

Bi argazki historiarako

Lucy Kennedyk eta Remco Evenepoelek irabazi dute Donostiako Klasikoa. Lehen emakumea da bata, eta proba inoiz irabazi duen gizonezko gazteena (19 urte) bestea. Erakustaldia eman dute biek

Lucy Kennedy helmugan sartzen, ikusleen txaloen artean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Historiarako argazki bat izango da kronika hau ilustratzen duena. Txirrindularitzaren zaleak fetitxeak gorde zaleak dira; bada, egunkari zenbaki hau kutunen zapata kutxan sartzeko modukoa da, orrialdeak horiztatzen direnean balentria gogoratzeko. Izan ere, Lucy Kennedyk (Mitchelton-Scott) eta Remco Evenepoelek (Deceuninck-Quick Step) historia egin zuten atzo Donostiako Klasikoan. Historia edo historiko hitzak gehiegi erabiltzen dira, askotan errazegi, baina atzo Bulebarrean bizi izandakoa deskribatzeko aproposak dira, eta zehatzak. Kennedyk emakumezkoen Donostiako lehen Klasikoa irabazi zuen; Evenepoel, berriz, gizonezkoena inoiz irabazi duen txirrindulari gazteena da, 19 urte bete berrirekin. Biek, gainera, ikusgarri irabazi zuten, ausardia handia erakutsiz.

Biek ala biek bakarrik egin zituzten Bulebarreko azken metroak. Murgil tontorretik bakarrik pasatu ziren, eta helmugara arte eraman zuten aldea. Evenepoelek negarrari eutsi ezinda egin zituen azken metroak, eskuarekin kaskoa ukituz, gaiztakeria egin, damutu, eta bere buruari «zer egin dut?» galdetzen dion umea balitz bezala. «Ez nuen espero, ezin nuen sinetsi. Indartsu nengoen, baina hau...». Hitzik gabe gelditu zen helmugan. Duela bi urtera arte futbolean jokatzen zuen; juniorretatik profesionaletara zuzenean pasatu da, eta World Tourreko lehen garaipena du. Hori bai, hobe du halako zirraretara ohituz joatea, ez baita azken aldia izango.

Evenepoelek negar egin zuen tokian barre egin zuen Kennedyk ordu batzuk lehenago. Hark 31 urte dauzka, eta bi baino ez profesionaletan, oso berandu eman zuelako pausoa. Atzokoa du bere ibilbide motzeko garaipenik handiena. «Oso indartsu nengoen, eta izugarri gozatu dut. Lasterketa bikaina da, eta erraldoia izango da noizbait». Kennedyk ezin hobeto hartua die neurria euskal errepideei. Aurten berak irabazi zuen Durango-Durango Klasikoa, eta bigarren izan berri da Nafarroako Klasikoan.

Barre egin zuen, eta arrazoirik ez zitzaion falta, lasterketa oso zaila izan zelako berarentzat. Mitchelton-Scott taldeko izen handiak Van Vleuten eta Spratt ziren, baina sasoiak izenak baino gehiago balio du, eta atzo Kennedy zen apustua. Hasteko, eguneko ihesaldian sartu zelako, Georgia Williams taldekidearekin batera. Guztira hamabost bat kide zituen. Kennedy zen ihesaldiko indartsuena, eta Mendizorrotzen gora erasoa jo zuen. Tartea ireki zuen, baina beherakoan gurpila zulatu zitzaion. Matxurak eten egin zuen martxa, eta Janneke Ensingek (Rotor) pasatu egin zuen. 35 kilometro falta ziren helmugarako, eta tropela urrun zegoen, atzean. Van Vleutenek ez zuen egun ona: medikua behar izan zuen. Beraz, garaipena ihesaldian zegoen.

Ensing indartsu zebilen, eta ihesaldiko kideak sakabanatu egin ziren atzean. Ensing espezialista da ordekan, eta minutu batetik gorako aldea lortu zuen. Haren eta Kennedyren arteko lehia izan zen bitartean, ondo eutsi zion aldeari. Ikusgarria zuen abiada Usurbil pasatu zuenean. Ihesaldian, baina, atzean, beste Mitchelton bat zegoen: Williams. Australiako taldean ez dago ale eskasik, eta hark lan handia egin zuen Ensingek zuen aldea murrizteko.

Murgilen hasieran minutu erdi inguruko aldea zuen Ensingek, baina Kennedy gose zen. «Indartsu» zegoen, eta erakutsi zuen. Iheslarien multzoa utzi, eta gora jo zuen. Igotzeko erritmoan alde handia zegoen. Kennedyk hegan egin zuen, eta tontorretik 600 metro ingurura pasatu zuen Ensing. Aldetxoa ondo kudeatu zuen, eta eroso egin zituen amaierara artekoak. Txalotzekoa Lourdes Oiarbidek (Movistar) emaniko maila. Ihesaldian sartu, eta seigarren izan zen helmugan.

Evenepoel tropelaren aurka

Kennedyren garaipena kostata ahaztuko da, eta baita Evenepoelena ere. Urteekin gogoratuko da flandriar gazteak Donostian lortu zuela lehen garaipen handia. Lasterketa arraroa izan zen, faborito handi-handiek hasi eta berehala sumatu zutelako Tourreko zama: Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step); Egan Bernalek (Ineos); Mikel Landak (Movistar), Yates anaiek (Mitchelton)... Hasi eta gutxira utzi zuten lasterketa.

Haiek gabe, asko ireki zen hautagaien zerrenda. Eguneko ihesaldia osatu zen, eta Fernando Barcelo (Euskadi-Murias) izan zen amore ematen azkena —mendiko saria irabazi zuen—. Helmugarako 40 kilometro falta zirela harrapatu zuten. Orduan jarri zen buruan Movistar, gogor tiraka. Mikel Landa ere morroi lanean igaro zen Donostiatik. Lan ilunean erre zen; beraz, agerikoa zen Alejandro Valverde zela apustua. Antonio Pedrerok eta Andrey Amadorrek lan handia egin zuten, eta luze-luze eginda eraman zuten tropela Mendizorrotzeko lehen igoeran.

Igoera horretan, atzean gelditu zen Evenepoel, eta Alex Aranbururekin (Caja Rural) lankidetzan harrapatu zuen tropela. Oriotik Usurbilerako tartean, autora jaitsi eta guzti egin zuen, elastikoa ur botilaz bete eta kideen artean banatzeko. Deceuninckek Enric Mas zuen aurrean, hark behar zuen hautatua, baina Evenepoel logikak hausteko jaioa da, etatropelari desafio egin zion helmugatik hemeretzi kilometrora.

Tom Skujinsek (Trek) aurrera egin zuen, eta itsatsi egin zitzaion. Handik bederatzi kilometrora, Murgil tontorraren hasieran 45 segundoren aldea zuten. Movistarren kontrol lana ezerezean gelditu zen, hein handi batean gazteak eginiko lanarengatik. Nortasuna ere erakutsi zuen Skujinsi laguntza urria leporatu zionean. Elkarrekin hasi ziren goraka, eta tontorretik 500 metrora Evenepoelek atzean utzi zuen iheskidea.

Bakarka egin zituen azken metroak. Atzean Greg Van Avermaet (CCC), Omar Fraile (Astana), Gorka Izagirre (Astana), Patrick Konrad (Bora)... Mugitzen hasi ziren, eta iheslarien tartea apur bat murriztea lortu zuten, baina Evenepoelek eskuetan zuen garaipena. Jaitsiera ausarta egin zuen, eta helmugara iritsi zen, gozatuz. Nabarmentzekoa, halaber, Izagirreren laugarren postua.

Irizarren gozatua

Klasikoko hirugarren izen handia Markel Irizarrena (Trek) izan zen. Atzo zuen azken lasterketa, eta ihesaldian sartu zen. Gero, Murgileko azken igoeran, zaleak agurtuz igo zen. Berak esan zuen «gozamen» hutsa izan zela. Ondo merezita jaso zuen publikoaren gorazarrea. Helmugan, umorea erakutsi zuen. «19 urteko batek irabazi du, eta nik 39 ditut: argi dago erretiroa hartzeko garaia iritsi zaidala». Eskerrik asko, Markel, ederra izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.