Euskal Herria: Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultua

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Asmo handiko helburuen bila ez joateko herri txikia garela askotan entzuten dugu aitzakia bezala. Baina iraganean euskaldunok munduan ekarpen esanguratsuak egin genituela ezin dugu ahaztu. Aitzindariak izan ginen hainbat arlotan.

Adibidez, orain dela 500 urte, Elkanok lehen aldiz munduari buelta ematen zion bitartean gai izan ginen balearen arrantzarako eta baleengandik olioa ateratzeko goi mailako teknologia garatzen. Gerorago munduan erabateko eragina izan duen Jesuiten konpainia sortu genuen edo eta Elhuyar anaiek XVIII. mendean Wolframa elementu kimikoa isolatzea lortu zuten.

Iraganean gai izan baginen mundu mailan eragin handia zuten arlo desberdinetako proiektuak garatzeko, orain zergatik ez? Zer egin behar dugu berriro gure presentzia eta eragina munduan indartzeko?

Galdera horiek erantzun nahian, azken bolada honetan, hauxe datorkit burura behin eta berriro: nola gustatuko litzaidake Euskal Herria 2030ean izatea? Erantzuna emateko lau berba hauek egokiak direla uste dut: Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultua.

Gure herri honek ez du lehengairik. Beraz, gure etorkizuna eraikitzeko ezagutza da lehengaien ordez dugun lanabes bakarra.

Ezagutzarik gabe ez dago berrikuntzarik, ez industrian, ez gizartean. Zerbait berri lortzeko, zerbait desberdin egiteko, ezagutza behar da eta aukera bi dauzkagu: edo guk sortzen dugu ezagutza edo dagoen tokitik ekartzen dugu.

Baina bai ezagutza berria sortzeko eta bai dagoen tokitik ekartzeko ondo hezitako pertsonak dira behar-beharrezkoak. Goi mailako ezagutza sortzen, goi mailako ezagutza aztertzen, goi mailako ezagutza kritikatzen eta goi mailako ezagutza erabiltzen dakiten pertsonak behar ditugu. Hau da, arlo guztietan gero eta herri kultuagoa sortu behar dugu egunero. Herri kultu batek ez du inoiz beldurrik izango erabakiak hartzeko eta, horri esker gainera, libreagoa da.

Beraz, pertsona kultuak hezi behar ditugu, gure hizkuntza menperatzeaz gain, gutxienez beste bi menperatzen dituztenak. Musika, bertsolaritza, dantza, literatura, artea... maitatzen dituztenak. Gure gizartearen eta enpresen bazter guztiak holako pertsonekin betetzen baditugu gure ongizatea bermatuko dugu. Ez ahaztu pertsona kultuak sortzea askoz konplikatuagoa dela teknologia bereziren bat menperatzen duten pertsonak baino.

Herri sortzailea behar dugu izan. Arte eta kulturan noski, baina ez bakarrik. Pertsona sortzaile eta ekintzaileak heztea izan behar da gure beste helburu bat.

Nazioartean presentzia eta eragina lortzen dituen herria eraikitzen jarraitu behar dugu. Munduko edozein bazterretan ordezkariren bat izan behar dugu, unibertsitate onenetan, ikerketa zentro onenetan, enpresetan, erabakitzeko nazioarteko guneetan, goi mailako diplomazian, GKEetan, kirol esparruan... Eta hau dena sarean eta ondo koordinatuta egon behar da. Munduak ezagutu behar gaitu eta guk mundua ere. Horretarako epe luzeko estrategiak behar dira eta helburu hau lortzeko gure diasporarekin elkarrekin aritzea ezinbestekoa da.

Bestalde, Euskal Komunitateko pertsona guztiak izan behar ditugu buruan. Nire ustez, munduan zehar dauden euskal jatorria duten pertsonak, Euskadiko Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa eta .eus biztanleak kontuan hartu behar ditugu etorkizuna eraikitzeko orduan, behar-beharrezkoak diren ekarpenak, kontaktuak, edo eta bide berriak non-nahi egon daitezkeelako.

Elkarrekin edonora heltzeko aukera daukagu eta Euskal Komunitate honek sendotzen jarraitu dezan asmo handiko eta epe luzeko estrategia berriak behar dira. Ondorioz, hauxe izan behar da gure helburu horietako bat: komunitate honetarako ongizatea ekartzen duten epe luzeko ekintza eraginkorrak elkarrekin garatzea, gure arteko zubiak eraikitzeko aukera ederra izan daitekeelako. Komunitate honetako biztanleek, muga fisikoak gaindituta, elkarrekin holako proiektuak garatzeak onura dakarrela sentitu behar dute.

Planteamendu hau garatzeko gure sustraietatik edan egiten dugula oso presente izan behar dugu beti. Iraganeko bidaietan garatutako baloreek eta eskarmentuak etorkizuneko ametsak gauzatzeko nahia elikatu behar dute.

Ezagutza, ekintzailetza, sormena, kultura, sustraiak, nazioartekotzea, ongizatea... Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultuko biztanleok elkarrekin beste salto bat eman dezakegula sentitzeko eta sentiarazteko une egokia da. Ilusioa piztu dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.