elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Nork bere jantzia

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi joan da Beñat GaztelumendikAurreko belaunaldiei, esker oneziritzi artikulua argitaratu zuela (Irutxuloko Hitza, 2018-10-26), eta oraindik ezin dut ahaztu. Areago, irakurtzen dudan bakoitzean, gehiago tentatzen nau. Manifestu moduko bat da, bikain idatzia, dotorea bezain zirikatzailea, jantzia eta zer pentsa uzten zaituena.

Hasiera, indartsua du oso: «Bai, gu gara. Gu gara biolentziaren kiribilean hezi gintuzuenak bizikidetzaren arorako».Herri honen historia hurbileko hiru mugarri errepasatu —Txiberta, Lizarra-Garazi, Loiola— etahorrela definitzen du Gaztelumendik bere belaunaldia: «Historiaren paragrafo batetik besterako zuriunea».

Bigarren pasartean, aurreko belaunaldiek euskararen arloan egindakoari heltzen dio idazleak: gau-eskolak, ikastolak, Kilometroak... Kontrastean: «Gu, dena aukeran jaso eta jasotakoarekin ezer egin ez omen dugunak». Hirugarrenean, «zuriunea» amildegi bihurtzen da: «Gu gara hil ez den mundu baten eta jaiotzeko dagoenaren tarteko amildegian bizi garenak».

Hortik aurrera gogortuz doa Gaztelumendiren diskurtsoa: «Gu, bere aurrekoak gaindituko ez dituen belaunaldia, 30 urteko nerabe bekadun eta heldugabeak. Ez zaitezte gutaz errukitu, ez dugu gurasokeriarik behar». Amaieran, idazleak hatza begian sartzen digu, bete-betean, aurrekooi: «Ez kargatu zuen bete gabeko ametsak gure bizkarretan». Azken esaldi honek atzera eraman nau, gaztarora. Agian hori horrela esateko trebeziarik ez genuen, baina horixe zen sentitzen genuena gurasoen belaunaldiarekiko: haien gerrak eta batailek ez ziguten balio, gu gureak gorpuzten genbiltzanean.

Oinarrian, belaunaldien arteko talka ohiko eta unibertsala ageri da Gaztelumendiren manifestuan. Ezer berririk ez, alde horretatik. Kontua da, hainbat faktorerengatik, belaunaldi egoskor, ekintzaile eta borrokan hezitakoa dela gaurko gazteei parean suertatu zaiena; protestan ohitutako jendea eta erraz amore ematen ez duena. Horien galgan jartzea ez du erosoa izan behar.

Gaztelumendik berea argitaratu zuen inguruan, hiru zapatu arratsalde pasatu nituen errenkadan kalean: Orain Presoak dinamikak deitutako manifestazioan, Zubietako erraustegiaren kontrakoan, eta Altsasun, eskuindar espainiarrek hurrengo egunean egingo zuten okupazioaren aurkakoan. Aurtengo urtean, beste arratsalde eta goiz batzuk joan dira pentsiodunen manifestazioetan, Kataluniaren aldekoetan, edo feministen deialdietan. Eta horietan guztietan —ez bakarrik erretiratuenetan— aurkitu ditutadin nagusiko emakume eta gizonak.

Gure belaunaldiak presa dauka, bizi-itxaropenak hala agintzen diolako. Badaki «bete gabeko ametsak» ez dituela osotasunean erdietsiko — zerbaitetarako dago utopia ere—, baina lardaskatzen hasitako kapitulu batzuk behintzat duintasunez itxi beharra dauzkala sentitzen du, hala nola «biolentziaren kiribilari» lotutakoak. Edo emakumeen berdintasunerantz hartutako bidean urrats batzuk aurreratu ditzakeela ikusten du. Bestetik, kaleko agerraldiez gain, baditu arazo propioei erantzuteko eginkizun batzuk ere: haurtzaindegiak sortu zituen belaunaldiari, orain, zahartzaindegi egokiak lortzea suertatu zaio. Eta, baita ere, heriotza duinerako eskubidea.

Aitortuko dizut, Beñat, niri ere gogaikarriak gertatzen zaizkidala—eta apur bat patetikoak— betigazte borrokalariak, tranpaldo erreal nahiz metaforikora igo eta lezioak ematen hasten direnean. Eta ulertzen dizut, benetan, hau diozunean: «Umetan bezala sentitzen gara, gurea baino bi taila handiagoko arropak soinean. 'Haziko zarete'. Ba ez, ez gara haziko. Edo bai, haziko gara, baina ez dugu zuek diseinatu eta jositako arroparik beteko. Utziguzue gureak aukeratzen». Erabat ados. Hala ere, susmoa daukat jantzi-klase guztientzako ote dagoen tokia beharren eta ametsen plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.