Angel Erro.
JIRA

Nabarmena

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Nire mutil laguna gay da. Ni baino gay nabarmenagoa. Inbidia diot. Niretzat izugarri diren gauza askok inoiz ez dute harentzat hainbeste muntarik izan. Errazago ikusten ditu gauza asko. Edo horren itxura egiten du. Tarteka, nire obsesioak ez ulertzearen plantak egiten ditu, haiei aiseago aurre egiten laguntzeko asmoz, suposatzen dut. Nire homosexualitateaz (modu irekian) hitz egin ezin dudan edo nola hitz egin ez dakidan jendea egon daitekeela ezin du, esaterako, ulertu. «Batez ere, zure kasuan, periodiko batean idazten baituzu hainbestetan kontu hauen inguruan, lotsa gabe». Kargu hartuko dit zutabe honetaz hitz eginen diodanean. Beste eskapismo ariketa bat da.

Inbidia diot, Iruñeko Alde Zaharreko taberna batean hau idazten ari naizela, zerbitzariari eta bezero pare bati zeharka begiratzen diedalako, armairuturiko begiradaz edo desiraz (koadernoan zehar-ohar hau: «Zelako oparia erretzera atera eta bere edertasun aurrepandemikoa munduari eskaini dion zerbitzari maskaradunarena»), bera osasungarriago, garbiago, agertuko zen, hemen egotera, hainbeste poesiarik gabe, nabarmenagoan.

Inbidia diet nabarmenei, euskaraz hitz horrek daukan ospe txarra gorabehera. Gaur da horretan hobetzeko asmoa hartzeko egun ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.