Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Erresistentzia

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gero eta abiadura handiagoan bizi garela esaten da. Gero eta estresatuago. Denera iritsi nahi eta ezin. Dena uztartu nahi (edo behar) eta ezin. Intentsitate handian bizi garela esan liteke. Edo hala iruditzen zaigu, behintzat. Baina norbera zein intentsitate mailatan bizi daitekeen, norbere ahalek markatzen dute hein batean. Tira, biek, ahalek eta nahiek. Ahala litzateke potentziala, norbere gaitasuna. Eta nahia, edo nahirik eza, edo gaitasun falta, edo dena elkartuta; intentsitate handiegian ez bizitzeko norberak jarritako erresistentzia.

Demagun potentziala egingo luketela ilusioak, grinak, anbizioak, sakrifiziorako gaitasunak, kemenak, indarrak... Eta erresistentzia beldurrek, alferkeriak, lotsak, nekeak. Edo ez, edo beharbada anbizioa erresistentzia bihur liteke ondo kudeatu ezean, eta lotsa potentzial. Bakoitzak jakingo du norberari noiz eta zerk eragiten dion intentsitatea handitu ala txikitu dakion. Baina finean, erreza litzateke norbere intentsitatea kalkulatzea: potentziala zati erresistentzia.

Guk akaso ez, baina korronte elektrikoak hala funtzionatzen du. Ohmen legea bezala da ezaguna, eta gehienok eskolan ikasiko genuen. Fisikako lege sinple eta intuitiboenetako bat da. Ez dauka konstante arrarorik tartean, eta hitzez formulatu eta ulertzeko ez da zaila. Hari baten muturretan zenbat eta karga ezberdintasun, alegia, potentzial (V) handiagoa jarri, orduan eta azkarrago nahiko dute mugitu elektroiek mutur batetik bestera. Intentsitate (I) handiagoz, alegia. Baina bidean aurkitutakoak ere ahalbidetuko du elektroien paso azkarra, edo oztopatuko die bidea. Zirkuituaren erresistentzia (R) esaten zaio. I=V/R, beraz.

Pertsona indibidualokin egin dut paralelismoa hasieran, baina gizarte mugimendu eta korronteekin izan lezake akaso erlazio zuzenagoa. Giza mugimendu baten intentsitatea bere potentzialarekiko zuzenki proportzionala da, jakina. Eta bidean topatzen dituen erresistentziek txikituko diote intentsitatea.

Gauza ezaguna da, zirkuitu elektrikoetan erresistentzia antolatzeko badirela modu ezberdinak. Eskolan bi modu nagusi irakasten zizkiguten: paraleloan edo seriean. Antolaketa modu bakoitzak, erresistentzien kopuruak berak izanik ere, zirkuitu osoaren intentsitateari oso ezberdin eragiten dio.

Erresistentzia ohm-etan neurtzen da. Demagun 2 ohm eta 4 ohmeko bi bonbila (erresistentzia) dauzkagula zirkuituan. Bonbilok seriean kokatzen baditugu, erresistentziak batu egiten dira: 2+4=6 ohm-ekoa litzateke totala. Aldiz, paraleloki kokatuz gero, 1/(1/2+1/4)=4/3=1,33 ohm-ekoa. Bistan da diferentzia, ezta? Seriean antolatutako erresistentzia askoz eraginkorragoa da paraleloki egiten dena baino.

Zergatik gertatzen den hori? Tira, kalkulu zehatzetan sartu gabe, intuizioz gertatzen dena ulertzea erraza da. Elektroiek, seriean kokatutako erresistentzia guztietatik pasatu beharra daukate. Paraleloan kokatuta, bietako bakarretik pasatu beharko du bakoitzak, eta, beraz, neke gutxiagorekin iritsiko da bidearen amaierara korrontea, intentsitate gutxiago galduz.

Ikasgai bat atera genezake honetatik. Lortuko bagenu gurekikoak diren erresistentziak paraleloan antolatzea, eta gu erresistentzia garen uneetan seriean saretzen, asko irabaziko genuke intentsitatean, potentziala bera izanik ere.

Besteak guk nahi gisan antolaraztea beti da zailagoa, baina gurea egin dezakegu sikiera. Adibide garbi bat asteburuon antolatutako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek eman diezagukete. Kanpo erresistentziek intentsitatea zatitu nahi diguten bitartean, serio ez ezik seriean lan eginda, erresistentziak gu batu gaitzakeela eta guk erresistentziak batu ditzakegula argi geratu baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.