elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Diplomazia kontuak

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Medina Azaharan, Kordoban, Abderraman III.a kalifak (891-961) sortu zuen hiriaren hondar berreskuratuak bisitatzen. Gidariak—emakumezko profesional bikaina— X. mendeko hiri hura zer izan zitekeen irudikarazten zizun. Sierra Morenaren oinetan, kalifaren jauregia goian, meskita beherago; soldaduen kuartelak, etxe dotoreak —komun etaguzti, ur zikinentzako hoditeriarekin—... Halako batean, beste eraikin baten orubea erakutsi zigun gidariak: kalifak han ematen omen zien ostatu bisitan zihoazkion jauntxoei; Penintsularen iparraldetik joaten zitzaizkion asturiarrak-eta aipatu zituen gidariak; tartean egon zitezkeen nafarrak; izan ere, Abderramanek ama —Muzna— eta amona bat —Eneka— nafarrak zituen, Iñigo Aritzaren leinukoak. Kontua da, gidariak esan zuenez, bisitariak luzaroan edukitzen omen zituela zain Abderramanek, hilabetetan... Etxeaz aparte, auskalo beste zer entretenigarri eskaintzen ote zien kalifak. Nolanahi ere, amarru diplomatiko eraginkorra izango zen, ziur, jauntxo haiek denboratan bahituta eta desmobilizatuta edukitzea. Ahaztu ere egingo zitzaien, hiri eder hartan, zer adostera joanak ziren.

Abderramanen diplomazia eskola etorri zitzaidan gogora Costa-Gavrasen Adults in the Room-Comportarse como adultosfilma ikusi nuenean. Yanis Varoufakisen izen bereko liburuan oinarritua, 2015eko udaberrian, orduan Greziako Finantza ministro zenak Europako Troikarekin izan zituen negoziazioen kontakizuna da. Syriza alderdi ezkertiarrak hauteskundeak irabazi eta gobernua osatu zuenean —Alexis Tsipras presidente—, bigarren erreskate planaren ezpata zeukan gainean Greziak; pilatutako zorra ordainezina gertatzen zitzaion herrialdeari, eta austeritate politikek, herritarrak are eta txiroago bihurtzeaz gain, ez zuten lortuko Grezia zulotik ateratzea.

Varoufakisen liburuak 700 orrialde ditu eta errepikapen ugari, batez ere Finantza ministroak Greziako arazoari aurre egiteko proposatzen zuen plana behin eta berriz azaltzean. Filmari ere errepikapena egotzi diote kritikari batzuek. Ados. Baina batak zein besteak Europar Batasuna gobernatzen duen Troikaren—hau da, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa— erretratu sinesgarria marrazten dute. Costa-Gavrasek, pelikularen bukaeran, dantza surrealista batean jartzen ditu aferaren protagonistak, Zorba greziarraren sirtakia gogorarazten duen musikarekin. Aurretik ezagutu ditugu Wolfgang Schaüble (Alemaniako Finantza ministroa), Mario Draghi (EBZko presidentea garaian), Christine Lagarde (MDFko zuzendari-kudeatzailea orduan), eta beste hainbat politikari eta teknokrata, Europako politika ekonomikoaren hariakmugitzen dituztenak. Diplomaziaren arau guztien gainetik mugitu ere.

Izan ere, Abderraman kalifaren praktikak zerutiarrak gertatzen dira gaur egungo marrazoenekin alderatuta. Azken bateanjabetzen zara Europako erakundeen funtzionamendua daramaten arduradunek adikzio bat dutela zainetan: botere ahalguztidunarena. Eta ez dutela batere eskrupulurik herrialde osoak itolarrian jarri eta suntsitzeko. Klub horren endogamia garbi geratu da Christine Lagardek Munduko Diru Funtsaren gidaritza utzi eta Mario Draghiren tokia hartu duenean Europako Banku Zentralean.

Diplomazia ez dabil hobeto beste fronte batzuetan, esaterako Kataluniakoan. Pedro Sanchezek muga guztiak hautsi ditu azkenaldian. Quim Torrari telefonoa hartzeko gai ez, Bartzelonara joan gaurko hauteskundeen aurrekanpainan, urriaren 21ean, eta Kataluniako presidenteari kortesiazko bisita ere ez egin izanak ematen du neurria. Halatan estropezu egin du, gero nekeari egotzi dion lapsus-ean: Puigdemonten Espainiaratzea dela-eta, Estatuko fiskaltza Gobernuaren esku dagoela esatean. Diplomaziaren arauak urratzea baino zerbait larriagoa da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.