elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

'In tempo di Valse'

2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Eta bitartean zuhaitzak hostotzen ari dira, txori jendea erabat aztoratuta dabil egunsentitik iluntzera, laster kukua ere entzungo dugu... aurten, egia esan, bost axola poltsikoan dirurik gabe harrapatzen bagaitu; badugu aurreragoko kezkarik.

Honezkero telesailetako gidoilariak jo eta su dabiltza, atzetik ekoiztetxe handiek akuilatuta, nork idatziko istoriorik errentagarriena, milioika dolarretan kotizatzen diren horietakoa. Bestseller bat baino gehiago ere egongo da martxan; genero guztiak landuko dira, kazetaritzatik fikzioraino, zein baino zein enpeinatuago.

Eta izango dira, halako pretentsiorik gabe, sormenak gainezka egingo dien poetak eta musikariak. Dagoeneko ari da gertatzen eztanda hori; sareak garraiatzen duen zabor ugariaren artean, badira bihotzera iristen diren piezak; nik hauxe aukeratu dut: Aurresku in tempo di Valse; Euskadiko Orkestrako harizko laukote batek jotzen du Maialen Rezabal, Itziar Prieto, Monika Mazur eta Beatriz Linares, nork bere etxetik.

Artearen alorretik at, giza zientzietako adituek badute lana mundua irauli duen fenomenoa mikroskopioarekin aztertzen. Krisi honen jatorriari buruzko hipotesi konspiranoikoak baztertu gabe —ea zer analisi egiten duten berrogeita hamar urte barru—, gauza bat dago garbi: koronabirusaren kudeaketak sekula ez bezalako esperientzia eman diela munduko hariak maneiatzen dituzten agintariei, Davosen-eta biltzen diren elite horiei; esperimentua eginda dago: nola hartu mendean edozein herrialdetako biztanleria osoa; nola jarri parentesi artean ekuatoretik gora eta behera dauden lurralde guztietako bizitza.

(Parentesia telefono dei batek jarri dit: irteteko kanpora, zeruan sateliteak pasatzen ari direla. Izarren artean, hor ageri dira, lehendabizi lerro bakarrean, gero paraleloan ere bai, hurrena triangelu bat osatuz... segundotako frekuentzia batetik bestera, etenik gabeko emana. Ibilgailu militarren desfileak gogora. Hegoaldetik iparralderantz doaz; berrogeiren bat igaroko ziren gure begi-bistan. Salto batean Interneten begiratu eta jakin dugu martxoaren 5ean Bartzelonan eta Valentzian ikusi zirela; Starlink sateliteak direla, Elon Musk multimilionario estatubatuarraren proiektua, Internet noranahira zabaltzeko. Nork eman dio baimena goi horiek okupatzeko?).

Sateliteen desfileak eragindako asaldura irentsi dugu halako batean. Zenbat eta isolatuago eta paralizatuago egon fisikoki, orduan eta berago sentitzen da pertsona; eta buelta gehiago ematen du buruak. Dagoeneko hasita gaude koronabirusak kutsatu edota hil dituen kopuru hotzei izen propioak jartzen. Nahigabea... eta beldurra.

Mikel Elorzaren hausnarketa, Iritzia-ren atal honetan bertan, joan den asteazkenean: «Ez dut uste krisi honek [...] aldatuko gaituenik. Pasatuko da eta baldintza objektiboak aldatuko badira ere [...] gure bizimoduek [...] berdin jarraituko dute». Normalean bat etortzen naiz Mikelen esanekin. Oraingoan ere hala izan da gustura sinatuko nukeen bere artikulua, baina diferentzia funtsezko batekin: ez nago ados Elorzaren ikuspegi ezkor horrekin; areago eta harago: ez nago prest ikuspegi ezkor horri haizea emateko, azken batean aldez aurretiko ezkortasuna, nire ustez, betierekoari eusteko justifikazio bihurtzen baita sarritan.

Kontua da konfinamenduarekin ari garela probatzen modu soilagoan bizi gaitezkeela. Ogia eta egunkaria erostera bi auto abiatu ordez, bakarra joan daitekeela bi familiatarako. Egunaren hogeita lau orduetatik ez dela minutu bat ere sobratzen, mugimenduak etxearen perimetrora mugatuta egon arren. Esperientzia xume horiek aintzat hartu eta barneratuz gero, balioen ranking-a mugitu eta berregituratu egingo zaigu.

Balsaren tempoan jotako aurreskua aukeratu dut; bigunagoa da, gozoagoa, aurresku tradizionala baino, eta ez dantzari bakarrekoa. Balsaren tempoak zirkulu kolektibo parte-hartzailea iradokitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.