Lorpen bat baino gehiago

Elbarritasunen bat duten kirolarientzat balio erantsi bat du kirola egiteak. Egun hauetan etxean egon beharra tokatu den arren, horretan segitzen dute tinko.

Alex Prior eskrimalaria etxean entrenatzen. ALEX PRIOR.
Mikel O. Iribar.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Itxialdia ez da samurra kirolarientzat. Kolpe batez aldatu zaie egunerokoa, eta, ahal duten moduan, sasoia ez galtzeko ahaleginean dabiltza, nor bere kasa eta etxean dituzten baliabideen arabera. Egoera horretan daude kirol egokitua praktikatzen dutenak ere. «Goi mailan aritzen direnak ondo ari dira lanean, etxean entrenatzeko heldutasuna eta esperientzia baitute», azaldu du Alicia Figueroak, Gipuzkoako Kirol Egokituaren zuzendari teknikoak (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1971). Hain zuzen, uste du norberaren abileziaren eta jarreraren arabera dagoela ezohiko egoera honetara egokitzea.

Datorren urtera arte atzeratu dira Tokioko Paralinpiar Jokoak, eta horiexek dauzkate denek begiz jota. Momentuz, Iñigo Llopis igerilariak du Jokoetarako postua ziurtatua. Besteek, berriz, lanean gogor dihardute sailkatze probak iristen direnerako sasoiko egoteko. Besteak beste, egoera horretan dago Alex Prior eskrimalaria (Donostia, 1991). Gurpil aulkian lehiatzen da, hankan duen malformazioa dela eta. Orain dela 11 urtetik dabil eskriman, eta haren garaipen zerrenda gizenduz doa urtez urte. 2013an, 23 urtez azpiko munduko txapelduna izan zen, eta Espainiako Txapelketan zortzi aldiz lortu du garaipena. Iaz, gainera, hiru modalitatetan sablea, ezpata eta floretea nagusitu zen lehen eskrimalaria izan zen.

Garaipen horiek hauspoa emandiote Priorri bere ametsa betetzeko: Tokioko Paralinpiar Jokoetan lehiatzea. Ametsak, ordea, zainegon behar du gutxienez beste urtebetez. Jokoetarako sailkatzeko azken proba ekainean jokatzekoa zen, Europako Txapelketa, baina bertan behera geratu da koronabirusaren erruz. Kolpe gogorra izan da Donostiako eskrimalariarentzat. «Sasoi onean nengoen, eta ondo ari nintzen entrenatzen». Azken lau urteetan Jokoetara begira prestatzen ibili da buru-belarri. Psikologikoki eragin diola ez du ukatu. «Amorruz nago, baina egoerara moldatu eta aurrera jarraitu beharra dut». Ilusiorik eta adorerik, behinik behin, ez zaio falta.

Etxean egon beharrak arlo teknikoa lantzea eragotzi dio Priorri: «Ez dut aurkaririk». Gainera, etxea ez da eskriman aritzeko lekurik egokiena. Baina imajinazioari astindu bat eman, eta nolaedo hala moldatzen ari da; aulki bat sukaldeko ertz batean jartzen du, aurkaria irudikatzeko. «Neroni ez mugi tzeko, berriz, leihoko heldulekuan lotuta dagoen soka bati heltzen diot, eta aurrean dudan aulkian kuxin bat jartzen dut sablearekin jarduteko». Gutxienez, sentsazioak ez galtzen laguntzen dio horrek. «Ez da egoerarik onena, baina ohitu beharra daukagu».

Elbarritasunen bat duten kirolarien inguruan azken urteetan egin den lana baliagarria izaten ari da. «Lan asko egin da baliabideak izan ditzaten, eta entrenamendu pertsonalizatuak. Psikologiaren ikuspegitik ere lanketa garrantzitsua egin da», azaldu du Figueroak.

Besteak beste, Nazioarteko Paralinpiar Batzordearen, Bat Basque Team-en eta Kirolgiren laguntza jasotzen ari dira zenbait kirolari. Materiala uzten diete etxean ariketak egiteko. Gainera, Figueroak adierazi du teknologia berriari esker harreman sare bat osatu eta kirolarekin une oro kontaktuan daudela euren beharrak asetzeko. Egoera honetan funtsezkoa da sare hori, kirolarien jarraipena egiteko.

Ez da lehen aldia

Zailtasunak zailtasun, konfinamendu egoera gainditzea lagungarri izan dakieke kirolariei etorkizunean, Figueroaren ustez. Urrunago ere joan da: «Egoera oso zailetatik aurrera ateratzea lortu duten kirolari asko daude; bizitza zaila eta gogorra eraman dutenak». Hain justu, kirolari batzuk, osasun arazoengatik edota etxeko irisgarritasun faltarengatik, kalera irten ezinik egon izan dira denbora luzez. «Haiek, herritar askok ez bezala, iraganean pairatu dute azken asteetan bizitzen ari garena. Egoera hau gainditzeko gaitasuna dute; prest daude horretarako».

Ariketa fisikoa edota kirola bere horretan egitea edonorentzat osasuntsua bada, zer esanik ez elbarritasunen bat dutenentzat. Figueroaren arabera, «aurrez diskriminatuak sentitu direnek»elkarren arteko harremanak izateko bidetzat hartzen dute kasu askotan kirola. Horrez gain, euren autonomia garatzeko eta norberarenganako konfiantza lantzeko aukera izaten dute. «Lorpen ikaragarria da guretzat haiek elkarren artean modu informalean eta ludikoan harremanak izatea». Gipuzkoa Kirol Egokituen Federazioak lan horretan dihardu: egun, «utopikoa» den benetako gizarte inklusibo bat sortzen. «Kirola elementu perfektua da integrazio hori gauzatzen errazteko».

Hala, elbarritasunen bat duten pertsonak kirolera erakartzeko eta bideratzeko lanetan dihardu duela hamazazpi urtetik hona federazioak, oinarritik. Izan ere, Gipuzkoako herri eta eskualde askotan, elkarlanean ari da aldundiarekin, udalekin eta hainbat enpresekin, taldeak dituzten haur eta nerabeek kirola egin dezaten. Dena ez baita goi mailako kirola, eta hortik kanpo ere asko dira beharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.