Txema Ramirez de la Psicina

Balkoitik logelara

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Orain urtebete txaloka aritzen ginen balkoietan; sutsu. Eskuak gorritu arteko zartakoak ziren. Pareko bizilagunak orduan ezagutu genituen, aurrez aurre jarri ginenean. Ordura arte ezezagunak ginen. Pandemiak elkartu gintuen. Edo hori uste genuen. Osasun langileak genituen buruan. Haien lana eta zama. Haien jarduna eta aditasuna. Sirena hots eta oihuen artean, begiak hezetu zitzaizkigun. Orain urtebete.

Kaleko panorama espektrala zen. Arimarik ez. Zaratarik ez. Txaloen arteko ordu laurden horretan hutsik igarotzen zen autobus publiko bakarreko gidariak bozina jotzen zuen, txaloen zaparradarekin bat eginez. Besoa ere ateratzen zuen leihatilatik kanpo, jendeari diosala eginez. Hark ere komunitatearekin bat. Orain urtebete.

Non gelditu dira txaloak? Xaloagoak gara orain? Uzkurragoak? Doris, nire pasierako ohiko laguna, etsituta dabil. Berak garbi dauka pandemiak aldatu egin gaituela, eta ez onerako. «'Denok gaude barku berean' esatetik 'salba dadila ahal duena' esatera igaro gara; hilabete batzuetan, Txema, hilabete batzuetan», esan dit. Eta adibide bat jarri dit. Joan den astean auzoko osasun zentroan gertatu zitzaion pasadizoa: «Paper bat hartzera joan nintzen. Bi langile zeuden jendeari erantzuten. Biak okupatuta. Ilaran hiru pertsona ginen. Langileetako batek, libre geratu ostean, telefonoa hartu zuen. Jo ta su ari zen aparailua. Bada, nire atzean zegoen mutilari ez zitzaion buruan sartzen. Hasperenka hasi zen. 'Ez dago eskubiderik. Gu hemen zain eta berak ezer egin gabe', esan eta esan ari zen. Ohartarazi nion langilea telefonoz ari zela. Berdin zitzaion, marmarka jarraitu zuen. Erakusmahaira hurbiltzean langileari entzun nion telefonoz bestaldean zegoenari hauxe esaten: 'bai, anderea, oso urduri gaude denok, bai zuek, baita gu ere. Pazientzia pixka bat izan behar dugu, zuri ere txertatzeko ordua ailegatuko zaizu eta'. Nire atzekoak sakelakoari begira jarraitzen zuen, bekozko, muturtuta. 'Halaxe gaude, Txema; halaxe, lehenengo ni, gero ni eta beti ni. Nola salbatuko gara horrela?'».

Memoria gero eta azalekoagoa dugu. Seguru asko teknologia berriek eta sare sozialetatik jasotzen dugun mezu zaparrada ikaragarri horrek zerikusirik izango duela gertatzen ari zaigun honekin. Dorisek, behintzat, horrela uste du: «Egunero sakelakotik jasotzen dituzun hamarnaka mezu, bideo, audio, bulo, txiste, albiste eta sasi-albiste horietatik, zenbat gelditzen zaizkizu buruan egunaren amaieran, zenbat?», galdetu dit. Zuri gelditu naiz. Ez dakidala erantzun diot, ez baitut inoiz halako ariketa mentalik egin. Berak baja eman du sare sozial guztietan: «Seme-alaben watxapa bakarrik mantentzen dut. Beste guztiak pikutara. Hemendik aurrera nik aukeratuko dut zer nahi dudan irakurri, non informatu eta non agertu nahi dudan». Doris kokoteraino dago eta ez da bakarra.

Pandemiak aldatu egin gaitu. Aldatu egin gara. Gure onena eta txarrena ateratzen ari da orain. Psikologo guztiak bat datoz esatean pandemiak giza harremanetan ere izan duela eragina: begiratzeko modua, hurbiltzeko manera, hitz egiteko forma. Uzkurragoak gara orain. Ez dakit nola eta noiz berreskuratuko dugun kuadrillaren tenore hori, herri-bazkariak, kontzertuak, festak...

Konfinamenduaren lehen hilabeteetan, etxetik atera ezin ginenean eta gure bizitzetan arnasa hartzeko modu bakarra balkoiak zirenean, ezkutuan, oharkabean, gauza asko gertatu ziren. Celia Blanco kazetariak hiru urte pasatxo daramatza Contigo dentro irratsaioa egiten Ser irratian, igande gauetan. Bere ustez, «oraindik epilogorik ez duen zientzia fikziozko kapitulu bat bizitzen ari gara. Guk erabaki beharko dugu nola amaitu nahi dugun gibel-solas hori, bakarrik edo lagunduta. Ez dago atzera bueltarik».

Pandemiak gure larrua jotzeko moduak ere aldatu ditu. Kasu askotan libidoa joan egin zaigu, eta beste batzuetan areagotu. Konfinamenduan denoi noizbait maindireak aurpegian lehertu zaizkigu. Hasierako hilabeteetan lehen osasun-eskakizuna zen sexurik ez izatea gurekin bizi ez zen pertsona batekin. Celia Blancoren ustez, horrek «min handia ekarri zuen: konfinamenduan abusatu eta abandonatutako adingabeen kopurua handitu egin zen. Eta emakume askorentzat atsekabea itzela izan da banaketa planteatu ezin izatea; ez konfinamenduan, ez geroago». Zer esanik ez konfinamenduan sexu-indarkeria pairatu duten emakumeen kasuan. Nola salatu etxe berean, 24 orduz, zurekin bizi den erasotzailea?

Konfinamenduak bikote asko urrundu, bereizi eta hautsi ditu. Baina beste asko ere sortu ditu. Era guztietako fenomenoak eman izan dira. Esaterako, ezkontzaz kanpoko topaketak eta emakumeek kudeatzen duten Gleeden plataformak gorakada nabarmena izan zuen konfinamenduaren lehen hilabeteetan. Bere konexioak eta mezu bidalketak %160 igo ziren. Bestetik, produktu erotikoen salmentak ere disparatu egin dira konfinamenduan; ez soilik klitori-xurgatzaileak, baita masturbatzaile maskulinoak ere. Garaiak aldatzen ari dira. Hondamendi unibertsalaren atarian bageunde bezala jarduten ari garela dirudi.

Pasierako amaierara iristen ari gara eta Doris bat dator azken gogoeta horrekin: «Batzuentzat balkoi eta leihoetara azaltzea, armairutik irtetea bezalakoa izan da. Askapen bat. Bost axola zaie beren intimitatea. Dena erakusten digute. Nire etxe parean dudan bikoteari errezelak ixtea ahaztu egiten zaie. A zelako festa ematen diguten asteartero bazkalostean! Hasieran emakumeak errepaso ederra ematen dio gizonaren zurtoinari, gero gizonak krabelina zukutzen dio suabe-suabe, eta, amaitzeko, uztarketa siderala!». Aitortzaren gordinak gorritu nau. Ez nuen Dorisen fazeta kuxkuxero, begiluze eta voyeur hori ezagutzen. Nik uste Dorisen irudimena ikusmenaz harago doala. Bai, garbi dago pandemiak aldatu gaituela. Onerako eta txarrerako. Dorisek, aurreko pasieran, ozpindua eman zuen ibilbide osoa. Gaur gatzetik goxora joan da. Eskerrak.

«Mundua hondatzen ari da eta gu maitemindu egiten gara», esan zion Elsak Ricki Casablancan. Ez dakit maitemina, sexu-grina edo gogo falta den, baina pandemia gure logelaraino sartu da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.