Tere Maldonado.

Zuhurtziaz

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun

Munduak (hau da, publizitateak) ausartak, beldurgabeak, adoretsuak eta kementsuak izatera bultzatzen gaitu etengabe, «emaiozu baimena zeure buruari» hau edo bestea egiteko eta antzeko esloganekin bonbardatzen gaituzte egun eta gau. Testuinguru horretan, zuhurtasunera (edo, gutxienez, egoera batzuetan zuhurtziaren beharrari buruzko gogoeta gutxieneko batera) dei egiteak ez du arrakastarako aukera handirik. Baina bost axola eta aurrera noa, ni neu ausarta.

 

Aristotelesek bertute intelektualen artean kokatzen zuen phronesis izenekoa, ez bertute etikoekin batera. Pierre Aubenque Aristotelesen espezialista handiak zioen filosofo mazedoniarrarentzat zuhurtzia bertute guztien sintesia zela: zentzumen ona da, ekintzaren neurriaren eta aukeraren trebetasuna. Esan bezala, ez dago modan arriskuaren gizartean.

Hala ere, batzuetan, gerta liteke zerbait egiteko eskubidea izatea, baina zuhurtziaren ikuspegitik komenigarria ez izatea. Horren inguruko eztabaida bat egiteke dugu FeministAlden, nerabeen ama batzuen esperientziaren harira. Susma daitekeenez, ama eta aita horiek (halakorik dagoenean) garrantzi handia ematen diote beren seme-alabak, baina oso bereziki alabak, askatasun-giroan eta beren eskubideez jabetuta hazteari. Amek, eta ama ez izan arren neska nerabe edo gazteekin harremana dugunok (dela adiskidetasuna, lana edo familia) horrela ikusten dugu. Denbora luzez ibili gara borroka feministan hori argi edukitzeko.

Baina hona datoz trabak. Izan ere, alabak gauez nahi duen ordura arte irteteko eskubidea du, eta, adin batetik aurrera, gainera, etxera bakarrik eta mozkortuta itzuli ahal izan beharko luke, baina hori argi edukitzeak ez du auzia agortzen. Ez al diogu esango neska gazteari kontuz ibiltzeko ere, zuhurra izateko ere? Nire ustez, eskubideez gain zuhurtzia ere aipatu behar diogu, kasu bakoitzera egokituz (ez da gauza bera herri txiki bat, hiri handi bat, auzo batzuk eta besteak, zuria edo beltza izatea...). Heziketaren oinarrian askatasunarekin batera zuhurtzia egon behar da, modu batean edo bestean. Nolako heziketa izango litzateke, bestela? Munduarekiko ez egokitzapen akritikoa, ezta erabateko arbuioa ere: hezkuntzan oreka aurkitu behar dugu akastuna den mundu batera moldatzearen eta hura hobetzeko tentsioaren artean.

Zuhurtzia ez da eskubideak izatearekin nahasten, ez ditu eskubideak ezabatzen, ezta kuestionatzen ere. Beste plano batean jarduten du. Aristotelesek bertute intelektualen artean kokatzen zuenean, kalkulu-gaitasunari lotzen zion. Izan ere, ekintzaren unean uneko zirkunstantzia zehatzak neurtzearekin du zerikusia, printzipio abstraktu eta gorpuzgabeen betetze zurrunetik urrun. Dena ez da arrazoia edo eskubidea izatera mugatzen.

Behin edo behin esan da Kataluniako independentistek procés deiturikoan izan duten iraunkortasunak eta temak Espainiako eskuin eta nazionalismo gehiago ekarriko zituela (Kataluniara eta Estatu Espainolera orokorrean). Duela hilabete batzuk ikusi nuen Twitterren Jule Goikoetxeak, arrazoi osoz, etxera itzultzean eraso egiten dioten neskaren kasuarekin alderatu zuela iritzi hori («minigona janzten duzue eta gero gertatzen dena gertatzen da» edo antzeko zerbait idatzi zuen). Procés-ak eskuin muturra ekarriko duela esatea neskaren kontrako erasoa minigonari leporatzea bezala da; erasoaren justifikazioa, azken finean. Eta hori onartezina da. Izan ere, ez minigona, ez mozkorra, ez ordua, ez ingurua, ez da hori erasoaren arrazoia, motiboa, kausa. Erasoa, gizakiaren ekintza den aldetik, erasotzaileari baino ezin zaio egotzi. Bereak dira errua eta erantzun beharra. Ezin da hori zalantzan jarri. Baina hori ez da dena. Nik, aurreko lerroetan, parekatu ditut nolabait arrazoiak, motiboak eta kausak, baina ez dira berdindu behar. Aristoteles, berriro, oso fina izan zen kausa motak bereiztean; bere analisian kausa formala, materiala, eraginkorra eta azkena bereizi zituen. Inguruabar guztiak ez dira modu berean gertatzen egitate baten kausa gisa.

Politika, eskubideak aldarrikatzeaz gain, egintzen ondorioen kalkulua ere bada. Kasu honetan, Max Weber soziologoa izan zen konbikzioaren eta ondorioen (edo erantzukizunaren) etika bereizi zituena. Lehenengoa, Fiat iustitia et pereat mundus leloarekin laburbiltzen da. Kant hemen koka dezakegu, emaitzetan baino gehiago intentzioan, borondate onean jartzen baitzuen enfasia. Printzipioetan. Etika mota horri zera leporatu zaio, infernurako bidea asmo onez harriztatuta egotea. Printzipioak beharrezkoak dira etikan zein politikan. Baina kontuz ibiltzen ez bagara, printzipismo arriskutsuan eror gaitezke, gure ekintzen ondorioei jaramonik egin gabe. Aldi berean, bakarrik ondorioak azpimarratzeak kalkulatzaile huts bihurtzen gaitu, inork izan nahi ez duen zerbait, edo, hobeto esanda, inork izatea onartzen ez duena. Politikagintzan, zer da estrategia, kalkulua baino? Estrategiarik gabeko politikagintzarik egon al daiteke? Badirudi ezetz. Eta printzipioak egon behar al dira politikan? Badirudi baietz, ondorioekiko ardurarekin orekatuta.

Badakit gaiak deribatu eta ertz asko dituela, eta ezin da artikulu baten lerroetan argitu (eta are gutxiago txio batean). Feministok beti jakin izan dugu aurrerapen feministek kontrako erreakzioa sortzen dutela (eskuin muturraren gorakada procés-ari leporatzeaz gain, azken urteetako aurrerapen feministen eta mobilizazioetan izandako arrakasten erreakzio gisa ere uler daiteke). Baina horrek ez du ezabatzen gaia eztabaidatu beharra.

Neska nerabe guztien ama, izeba, amama eta lagun feministek borrokan jarraituko dugu denok, eurak eta geu, bakarrik eta mozkortuta etxera itzuli ahal izateko. Baina eskerrak hori egiteko orduan, geure buruak eta lagunek, mozkorraldia gorabehera, bizi garen mundua nolakoa den ulertzeko eta ohartzeko aukera emango digutela. Mundua aldatzen ari gara, eta eraldatze prozesuan badago ere, oraindik, den modukoa da. (Horrez gain, mundua aldatzeak ez du esan nahi pertsonok aingeru bihurtuko garenik, baina, tira, oraingoan ez gara giza naturaren auzian sartuko, beste ikuspegi horretatik ere zuhurtzia iker daitekeen arren). Horregatik, hainbat arlotan, kontuz eta tentuz ibiltzea merezi du. Horrela ez egitearen ondorioak oso larriak izan daitezkeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.