elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ixo!

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Futbol entrenatzaile bat meditazioa eta isiltasuna aldarrikatzen, tonu humanistikoan. Harri eta zur geratu naiz ETBko albistegian bere hitzak entzutean. Antonio Iriondo du izena gizon horrek, El Ruso, gaitzizenez; horren zergatia Botxoko umorea erabiliz azaldu du: «Mosku izena duen Bilboko auzoan» jaio zela. Gurasoak 36ko gerrako umeak zituen. Rayo Majadahondako entrenatzailea omen da, eta, erreportariak adierazi duen bezala, ez da batere konbentzionala gertatzen futbolaren munduan. Badu meritua Antonio Iriondok, kutsadura akustiko handienetarikoa eragiten duen kirolaren barrutik isiltasuna aldarrikatzean.

Oier Aranzabalek —Iker Treviñoren laguntzaz— zuzendu duen Margolaria dokumental ederrean, musika eta kantua eta horien sorkuntza prozesua dira gidari, baina hasieran eta bukaeran isiltasunari buruzko hausnarketa poetikoa egiten du Mikel Urdangarinek, sortzaileak abiapuntua isiltasunean daukala iradokiz.

«Tenorea iristen denean, musika oro geratu egin behar izaten da, eta erabateko isiltasuna entzun. Adi-adi. Batez ere iristen den hori guztia zarata baldin bada, musika baino gehiago. Dena geratu egin behar izaten da supituan, berriro ganoraz entzuten hasi nahi baldin bada». Hasier Etxeberriari lapurtu diot pasartea; Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuko hitzaurrearen hasiera da. Testuingurutik atera dut, nolabait, isiltasunaren aipamen hori; gogora ekarriz, bide batez, duela bi urte igaro zela Hasier erabateko isiltasunera.

Heriotzarekin, hutsarekin eta gauarekin lotzen dugu isiltasuna, isiltasun beltza, umetan —eta baita geroago ere— ikara sortzen digun hori. Gizakion bizitzako partitura negar batekin hasten da eta azken arnas-hotsarekin amaitzen. Tartean, hitzak, barreak, negar-zotinak, zaratak, oihuak, abestiak eta... isiluneak tartekatzen ditugu paper pautatuan.

Badira isiltasun komenentziazkoak; Xabier Letek Sehaska-kantan haurrari ohartarazten dionekoa, adibidez: «Haunditzen zeranean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio dun». Hortik urrutiratu gabe, badira isiltasun hierarkikoak, langileak ugazabaren aurrean gordetzen duena, adibidez. Badira isiltasun inposatuak, botere politiko eta erlijiosoak zentsuraren bidez ezarritakoak, aski ezagunak gure historia hurbilean; azkenekoak, Hauteskunde Batzordea Kataluniako erakundeei eta hedabideei jartzen ari den debekuak. Eta badira isiltasun baztertzaileak, nekez entzun eta motel mintzatzen den adindua mututzen duena, edo generoaren araberakoak, besteak beste.

Isiltasunak desafinatu egiten du batzuetan, Fado bat abestian Fran Lasuenek dioen bezala, Angeles Navarro Guzman poetaren hitzak hartuz: «Noizbehinka isiltasunak ere desafinatzen du». Hala ere, isiltasunaren esperientzia ezinbestekoa du gizakiak berebaitan sartu eta bere buruaren eta bizitzaren kontzientzia hartzeko.

David Le Breton antropologo frantziarrak Du Silence liburuan (gaztelaniaz El silencio, aproximaciones), isiltasunaren alderdi guztiak miatzen ditu. Ikuspegi kaleidoskopikoa da berea, psikologiatik espiritualitateraino, politikatik eta soziologiatik pasatuta. Isiltasuna, hitza eta elkarrizketa daude joko-zelaian. Kontua da hitza eta isiltasuna elkar egokitzea, elkarrizketaren mesedetan. Le Bretonen proposamena elkarrizketaren etika bat adostea da: «non enuntziatu bakoitzak erantzun bat eskatzen duen; baieztapen orok, eutsiko dion argudioa; eta elkarrizketak, elkarren arteko deliberazioa».

Isiltasunak baditu bere paradoxak gaurko munduan. «Isiltasunak, ikuspegi produktibo eta komertzialetik begiratuta, ez du ezertarako balio», dio antropologoak. Merkatuak, ordea, eman dio buelta egitate horri. Le Bretonek berak dioen bezala, azken urte hauetan isiltasunaren aukera komertziala deskubritu du turismoaren industriak, eta, ondorioz, isiltasuna ikur duen merkatu-nitxoa ustiatzen dabil. Isiltasuna, burtsan kotizatzeko balore bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.