elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kontuak kitatzearren

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Dagoeneko ez dakit bereizten zenbateraino zor diodan Obabako iruditeria Fernando Bernuesek zuzendutako filmari, eta zenbateraino Soinujolearen semea nobelaren behialako irakurketari. Seguru asko gainjarri egin zaizkio pelikulako Alaska hotela, eskola eta joskintzako tailerra, duela hamasei urte, Bernardo Atxagaren obra leitu nuenean, eraikitako munduari. Dakidana da papereko Teresa, Lubis, Ubanbe eta Iruaingo gainerakoak berdin egin zaizkidala sinesgarriak filmean, eta hori ez da beti gertatzen literaturako lan bat zinemara eramaten denean.

Pelikulak liburura itzularazi nau Triku, Ramuntxo eta Etxeberriaren aitorpenen bila. Izan ere, lausotuta neuzkan ETAkide izandako hiru pertsonaia horien kontakizunak, obraren baitan gako direnak. Amnesia horri esplikazio bat ematekotan, barrundatzen dut 2003an balizkoegiak gertatu ote zitzaizkidan aitorpen horiek, errealitatetik urrutikoak. Eta, ziurrenik, mingarriegia zitzaidan orduan traizioa-ren inguruko dantza. Gaur egun, ETA desegin osteko garaiotan, egiantzekotasun erabatekoa aurkitzen diet konfesio horiei. Areago, gure historia hurbilean arakatzeko pista funtsezkoak ematen dituztela iruditzen zait.

«Ramuntxok, Etxeberriak eta hirurok, talde iraultzaile bateko burkideek, poliziak asmatutako gezur eta esamesetan asfixiatuta bukatu genuen; ez bonba batek zirtzilatuta edo tiro batek lurrera botata». Hori Trikuren bertsioa. Etxeberriak kontatzen du nola eragin zuen berak poliziaren eskuetan erortzea, eta zein testuingurutan: «Urte hartan, 1976an, ez zegoen organizazioa uzteko ate normalik». Ramuntxok ordaindu zuen, ordea, traizioa: «(kartzelako) kolektiboak erorketaren errua egotzi eta traidoretzat hartu baininduen. Komunatik espulsatu eta ostrazismora kondenatu ninduten». Epikarik gabeko diskurtsoa da, osotara, hiruena. Post-ETAren abagune honetan bide bat zabaltzen duena, 70eko hamarkadan gazte eta borrokalari izan zen belaunaldiak —berandu baino lehen— bere jardunbidearen azterketa egin dezan, ikuspegi militarista alde batera utzi eta traizioa letra etzanezko traizio bihurtuta.

Triku, Ramuntxo eta Etxeberriaren garaiko beste gertakizun bati heldu dio Victor Cabacok zuzendutako Vitoria 3 de marzo pelikulak. Kez betetako filma da, eta ez, preseski, orduan erretzen ziren zigarro eta puruengatik bakarrik, baita poliziaren ke-pote eta gainerako armengatik ere. Beldur pixka bat nion gidoian txertatu duten maitasun istorioari, baina onartu behar dut etekin ona atera diotela gertakari haietan protagonista —eta aurkari— izan ziren giza taldeak karakterizatu eta lotzeko: langileak, ikasleak, emakumeak eta militante ezkertiarrak batetik; enpresariak, erregimeneko agintariak eta polizia bestetik; kazetariak, askotan bezala, erdian.

Irudiaren aldetik, bikain daude uztartuta 1976ko grabazio ²kolorgetuak eta gaur egungo fikziozkoak. Soinu banda oso indartsu batek eusten dio tentsioari, eta horren barruan, Zaramagako eliza hustutzera joan ziren polizien irrati bidezko elkarrizketek dena esaten dute; ezin topatu kontalari hoberik. Amaieran, Lluis Llachen Campanades a mort iristen denerako, arnasari eta malkoei- eutsi ezinik dago ikuslea.

Soinujolearen semearen kasuan bezala, film honek balio diezaioke 70eko belaunaldiari kontuak kitatzeko ariketan. Epaitegietako justiziaren eremutik ez bada ere —bost hildako eta ehundik gora zauritu eragin zuen sarraskiaren erantzulerik ez dute sekulan bilatu—, bai behintzat gizartearen aintzatespena jasotzeko. Baita orduko indar herritarhura zein estolderiatan barrena galdu zen hausnartzeko ere.

PD: Gauza baten falta sumatu dut Vitoria 3 de marzo pelikulan: Gasteiz kokatzea. Berdin-berdin izan zitekeen Burgos edo Zaragoza. Vitoria da filmeko hiria, eta ez Gasteiz: euskaltasunaren inolako arrastorik ez. Horretan galdu egiten du bere liburu senidearekiko, Juan Ibarrondo gidoigilearen Recuerdos de marzo kontakizun nobelatuarekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.