Iñigo Martinez de Albornoz. Eskiatzailea

«Atseden pixka bat eskatzen dit gorputzak»

EUSKAL MENDI FEDERAZIOA.
Unai Ugartemendia.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Probari behar bezala ekin ez arren, Euskal Herriko Txapelketa irabaztea lortu du Iñigo Martinez de Albornozek (Donostia, 1996). Bera zen faborito.

Zer gertatu zitzaizun lasterketa hasterako?

Hasi berri baten ezusteko bat izan nuen. ARVA [elur-jausien biktimak bilatzeko aparatua] gainean ez neramala konturatu nintzen. Beroketa lanak eginak nituen, eta irteerara iritsi nintzenean konturatu nintzen. Bat aurkitu nuen, baina ordurako ia hiru minutu inguru ziren irteera emana zutela. Horrez gain, eskien larruak ere ez nituen onenak eraman. Lehen bi igoerak haiekin egin nituen, eta izugarri nekatu nintzen.

Lasterketa bera nola egin zenuen?

Ahal izan nuen moduan eskiatzaileak aurreratuz joan nintzen gutxinaka. Horrelako hutsegiteak oso garesti ordaintzen diramaila handiko eskiatzaileekin. Guztia eman nuen, eta, azkenean, lortu nuen bosgarren amaitzea lasterketa. Lortutako postuarekin Euskal Herriko txapeldun izatea lortu nuen.

Zuen ibilbidea oso teknikoa zela aipatu zuten. Zuri ere hala iruditu al zitzaizun?

Bai, ikaragarri. Oso-oso zorrotzazen ibilbidea. Uste dut antolatzaileek ere ez zutela horrelakorik espero. Hala ere, kontuan hartu behar da egun asko direla elurrik egin gabe, eta lurzorua oso gogorra dagoela. Egunez elurra urtuz doa, eta gaueko hotzak elurra izozten du. Gainera, jaitsiera denak iparraldetik egin zituzten, eta oso gogorrak izan ziren. Kontu handiz ibili beharra zegoen minik ez hartzeko.

Zuretzat ibilbide egokia zen?

Bai, jaitsierak gehienbat. Hala ere, ez ziren denbora tarte handiak ateratzeko moduko jaitsierak, eta inork ez zuen bere burua arriskuan jarri nahi. Onena zera izan da: minik hartu gabe amaitu dugula lasterketa.

Euskal Herriko txapeldun izateko faborito nagusia zinen. Helburua beteta, lasaitua hartu duzu?

Banekien Axier Alonsorekin eta Gartzen Elejabarrietarekinjokatu beharko nuela txapela. Gartzenek ere arazo batzuk izan zituen ibilbidean zehar, eta,azkenean, biak aurreratzeko aukera izan dut. Gustura amaitu dut.

Zer moduz Munduko Kopa?

Oso ondo. Banakakoetan eta bertikaletan asko hobetu dut azkenaldian, eta orain arte jokatu dudan esprint bakarrean bosgarren amaitu dut. Pena izan zen Munduko Kopako lehen probara ezin joan izatea.

Goranzko ibilbidea egiten ari zara denboraldi honetan. Baina sasoia hartzea kostatu zitzaizun Zer dela eta?

Ikasketengatik, oso gutxi ibili nintzen irailean eta urrian. Azaro amaieran jada martxa hartzen hasi nintzen, eta gutxinaka goraka noa. Geroztik, hobekuntza handia izan dut lasterketa luzeetan, eta esprintean hor aurrean jarraitzen dut. Maila izugarri igo da aurten. Erokeria da Munduko Kopako maila. Adibide bat: iaz eta aurten Andorran denbora bera egin dut, baina iaz hamabigarren postuan amaitu nuen, eta aurten, 30. izan naiz. Jendea asko ari da espezializatzen. Pentsa zer-nolako maila dagoen orain!

Espainiako Txapelketei begira nola zaude?

Esprint modalitatean irabazi nahi dut, eta ibilbide luzean eta bertikalean podiumean sartzeko erronka dut.

Aipatu zenuen lan handia egin beharko zenuela Europako txapelketetan egoteko.

Bai, nahiz eta orain nekatu xamar nagoen. Bosgarren asteburua izan dut jarraian lehiatzen, eta oraindik ere datorren astean Andorran lehiatzea tokatzen zait. Gorputzak atseden txiki bat eskatzen dit hurrengo Espainiako txapelketak ondo prestatzeko.

Helburu zehatzik baduzu Europako txapelketetarako?

Alemaniako Munduko Kopako proba pozik amaitu nuen. Podiuma ez nuela oso urruti ikusi nuen. Finalean bi akats egin nituen, eta Munduko Kopan ezin da hutsegiterik egin. Izugarria izango zen esprintean domina bat lortzea. Ibilbide luzea, berriz, ez da nire gustukoena, oso bertikala delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.