Reala 0-1 Valentzia

Zorte gutxi eta jokoan hutsal

Realak galdu egin du Valentziaren aurka, jokoan eskas arituta. Netok penalti bat gelditu dio Willian Joseri bigarren zatian

Sandro Realekoaren eta Vezo Valentziakoaren arteko liskarra, atzoko partidako azken minutuetan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Gameiro (36. min).Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Realeko Zubeldia, Sandro, eta Aritz; eta Valentziako Lato, Vezo, Cheryshev, Neto eta Paulista. Bestelakoak. 23.577 ikusle Anoetan.

Etxean irabazi ezinik jarraitzen du Realak. Ligako hiru partida jokatu dituzte txuri-urdinek Anoeta eraberrituan, eta partida bat berdindu eta bi galdu dituzte bertan. Valentziaren aurka galdu zuen atzo. Maldan gora hasi zitzaion partida Realari, eta ezinean aritu zen partidak iraundako 93 minutuetan.

Astearteko partidatik aldaketa ugari egin zituen Asier Garitanok, baina taldeak ez zuen nahi bezala funtzionatu. Atepean egon zen berrikuntzarik nagusietako bat; azken asteetan zeresana eman duen Geronimo Rulli aulkian utzi zuen entrenatzaile bergararrak, eta haren lekuan Miguel Angel Moya aritu zen atezain. Espainiarrak sasoiko lehen partida jokatu zuen.

Halaber, hamaikakora itzuli zen Raul Navas ere, eta zelai erdian hasieratik aritu ziren Asier Illarramendi eta David Zurutuza. Willian Josek ere izan zuen tokia eskema horretan, eta hura izan zen Realaren erasoko erreferentzia. Guztira bost aldaketa egin zituen Garitanok.

Alabaina, bergararraren asmoek ez zuten luzaroan iraun. Lehen minutuetan hobeto aritu zen Reala, baina gidoia goitik behera aldatu zitzaion denbora gutxian. Ordu laurdena bete zenerako jaso zuten donostiarrek lehendabiziko kolpea; Mikel Merinok talka egin zuen Gabriel Paulistarekin, eta nafarrak ezin izan zuen zelaian jarraitu. Ruben Pardok hartu zuen haren lekua.

Realak bi aukera izan zituen, baina pixkanaka Valentzia zelai erdian nagusitzen hasi zen. Hala iritsi zen partidako gol bakarra; ezker hegaletik erasora jo zuten bisitariek, eta Cherysheven erdiraketa sarera bidali zuen Gameirok. Golaren ostean erreakzioaren bila jo zuen Realak, eta orduan sortu zuen partidako arrisku apurra. Aritz Elustondok buruz egindako erremate bat izan zen txuri-urdinen lehen zatiko aukerarik garbiena. Realak baloiaren jabetza handiagoa izan zuen partidan zehar, baina jokoan nagusi izan zen Valentzia, eta horrek erabaki zuen partida.

Lehen zatiaren hondarrean min hartu zuen Joseba Zalduak, eta jokaldi horren ostean iritsi zen atsedenaldia. Itzuleran, Sandro Ramirez sartu zen donostiarraren ordez. Min hartuta egon da jokalari espainiarra, eta atzo egin zuen debuta txuri-urdinekin. Hura izan zen Realaren jokoa apur bat bizitu zuena; gogotsu zelairatu zen, eta astun zihoan partida itxuraldatzeko prest agertu zen. Ez zuen lortu.

Arrisku gutxi sortu zuen Garitanoren taldeak, eta aukerak izan zituenean ez zituen aprobetxatu. Hala gertatu zen bigarren zatiaren erdialdean ere; Pardok eta Willian Josek jokaldi ona osatu zuten, eta errioxarra lurrera bota zuen Latok. Penaltia adierazi zuen epaileak, baina Neto atezainak oinekin aldendu zuen Willian Joseren jaurtiketa. Azken minutuetan eroso aritu zen Valentzia. Gol gehiago sartzeko aukera izan zuen, baina Moyak erantzun ona eman zien aurkarien jaurtiketei. Etsita amaitu zuen Realak, eta Sandrok azken unean izandako ika-mika izan zen horren adierazgarri. Nahiaren eta ezinaren irudia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.