Alaves 3-0 Valladolid

Etxean, dena da zoriona

Alavesek ez dio aukerarik eman Valladolidi Mendizorrotzan. Hautsi egin du lehenik, eta eutsi gero. Lucasek gola sartu du berriz

Alaveseko jokalariak Tomas Pina zoriontzen, erdilariak bigarren gola sartu berritan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Joseluk (26. min.). 2-0: Pinak (32. min.). 3-0: Lucas Perezek, penaltiz (75. min.).Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Alavese Laguardiari, Manu Garciari eta Luis Riojari; eta Valladolideko Fede Barbari, Ruben Alcarazi eta Pedro Porrori. Bestelakoak. 16.148 ikusle Mendizorrotzan.

Alavesentzat dena da ederra Mendizorrotzan. Behar duen guztia topatzen du zaleen babespean: sendotasuna, golak eta, batik bat, garaipenak. Atzo denboraldiko laugarrena lortu zuen, Valladoliden kontra. Gasteizetik urrun puntu bakarra pilatu duenez, derrigorrezkoa du etxean hirunaka batzea. Bada, atzo, irabazi ez ezik, gozatu ederra ere hartu zuen. Nagusi izan zen ia norgehiagoka osoan, eta emaitzak ondo islatzen du zelaian izan zuen nagusitasuna: 3-0. Vila-realen eta Osasunaren zelaietan alde handiz galdu ostean, atzo arabarrei egokitu zitzaien borreroaren jantzia janztea. Lucas Perez izan zen Valladolid zigortu zuen jokalarietako bat, eta, hala, bere markarik onena berdindu du, azken zazpi lehiatan beste horrenbeste gol sartuta.

Etxeko ohiko irudia erakutsi zuen Alavesek: sendo, bizi eta eraginkor jardun zuen. Partidari neurria hartu zion lehen hamar minutuetan, eta, hortik aurrera, goitik behera gailendu zitzaion Valladolidi. Lehen zatia gasteiztarren bakarrizketa izan zen. Baloia azkar batean lapurtu zuten, eta, gero, min handia egin trantsizio azkarrekin. Sakonak eta zorrotzak izan ziren hegaletan, eta arean asko eta ongi errematatu zuten. Laguardiak bidali zuen lehen abisua, korner batean burukada langara bidalita (19. min). Ez zen beste oharpenik izan: hurrengo aukera sareetara bidali zuen Joseluk, 26. minutuan. Vidalek eta Martinek jokaldi ederra ehundu zuten eskuin hegalean, eta aurrelariak jarri zion ginga, ezkerrez eginiko jaurtiketa neurtuarekin.

Valladolid ezinean aritu zen. Erraztasun guztiak eman zizkion Alavesi, bai erasoan, bai defentsan. Kasurako, bigarren gola oparitu egin zioten etxeko taldeari (31. min). Inongo arriskurik ez zuen erdiraketa batean, baloiak bi aldiz egin zion ihes eskuetatik Masipi, eta Pinak ez zion hutsa barkatu. Espainiarrek iratzartzeko saiakera herabeak egin zituzten atsedenera iritsi aurretik, baina ez zituzten arabarrak apur bat ere artegatu. Hala, neurketa ia poltsikoan zutela joan ziren aldageletara Asier Garitanorenak.

Kanpokoek apur bat estutu zituzten bigarren zatiaren hastapenean, Sandrok 49. minutuan izan zuen aukerarekin batez ere. Aurrelariak Pacheco gainditu zuen, baina atetik urrundu zen, eta atezainarekin egin zuen topo azkenean. Hortik aurrera, adi ibili zen Alaves, eta ez zion beste aukerarik eman Valladolidi. Itzali egin zuen espainiarren grina, eta 75. minutuan norgehiagoka behin betiko itxi: Alcarazek penalti garbia egin zion Duarteri, eta Lucas Perezek maisuki gainditu zuen Masip. Galiziarraren bolada ikusgarriak ez du amaierarik. Atzo, taldeko jokalaririk onena izan zen, Joselu eta Laguardiarekin batera.

Azken txanpan, gol gehiago sartzeko aukerak izan zituen Alavesek, Burke eta Manuren eskutik; aitzitik, markagailua ez zen gehiago mugitu. Festa ez zuen beste gol batek biribildu, Burguiren itzulerak baizik. Hegalekoa zortzi hilabetez egon da zelaietatik urrun, belauneko lesio baten ondorioz, eta hondarreko minutuak jokatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.