elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Urte zoroak

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Itxura sinpatikoa zeukan urteak: bi ahate ilaran, eta haietako bakoitzak atzetik segika baloi bana. Barraketan egoten den —ala zen?— jokoaren antza, uretan dabiltzan plastikozko ahatetxoak harrapatu behar dituzunekoa. Ingelesek urteen izenak esan ohi dituzten modurako ere oso aproposa da aurtengoa: hogei hogei. 2020a, ordea, ez da batere inuxentea gertatzen ari.

Mende bat atzera eginez, hogeiko urte zoriontsuak edo urte zoroak dauzkagu. Topikora jota, charleston dantza egiten duten emakume gona motzak ikusiko ditugu, ilea ere labur, à la garçonne, zigarro luzeak erretzen, Art Déco estilora atondutako barruetan. Edo emakume horiek beraiek hondartzetan —Biarritzen eta Donostian, urrutirago joan gabe— behingoz besoak eta hankak bistan uzten dituzten bainujantziekin. Hogeigarren mendeko hogeiko hamarkadak modernitatea ekarri zuen estetika orokorrera. Abangoardiak gauzatu ziren arte guztietan.

Aurreko aldiak, XIX. mendearen bukaerako Belle Epoque-k, izenari darionxarma zeukan, bainuetxeetako saloietan-eta baltsak dantzatzen, esaterako. Tira, hemen, herritarrek dantza sueltoan egiten zuten, fandangoa eta arin-arina. Plaza bete jende, emakumezkoak ugariago gizonezkoak baino, gona luzeak borobilean puztuta, jira eta buelta, txistularien konpasean. Hala ageri da gure amaren aldeko amona sepia koloreko argazkian. Belle Epoque-a desmitifikatu zitzaidan gure amona izango zenak, udaldian, Donostiako hotel batean neskame gisa lan egiten zuela jabetu nintzenean.

Hogeiko urte zoro alaiak, berriz, ozpindu egin zitzaizkidan jakin nuenean aitaren aldeko aitonak isuna ordaindu behar izan zuela seme zaharrena eskolara ez bidaltzeagatik; udaldian hori ere, baserriko belar bilketan familiako esku guztiak —handiak eta txikiak— behar zirenean. Primo de Riveraren diktadura zen (1923-1930) baserritar pobreei eskulana eta dirua lapurtzen ziena.

2120an —edo zenbakien jolasarekin segiz, 2121ean— nola begiratuko ote dute gure argazki saldoa? Nola imajinatuko ote dute ehun urte lehenagoko jendea? Zer sentituko ote dute arbasoekiko: errukia, lotsa? Harrotasuna, enbidia? Ala amorrua, agian, barkaziorik gabeko arduragabe izateagatik?

Lehen Mundu Gerraren eta gripe espainiarra deitu zuten pandemiaren ondoren etorri ziren joan den mendeko urte zoroak. Orain, birusa apur bat baretu orduko, urbi et orbi hasi dira zabaltzen kontsumorako gonbitak. Iragan astean mise en scène mediatikoena izan da Alemaniatik Mallorcara joan den turista taldearena. Espedizio baten ezaugarriak ezarri dizkiote gertakariari: hemen doaz post-pandemian lurralde hura zapalduko duten lehen emakume eta gizon ausartak, probarako lehen akuri boluntarioak. Haiekin batera hogei hedabidetako kazetariak, bidaiarien esperientzia kontatzeko. Uler bedi, publizitateko erreportaje mozorrotuak egiteko. Edo ez hain mozorrotuak, turistak ekarri dituen tour-operatzaileko ordezkariak harro esan baitu «sekulako operazio publizitarioa» dela.

Turismoaren eta ostalaritzaren alboan, automozioaren sektorea dabil amua botatzen erasokor. Kasu honetan, gainera, administrazio publikoekin elkarlan estuan, Renove planen bitartez. Ekonomia suspertzeko modu bakarra kontsumismoa areagotzea dela uste dutenek ez dute asko ikasi izurritetik.

Haientzat, seguru asko, geldoegi joan da itxialdia, eta probetxurik gabe, bistan denez. Beste batzuentzat, bere txarrean, onuragarri gertatu da: «Niretzat oso inportantea izan da denbora gelditzea; terapia bat izan da». (Aizpea Goenaga, BERRIA, 2020-06-16). Eta horrela, inpentsan, iritsi gara 2020aren erdira, udako solstiziora. Pena suak ezin piztu ahal izatea, zaharberritzearen erritua ezin bete ahal izatea. Hala ere, beti geratuko zaigu sanjoan goizean ihintzetan oinutsik ibiltzea. Eta sanjoan zortzikoa entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.