IRITZIA

Inork ez espero, denok behar

Aurtengo Berlinaleko Urrezko Hartza jaso duen Adina Pintilieren <em>Touch me not</em> filmaren fotograma bat.
Aurtengo Berlinaleko Urrezko Hartza jaso duen Adina Pintilieren Touch me not filmaren fotograma bat. BERRIA

Begoña del Teso - Zinema kritikaria

2018ko otsailak 28
Jo eta su dihardute oraindik ere aurtengo Berlingo zinema festaren kontra. Jo eta su, Errumaniako emakume zuzendari fina den Adina Pintiliek jasotako Urrezko Hartzaren besarkadaren aurka, burrunbatsu. Oker dira. Espero ez baina behar genuen zinema ikusi dugu Grosse Koalitioneko Berlin arras erakargarri honetan.

Touch me not filmak irabazi zuen joan den igandean bukatu zen 68. Berlinale. Kontrako jarrera sutsuan diren kritikariek, irain gisa, behin eta berriro aipatu dituzte new age bizi filosofia musikatua eta autolaguntzarako balio duten liburuak. Oso irain baldarrak dira, nik uste, eta, pelikula behar den bezala ikusi eta geureganatu dugunontzat bereziki, errazak, alferrikakoak eta debaldekoak. Izotzezkoa dirudien arren sutan den lan horrek bere buruari galdetzen dio sexua zer den eta zertan datzan; sexua nola, sexua norena, sexua zertarako. Guri ere galdetzen digu, eta azpimarratzen gure ardura dela erantzuna aurkitzea. Eta agian, jakina, ez da erantzun zuzenik izango. Baliteke horrekin mindu izana horren kontra diren horiek. Berlindik sariz betea joan den zinemagile hasiberri horrek ez die eman ez espero, ez nahi zutena.

Urtero —eta zinemaldi guztietan— legez, baina, sariak bost... Wes Anderson jaun fantastikoak jaso zuena salbu. Aurreneko animaziozko filma izan zuen Fantastic Mr. Fox hartatik baino haratago doan Isle of Dogs ikaragarri eder eta ausartagatik jaso du saria. Hori balentria The Grand Budapest Hotel-en egilearena, hori abilezia tradizio handiz beteriko animazioa menperatzeko.

Urtero bezala, ikurrek ez dute axola. Las herederas eta Museo filmek eskuratu dituztenak ez badira. Paraguaiko eta Mexikoko zinemek indartsu, borrokan eta sasoian eusten diotela argi eta garbi erakusten duten bi zinema puska sendo dira Marcelo Martinessiren eta Alonso Ruizpalaciosen lanak. Ederra oso emakume edadetu lesbianaren fabula gazia. Egoera ekonomikoak bultzatuta, auzoko beste andre aberatsen txoferra da emakume hori. Las herederas-ek delikatua, hauskorra ematen du, baina burdinazkoak ditu zeluloidea eta animoa. Museo-k, berriz, Mexikoko zinemaren bultzagile animosoenetarikoa du babesle nagusia: Gael Garcia Bernal. Hari esker egin ahal izan du aurrera zeluloidezko egitasmo horrek.

Garaikurrak, urtero, bost. Jakin badakigu, azken finean, Berlinaleko Sail Ofiziala beti izan dela, oraindik badela eta izango dela politikoki oso, arras, oro zuzena. Berlinen egunotan gehien entzuten eta irakurtzen zen hitza Groko zen —CDU eta SPD partiduek lortutako Koalizio Handia—, eta, egia esatera, ondo baino hobeki dagokio esamoldea zinema bilera honi, Berlinale beti agertu baita zeluloidezko Groko baten alde. Beti izango da desgaituen alde, herri menperatuen alde, emakumeen alde —nahiz eta aurten emakume zinemagileek inoiz baino hobeto erakutsi duten inoren laguntzaren beharrik ez dutela—, auskalo nongo gutxiengo baten alde. Eta berdin jokatzen dute epaimahaikideek ere... Ez baldin badira epamahaikide guztien artean libreenak, atrebituenak: egitarauko haur eta nerabeentzako Generation Sailekoak, hots! Guretzat, euskaldunontzat, zer esan franko duen Les rois mongols film quebectarra saritu zuten. Ipuin garratz baten bitartez, 1970eko hamarkadako Quebecen zer gertatzen zen kontatzen digu Luc Picardek. Zer gertatzen zen... zerekin? Hizkuntzekin, esaterako. Beti pentsatu izan dugu Kanada elebitasunaren erresuma zela. Oker geunden. Garai haietan —planeta osoa horren basa zen, izkina bakoitzean armada herritarra sortzen zen, aro hartan—, frantsesaren eta ingelesaren ofizialtasuna paperezkoa zen, jendea ez zen elebiduna inolaz ere, bi komunitateen arteko harremanik kasik ez zen, eta, pixka bat sakonduz gero, erraz ikusten dugu, orain, egoera latz horren oinarrian ekonomia zegoela: aberatsak ingeselez mintzatzen ziren; langile xumeek frantsesa zuten mintzaira. Ederki erakusten du Picardek hori guztia, ume eta gazte batzuen ametsei zein elkarrenganako konpromisoari muzin, errefus egin barik. Horrexegatik, gazteen Kristalezko Hartza jaso zuen ostiralean.

Groko, Groko, Groko. Eta AKK, AKK, AKK. Hiru letra horiek Merkelen ondorengoa izango den emakumearen izena laburbiltzen dute: Annegret Kramp-Karrenbauer. Jenerala deitzen diote dagoeneko, eta egunotako periodikuen azalak partekatu ditu Berlingo poliziaburu berriarekin. Emakumea hori ere: Margaret Kippers. Hemen ez da beharrezkoa ez Goya sarietako abaniko gorririk, ez Golden Globeetako soineko beltzik. Hemen, ekinean erakusten da emakumeon boterea. Aspalditik. Izan ere, 1933an Hitlerrek birrinduko zuen Weimar Errepublikako zinemari eskainitako atzera begirakoan, Leni Riefensthal berdingabeak egindako Das blaue Licht eskaini zuten mukuru zen Alexanderplatzen ondoko zinema batean. 1932koa da pelikula. Dolomita mendietan Grimm anaiek jasotako elezahar bat du oinarri. Une haietan ere, ez ahaztu, baziren kamera lepoan harturik mendietan gora jotzen zuten emakumeak. Ez ziren biktimak, ez, egileak, eragileak baizik.

Berlinale, 2018. Zorabio moduko bat sorrarazten dute datuek: 300.000 ikusle, 21.000 kreditatu. Hala eta guztiz ere, abegikorra da hartz ederren kobazulo epel hau, hiri hau, zinema festa hau, non espero ez genuena baina ziurrenik behar genuena jaso dugun. Ikasi dugu, esaterako, badirela herrialde batzuk tristezia darienak. Arpad Bogdanek bere Genezis-en islatzen duen Hungaria, esaterako. Ikasi dugu, baita ere, Brasilgo cinema novo hark badituela oinordeko bikainak. Frogarik nahi? Marco Reolonen eta Filipe Matzembacherren Tinta Bruta; Claudia Priscilla eta Kiko Goifmanen Bixa Travesty. Maria Ramosen O processo amorratua ahaztu barik... Ikasi dugu, erreparatu diogu, burutik sano ez izan arren —eskerrak!— oraindik kamera eta umorea ederki darabiltzaten bi egile maitatu badirela: Gus Van Sant eta Guy Maddin.

Ikasi dugu, baita ere, bagenekien zerbait: zinema eta telebista anai-arrebak direla. Cannesek ez du oraindik onartu. Donostiak eta Berlinek bai, eta leku —aproposa eta luxuzkoa— egin diete egitarauan telesailei.

Asko ikasi dugu, asko jaso Berlinale 2018ko honetan. Zinemaldiak on-line izan daitezkeela ere bai. Film sorta eder bat streaming-ez ikusi dute Berlinalera hurbiltzerik ez zuten 2.000 ikuslek, 2 euroren truke.

Berlinale 2018. Askok esan dute ez duela piperrik ere balio izan. Zinema bere maiestate eta miseria handian sumatu dugu beste milaka batzuek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna