KRITIKA. Musika

Mugarriak eta ospakizunak

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Anja Bihlmaier. Baritonoa: Manuel Walser. Egitaraua: C. Debussyren Prélude à l'après-midi d'un faune, G. Mahlerren Noragabeko adiskide baten kantak eta R. Schumannen 1. Sinfonia op. 38, Udaberria.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Maiatzaren 21a.

Fauno, ninfa edota naiadeen joan-etorriak poetizatzen dituzten eglogak Errenazimentu garaitik badatoz ere, Claude Debussyren pieza mugarritzat har genezake, ez soilik oinarri duen Stephane Mallarmeren poema sinbolismo frantsesaren gailurrean kokatzen delako, baizik eta baita erabiltzen duen forma eta hizkuntzagatik ere. XX. mendearen atarian, iraultza sakona eta isila eratzen hasten da kromatismoetan, ihesian doazen harmonietan, garatu gabeko melodia exotikoetan. Garaiko kritikarentzat «ulergaitza» eta «digeritzen zaila» zen hori orekaz bideratu zuen Euskadiko Orkestrak, flautaren fintasunari tokia utziz.

Hamarkada bat lehenago idatzi zuen Gustav Mahlerrek Noragabeko adiskide baten kantak, maitasun atsekabetuaren eredu eta emaitza. Hitzak eta prosodia bikain menderatu arren, Manuel Walser baritono suitzarraren ahotsa txongil baten barrutik zetorrela zirudien; izan ere, pasarte askotan zailtasunak zituen neurriz ari zen orkestraren gainetik proiektatzeko. Hala, Mahlerren abesti sortan azaleratzen diren emozioak lausotu egin ziren: gori-gorian dagoen labanak eragindako oinazearen aurrean sorgor, bi begi urdinen dirdira ikusezin, erromantikoek goretsitako naturaren zirrarak mutu.

Erromantizismoan murgildurik, Felix Mendelssohnen batutapean eman zen lehen aldiz Robert Schumannen 1. Sinfonia, 1841an. Ostiralean, 180 urte geroago, loratu egin ziren Kursaalean udaberria, zuzendaria eta orkestra. Anja Bihlmaierrek ñabardurak atera zizkion sekzio bakoitzari keinu malgu baina tinkoz. Lehen mugimenduan, energiaz esnatu zuen urtaroa metalen fanfarriak, eta eztitu egin zuten amaiera hariek. Larghetto-ak egun epelen haize leuna ekarri zuen, esaldiak beti aurrera, tronpen parte-hartze nabarmenarekin. Scherzo-a erritmo indartsuz garatu zen. Bukaerako Allegro animato e grazioso-an Schumannen hitzei men egin zien orkestrak, aldi berean udaberria ospatu eta agurtzeko zeregina energiaz betez. Izan urtaroak, izan alegiazko gizakiak, akaso berreskuratu beharko genuke natura ospatzeko ohitura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.