Donostiako. 82. Musika Hamabostaldia. Kritika. Musika

Bi dimentsiotan

Seldom Sene flauta boskoteko kideak, artxiboko irudi batean. SARAH WIJZENBEEK.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Seldom Sene

Flautak: Stephanie Brandt, Ruth Dyson, Hester Groenleer, Eva Lio, Maria Martinez. Egitaraua:Contraviento: A. Nasopoulou,F. Caldini, M. Kaser, F. Ibarrondo,S. Sieg eta P. Leenhoutsen obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak.Eguna: Abuztuak 7.

Haizearen kontra aritu ziren Seldom Sene taldeko bost kideak Musika Garaikideko Zikloaren bigarren emanaldian. Talde moldakorra, aurreko egunean J. S. Bachen Goldberg bariazioak interpretatu baitzituzten Antzinako Musika Zikloan. Larunbatean, beraientzat berariaz idatzitako obraz osatutako programa aurkeztu zuten Kursaaleko areto batean, sarrera salmenta onarekin. Estilo eskaintza askotarikoa izan arren —minimalismo klasikoa landu zuten batzuetan; antzinako musikan inspiratu ziren besteetan—, kontzertu estatikoa izan zen oro har, soilik bi dimentsiotan eraikita balego bezala.

Aspasia Nasopoulouren Lelia doura (2012) obrarekin ireki zuten emanaldia. Erdi Aroko kantiga batean oinarrituta dago, hitzak musika bihurtuz. Flauten kolore ñabardurak eta ehundura desberdinak atzematen laguntzen duen obra da, bizia eta sotila. Hala suertatu zen Fulvio Caldiniren Clockwork toccata op. 68/C (2000) ere, motiboen lanketa eta kateamenduaz sampler batek eragin dezakeen efektua gogora ekartzen zuena. Konpositore italiarraren Due corali op. 79/C (2006) ere entzun ahal izan zen; bost ahotsetara idatzitako koral egitura ohikoa du, eta kontzertuaren estatismoari batu zitzaion, esaldiak tarteka zalantzan ebatziz.

Mischa Kaserren Dupuytren (1991) harrigarria izan zen. Izen bereko gaixotasunean inspiratuta dago: eskua guztiz irekitzea ekiditen duen kontraktura bortitza da. Fasziak behatzak estutzen dituen bezala, erritmoak pieza estutzen du; hasperen agonikoak nahi eta ezinaren borrokaren garrasi eta lekuko bihurtzen dira. Horren ondoan, Soren Siegen Mathongo amnadi 24. suite afrikarrak (2018) ia inozoa zirudien. Erritmo afrikarren zein jazz musikaren eragina jaso eta ametsen gai usatua agertzen da, fantasia zapal batean bezala.

Felix Ibarrondoren Au-delà obraren erabateko estreinaldia—hau ere Musika Hamabostaldiaren enkargua— programaren erdian aurkeztu zuten. Forma erakargarria izan bazuen ere, lerroa, nonbait, zaharkituta zegoela zirudien, garai-ez-kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.