Ion Celestino.
LAUHAZKA

'Euskal diggin'

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aurrekoan Lakastaren mezua sega-pototik. Irrintzi dorrean zaharberritze lanak bukatzear, oraindik han diren diskoak norabait eraman behar eta. Aurretik galbahea pasatu nahi ote dudan. Intereseko zerbait bazait, hartzeko. Erantzuna: intereseko deus gabe ere (ez dut uste), disko kaxa zahar batzuetan murgil egitea baino denbora galtze goxoagorik ez dut irudikatzen ahal.

Honatx zerrenda-ez-osoa-baina-arrazoitu-samarra. Ezagunak-ezezagunak-ezagutu beharrekoak. Inork zerbaiten beharra badu, grabatzeko lana hartu eta mp3-an edo pasatuko:

'Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa 1986' IZ.258. Ezagun denez (?), 1986ko txapelketa hamarkadako une historiko gorenetakoa da. Teknikaria, Kaki Arkarazo. Aski arrazoi niretako.

OSKORRI. 'Badok hamairu' ELK 305 - LP.1994ko udan gurasoek gure Opel Midia Asun eta Anjelen Renault Expressaren truke. Hango bi zinta gogoan, Mike Oldfielden Tubular Bells II —interesa sortu zidan dena berak jotzen omen zuelako, baina zeharo aspergarria musika— eta hauxe. Gurean klasiko bihurtu zen kantuetako bakoitza. Urteak joanda, gure etxeko kontutzat nuen disko honekiko fanatismoa. Poz handia: gazteek ere estimu handitan dute. Zorzanok eta Rodrigok kasu.

'Xoxoa osoa 80' X -11.159 LP. Sekula ez dut honen berririk izan. Xoxoaren bilduma bat, 1980koa? Bertan bildurik urte horretako grabazio nabarmen batzuk: Artola, Laboa, Itoiz, Eizmendi, Ordorika, Oskorri, Izukaitz, Akelarre: erantzunezina.

'Club du Disque Basque.Kantuz Nº1' XPART 39.900/901 - 10 eta 'Kantuz Nº 2' XPART 44.087/088 - 10. Marie Hirigoien eta Pantxix Bidarti ikasia Ximun Haranek egindako grabazio mitikoak diskoan bazirela, baina ez da erraz hauek topatzen. Hemen argitaratutako hotsak benetako fundazioa dira. Ez naiz besteek zer egin behar duzuen asko esatekoa, baina aditu: behar morala da hau ezagutzea. Ibon, hau irakurtzen ari bazara, aurretik etxean nuen Nº2-aren kopia zuretzat.

JOTAKIE. 'Joxemai beltza” 0-178 LP. Argiñarenak egindako elkarrizketa batean Toño Murok aipatu eta entzun beharrekoen zerrenda batean idatzia nuen izenburua... gaur arte. Gauzak zer diren, irratiari esker garbituko da zor hau.

AMAIA ZUBIRIA ETA PASCAL GAIGNE. 'Egun argi hartan' ELK-97LP. Gure haurtzaroan Amaia «izeba Marijorekin Zumintza ile apaindegian lan egin izandako neska» zen. Haizearen diskoa buruz genekien. Kredituak irakurri eta Michel Doneda ere bertan. Pello Lizarralderen hitzak dituen kantu bat. Ezagutzen ez dudan Anne Menta pianista ere bertan. Aski arrazoi niretzat.

'Etxahun eta Etxahun' IZ135 -D - LP. Amaia Zubiria, Beñat Axiari, Imanol Larzabal, Niko Etxart eta Shanti Jimenez elkarrekin... oraindik ere Urria, Klabelin Komik eta Haizea taldeak lanean ari zirela. Zer fantasia da hau, eta zergatik ez didazue abisatu? Nire buruaren lotsa.

LAJA ETA LANDAKANDA. 'Pepe Yanciren omenez' IZ-233 LP. Astebete lehenago Iker Uriarterekin hizketan Pepe Yanciren gaineko neure ezezagutzaz ohartu. Hemen hau konpontzeko aukera. Arazo nagusia: sealed, mint copy bat dela; esan nahi da zabaldu gabe dagoela. 35 urte joanda ireki behar ote...

Bistan denez, une honetarako Stendalkadatik hurbil nintzen, eta Irrintzi dorreko hamahiru solairuen gorenekoan behea jotzear nintzen. Esan nahi dut arnasa falta nuela.

URKO. 'Sakonki maitet zaitut Euskal Herria' NLX 1.066 LP. Gehienok abestu dugu gurasoek, irakasleek ala ikaskideek erakutsita Guk euskaraz. Behin ere kantu originala entzun gabe. Horixe da benetan kantu popular bat herriari oparitzea. Eta hala ere, Madrilgo estudio batean grabaturik orkestra eta koruak dituen honetan ba ote da horretatik landa zer edo zer gehiago? Etxera bueltan jarriko dudan lehena: hau, erabakita.

SAKRE. 'Bizitzako gauzak' ELK 37- LP. MoisesNoDuermeri esker ezagutua. Berak whoSampledi esker: Action Bronsonen Telemundo izeneko beat batean Bakardadea kantuaren lagin bat dago. Bueltan datorkit zeinen menostua dugun 1980ko hamarkada hasierako euskarazko prog-rock oldea. Guk usaindu ere ez ditugunak, Queenseko albaniar jatorriko musulmanek erabiliak.

ERROBI.'Errobi' ELK-15-LP, 'Gure lekukotasuna' ELK-27-LP eta 'Ametsaren bidea' X-11.109-LP. Mixel Ducauk jotzen du. Aski arrazoi.

AITOR BADIOLA.ELK-30 LP. Azal hagitz deigarria. Zer ote den arrastorik ere ez. Euskal diggin kode oinarrizkoak: ELKAR hitzaren ondoren 52, Pannecau karrika badator, ia ziur goi mailako lan bat dela, bai kantuen aldetik bai instrumentazioaren aldetik. Are gehiago horren azpian Milafrankako studio H.M. izena badakar. Hau horrela. Kito.

1960ko basamortua eta oasi zenbait, 1970eko kantautoreak eta 1980ko rocka: oraindik ere onartuegi dugun sinplifikazio inozoa da. Agian hortik ateratzeko berandu. Baina groove-aren arkeologo xume hau ez duzue hor ikusiko. Diskoek beste gauza asko kontatzen digute, entzun nahi izanez gero.

Honela 200 disko ingurura iritsi arte. Aspaldiko diggin ederrena. Lehenago, «biniloa galtzear zenez» horrelako aukerak baziren usu. Baina honek gaina hartu die: irudikatudiscogs bat mugarik gabeko kredituarekin.

Orain ni nauzue irratiarekin zorretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.