Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Zaldibar, ilunetik argira

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldi kultural bat antolatu du Zaldibarko luiziaren lehen urteurrenaren atarian. Zenbait arlotako sortzaileak bildu dira elkartasun jaialdian.
Herritarrek Eibarko Armeria Eskola bete dute Zaldibar Argitu plataformak antolatutako ekitaldian.
Herritarrek Eibarko Armeria Eskola bete dute Zaldibar Argitu plataformak antolatutako ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2021eko urtarrilak 24 - Eibar

Ongi etorriak iluntasunera». Ozen eta argi, ekin dio aurkezle lanari Nerea Ariznabarretak. «Edo, esan beharko nuke, zer moduz iluntasunean emandako 11 hilabete hauetan?». Testuinguruan jarri du argirik bako gertakaria. Atzera begira, 2020ko otsailaren 6an zabor azpian lurperatuta geratu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen gorputzak, Zaldibarko zabortegian gertatutako luizian. Egun ilun hark itzal luzea zuen, ordea. «Edo esan beharko nuke, zer moduz iluntasunean emandako urteetan? Aspalditik datorren gaitz bat da azpijokoa, birus pandemikoa».

Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) gertatuko luiziaren urteurrenaren atarian ertz askotako ariketa bat planteatu dute Zaldibar Argituko kideek. Emaitza hogei artista inguruz osatutako elkartasun ekitaldia izan da, Eibarko Armeria Eskolan (Gipuzkoa). Ekitaldi kulturalaz gain, herri akusazioa ordaintzeko diru bilketa bat jarriko dute martxan.

Iluntasunaren aurrean, zer? Herriaren armak azaldu ditu aurkezleak: «Hemen batu gara iluntasunari argia botatzeko. Ez daukagu gaitza bukarazteko txertorik, baina badaukagu ahotsa».

Ahotsez, doinu eta errima neurtuan, egin dute ekitaldiaren lehen emanaldia Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek. Ekin dio Amurizak: «Politika ez da enpresa pribatu bat jartzea jaurlaritzan./ Eta Zaldibarren gertatu zena ez zen istripu bat izan». Lujanbio, berriz, mozorroez eta irudikeriaz: «Mendi muinoa zirudien ta hauts ta amiantoa bertan/ dena ez baita dirudiena euskal oasi honetan». Bukaera, bi ahotsetara:«Gain behera doa sistema osoa, ez da ihesik/ gain behera joango zaigu bizitza oinarria irauli ezik».

Itzuli da oholtzara aurkezlea, eta umore garratzez gidatu du emanaldia. Konfinamenduari eta koronabirusaren inguruko neurriei keinua: «Biziak bizirik mantentzeko horrenbeste neurri hartzen dituen gobernuak zergatik ez du Zaldibarren gertatutako argitzeko alfonbra azpian begiratzen? Harrotuko duen hautsak ezin arnastu geratzeko beldurrez? Gu egon ginen arnastu barik. Lehen kiratsa zerion, eta orain kiratsa dario».

Olatz Salvadorren ahotsak bete du oholtza. Etorkizun ezezagunaz aritu da. «Bizitzak eraman zaitu/ zeneraman lekuraino/zerua ez dago argi/zerua ez dago laino». Azken kantuan, Nora, txaloz jarraitu dio publikoak. Bestelako ahots batek hartu du Salvadorren lekukoa: Pettik. Musikari beratarra hasiera eta amaierarik gabeko gurpil zoroaz: «Zer izan zen lehenago, errua edo arrautza?».

Oholtza gainean ez, azpian agertu dira hurrengo gonbidatuak. Mattin Etxebeste, Antton Fernandez, Aritz Salamanca, Udane Eskudero eta Aiora Etxebeste dantzariek gorputz mugimenduekin salatu du Zaldibarko luizia. Poltsa urdina, zaborrez beteta. Dantzariak oin puntetan urrats bat besteari segika. Gora doa tentsioa, musika, mugimenduen indarra. Eztanda. Apurtu da zorroa, zaborra eusten zuen bilgarria. Zabor azpian lurperatuta geratu dira dantzarien gorputzak, ilunetan eta isilpean.

Liher taldearen txanda izan da ondoren; horiek ere kantuz jarri dute aletxoa. Sismografoa eta lurrikara kantua gogoz jarraitu dute ikusleek, Lide Hernandoren ahotsa txaloz lagunduz.

Emanaldien artean Ariznabarretak hartu du hitza. Gertakariei umore zorrotz eta ironikoz heldu die tarteka: «Iñaki Arriola naiz. Zaborrarena nola konponduko dudan azaltzera etorri naiz: lehenago, porlana; eta, ondoren, porlana. Eta, gero, errepide bat aterako da Urko puntaraino, eta bertatik Anboto puntaraino zuzenean, eta gero saihesbidea egingo dugu AHTarekin konektatzeko». Umorea salaketa tresna gisa.

Hurrengo gonbidatuak itzal luzea daukala jakina zen, eta ikusleen artean nabaritu da miresmena. Gorka Urbizu musikariak Katamalo taldearen Min hau eta Iruntzi dana erreskatatu ditu memoriaren ganbaratik. «Zabaldu ahoa/ iruntzi dana/berbarik egin ez dagizun/ ukatuko dizut bizia». Beltran eta Soroluzeri, hain justu, bizitza ukatu zieten.

Urbizuren ondoren, hiru emakumek bete dute oholtza: Miren Narbaiza (Mice), Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Zaloa Urain. Paquita la del Barrioren Rata de dos patas abestia gogoz jaso du publikoak, eta ekitaldiaren unerik beroenetariko bat izan da. Zaldibar Argitu aldarrikapenaren abestia bihurtu den Zaborrezko munstroa abestu dute ondoren.

Bestelako sortzaileak

Oholtzan gora eta behera ibili diren artistez gain, Jone Bengoa Sastraka ilustratzaileak horma irudi bat egin du ekitaldian zehar, eta Gorka Belaskok, berriz, kronika grafikoa. Nerea Ibarzabalek eta Eneko Sagardoyk irakurraldia egin dute, gertakaria gogoratuz, eta herriaren indarrari erreparatuz: «Agian bagara lur zati egonkor xamar bat, eta prest gaude elkarri eusteko». Indar horren erakusle, Zaldibar Argituko kideek itxi dute ekitaldia. Jokin Bergarak hartu du hitza: «Orain badakigu milioien eta arrain handien atzean beti egongo dela Zaldibar bat, euren zaborrak alfonbra azpian gordetzeko zulo ikusezin bat. Ez diezaiegun utzi». Ilunetik argira bidea urratu nahian dabiltza.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea, 'Mantangorri'-ren superposterra gehigarrirako egindako argazkian. / ©Maialen Andres, Foku

«Lanak bozgorailu handi bat eman dit»

Ane Insausti Barandiaran

BERRIAren Mantangorri gehigarriak Itziar Ituñori argiataratutako elkarrizketa argitaratu du gaur. Horrekin batera, superpostarra argitaratu da papereko edizioan.

Martxelo Otamendi, Irati Azkue, Felipe Uriarte, Joseba Barandiaran, Asier Goñi eta Aitor Esteban, Martin Ugalde kultur parkean, sari banaketan. ©JON URBE / FOKU

Sei zangorekin, eta hiru eskutara

Enekoitz Telleria Sarriegi

Joseba Barandiaran, Aitor Esteban eta Asier Goñik irabazi dute BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean bizikletaz egindako bidaia kontatu dute.
 ©TXAKUR GORRIA

'Burnout': erreak kiskaltzen duenean

Enekoitz Telleria Sarriegi

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, lanarekin lotutako gaixotasun gisa onartu du neke profesionalaren sindromea —'burnout' edo erreta dagoen langilearena—. Zerk eragiten du? Lan baldintza kaskarrek, eta antolakuntza eta komunikaziorik ezak. Zer eragiten du? Estres kronikoa, autoestimu falta eta lanarekiko atxikimendurik eza. Zer uzten du agerian? Enpresek eta erakundeek ez dutela interesik arazo psikosozialetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.