ATZEKOZ AURRERA

Kirol egokitua ikusarazteko

'Prest gaude!' erakusketa aurkeztu du Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak. Okendo kultur etxean egongo da, urriaren 29ra arte, eta ondoren, ibiltaria izango da.

Donostiako Okendo kultur etxean dago Prest gaude erakusketa, urriaren 29ra arte. MAIALEN ANDRES / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Gelako lurra harrizkoa da, ez da laua, eta mugitzeko zailtasunak izan ditzakete elbarritasunen bat duten pertsonek. «Eraiki zenean bezala dago, gela historikoa da, eta bitxia da erakusketa hau zailtasun gehien dituen kultur etxeko gelan egotea», azaldu du Amaia Almirall, Okendo kultur etxeko zuzendariak. Prest gaude! erakusketaren aurkezpena da, eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak (GKEF) prestatu du, kirola gizarteratze tresna bat izan daitekeela adierazteko. Ostiralean aurkeztu zuten, eta urriaren 29ra arte egongo da Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai. Datorren urtean, berriz, Gipuzkoako beste hainbat herritara eraman nahi dute erakusketa.

Jendea sentsibilizatzea da erakusketaren xedeetako bat, Blanca Aranguren GKEFko zuzendariaren arabera: «Desgaitasunen eta kirolaren inguruan sentsibilizatu nahi du erakusketak, desgaitasunen bat duen edozein pertsonak kirola egiteko orduan aurkitu ditzakeen oztopoak identifikatuz». KirolBarrerak izeneko kanpainaren barruko bigarren egitasmoa da erakusketa.

Federazioaren leloarekin bat egiten du erakusketak: «Desberdintasunak ikusarazten, aukerak sortuz». 2002an sortu zuten, jarduera fisiko egokitua eta inklusiboa sustatzeko. 29 kirol elkartek osatzen dute gaur egun, etakirol modalitate ugari lantzen dituzte.

Datuz eta informazioz beteta dago gela; Gipuzkoako herritarren ia %10ek dute desgaitasunen bat. Herritarren zati handi batek dituen zailtasunez mintzo da, beraz.

Zailtasun horiek ikusaraztearen garrantzia nabarmendu du Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak. «Askotan ez gara konturatzen populazioaren parte batek oztopoak dituela bere eguneroko bizitza erraztasunez egiteko. Horrez gain, gogoratu du kirolean ongizate fisiko, mental eta soziala lantzen dela.

Kirolerako tresnak, bistan

Kontzeptu eta datuetatik harago, ordea, kirol egokitua egiteko beharrezko tresna eta elementuak ere erdigunean jarri dituzte erakusketan. Adibidez, esku bizikleta bat dago gelaren erdian, eskuekin bizikletan ibiltzeko gailua. Alboan, berriz, bainatu ahal izateko gurpil aulki bat dauka. Mahai baten gainean, goalballeko baloiak daude, barruan txintxarriak dituzten baloiak, hain zuzen. Futbolaren antzeko kirola da, eta ikusi gabe, entzunez darabilte kirolariek baloia.

Tresna horiek ikusaraziz, kirolaz gozatu ahal izateko baliabide eta laguntza ekonomikoak behar direla ere nabarmendu nahi dute, bainurako aulki horietako batek, adibidez, milaka euro balio ditzakeelako. Gainera, beti ez dute erraza izaten iritsi nahi duten lekura iristea,irisgarritasuna bermatuta ez dagoelako.

Ezezagunak diren kirolak ezagutarazteko ere balioko du erakusketak. Boccia izeneko kirolaren azalpen krokis bat jarri dute lurrean, adibidez. Petankaren antzeko kirola da boccia, eta kontzentrazio eta zehaztasun handia izatea eskatzen du. Boccian aritzen da Amagoia Arrieta jokalari debarra. Arrieta Hong Kongen aritu da berriki, Paralinpiar Jokoetan.

Erakusketako horma zurian etengabe proiektatzen duten bideo batean ageri da Arrieta, beste hainbat kirolarirekin batera. Esate baterako, Irati Idiakez snowboard egokituko kirolaria, Alex Prior gurpil aulkiko eskrimalaria, eta Beñat Lizaso gurpil aulkiko pilotaria agertzen dira harekin batera. «Kirol barrerak» idatzia duen kamiseta bat jantzita daukate guztiek, eta errotuladore laranja batekin markatzen dute barrerak hitza, oztopo guztiak gainditzeko prest daudela nabarmentzeko.

Hain zuzen, zailtasun horiek alboratu, eta aukerak aprobetxatu dituzte, Itziar Igartua Gipuzkoako Kutxa Solidarioko zuzendariak goraipatu bezala: «Barrera zerbait itxia balitz bezala uler daiteke, gaitasunik gabe uzten zaituena, baina baita moldagarri edo eraldatzailea den zerbait balitz bezala ere, ezberdinen arteko elkarrekintza bultzatzen duena».

Hezkuntzaren garrantzia

Heztea da erakusketaren beste helburu bat, Arangurenen arabera: «Hizkuntza inklusiboa bultzatzeko, hitzek garrantzi handia dutelako». Hain zuzen, desgaitasunen bat duten pertsonei buruz hitz egiteko terminologia egokia zein den azaltzen du besteinformazio panel batek. «Aniztasun funtzionala duen pertsona» edo «urritasun egoeran dagoen pertsona» terminoak lehenetsi behar dira, eta gaixoa, atzeratua, edo ezgaia hitzen modukoak alboratu.

Gaiari buruz gehiago sakondu ahal izateko, irailaren 30ean kirol egokitu inklusiboari buruzko hitzaldi bat antolatu dute, Okendo kultur etxean bertan, Kiroleko barrerak ezabatuz lelopean. Urriaren 1ean, berriz, sentsibilizazio eguna antolatu dute, bertako gaztelekuaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.