ATZEKOZ AURRERA

Auzo bizi baten erakusgarri

Jende anitz atera da karrikara Iruñeko Alde Zaharraren Eguna ospatzera. Gizarte eragileek auzolanean antolatzen dute jarduna, eta haien lana karrikan ezagutarazteko baliatzen dute.

Gizarte eragileak karrikara atera ziren; irudian, Eguzki irratiko ataria. I. Z. / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Klixk. Auzo baten argazkia. Horixe izaten da Iruñeko Alde Zaharraren Eguna. Literalki ere bai: atzo, 13:30ean, udaletxeko erlojuko ezkilak jo bezain laster, auzoko bizilagun eta gizarte eragileek hartu zuten Udaletxe plaza. Parean egurrezko eskailera txiki bat zuten, argazkilaria igo zedin. Han goitik, denek «Alde Zahar» oihua ahotan zutela, betiko izoztu zuen unea. Auzo bat elkarrekin, eta elkarlanean. Bi astez plazak eta fokuak bereganatu ondotik, atzo alde batera geratzeko eguna zuten alderdi politikoetako kideek. Gogoeta egiteko eguna karrikak eta protagonismoa berreskuratzeko baliatu zuten Alde Zaharreko auzokideek.

Mercaderes karrikan mahaiak eta pankartak paratu zituzten goizean. Auzoan lan egiten duten kolektiboenak ziren. Informazio orriak, afixak eta saltzeko materiala zituzten denek. Korridore bat muntatu zuten, norberaren aldarriak bestearen aldarriekin lotuz. Denak igaro ziren pasabide horretatik: joaldunak lehenbizi, dulun-dulun; musikariak eta dantzariak gero, ohiko errepertorioekin, eta erraldoiak, atzetik jende eta aulkitxo erreka baten emaria zekartela. Hautagai batzuk ere itzulika ibili ziren, noski.

«Iruñeko Alde Zaharra ez da soilik parte zaharra, hemen auzo bat bizi da, eta hori erakutsi nahi dugu», azaldu zuen Oihana Idoatek. Besta antolatzeko lanetan aritu zen, beste auzokide batzuekin batera. «Gaur jai giroan ariko gara, baina eragile bakoitzak bere lana egiten du urte osoan, eta hori ikusarazteko balio digu egunak». Auzokide gisa, ohartarazpen bat egin zuen: «Festa gustatzen zaigu, baina mugak jarri behar zaizkio». Izan ere, jarduera gehienak auzo horretan antolatu ohi dira, eta, horregatik, kexu dira auzokideak, baita gehiegizko zaratarengatik ere. Alde horretatik, bestaren egitaraua goizez eta arratsaldez antolatu zuten. «Gainera, geroz eta gehiago dira aste tartez antolatzen diren jarduerak». Aurretik, aste osoan hamaika ekitaldi egon baitziren Alde Zaharreko zenbait lekutan.

Askotariko taldeak ziren Mercaderes karrikan alborik albo, mahaien atzean paratuta. Zuberoa Uhalde zen horietako bat, Haritu etxebizitza sindikatu eta elikagai bankuko kidea. Alde Zaharrean antolatutako taldea izanda, ez zuten parte hartzeko zalantzarik izan: «Garrantzitsua da gainerako kolektiboekin elkarlanean aritzea, eta gure borroka ikusarazteko modu bat da». Batzuk bildu ziren Haritu zer zen edo zer lan egiten duen jakin nahian. Giro onean egin zuten txanda: «Polita da gure artean festa egitea, harremanak sortzen direlako, eta bileretatik kanpo elkarrekin egotea garrantzitsua delako».

Terraza Mercaderesen

Parean zituzten Laba sareko kideak, kamisetak, katiluak eta bazkidetza paperak agerian. «Ikusgarritasun» bila atera ziren Gazteluko plazako lokaletik karrikara, eta auzoko beste eragileekin «espazioa partekatzeko», Iratxe Legarra kideak azaldu zuenez. «Jendearekin hitz egiteko eta auzoko eguna ospatzeko gogoa genuen». Mahaiaren aurrean gelditzen zirenen ahotan galdera bat izan zen nagusi: «Zuek zarete terrazarenak, ezta?». Asko izan ziren auziaz kezkatu zirenak. Jarraian babes mezuak, eta baten batek sosa ere eman zien.

Mahaien aurretik musika eta dantza taldeak pasatu ziren. Tartean, Iruña Taldekoak. Lesakako (Nafarroa) eta Eltziegoko (Araba) dantzak eskaini zituzten, irribarrea ahotan. «Oso egun polita da, eta berezia, aurtengo hirugarren emanaldia dugulako», esan zuen Itsaso Erro taldekideak. «Jende berri asko dugu, eta aukera polita izan da guziek dantzatzeko».

Gainerako karriketan ere jende anitz izan zen, eta musika, eta dantzak, eta giro ona. Auzo baten irudi alaia eskaini zuten, elkarlanean aritzen dena. Modu horretan, bestelako gogoeta plazaratu zuten hausnarketa egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.