LAUHAZKA

Bukatu dira oporrak

Iñigo Urkulluk irailaren hasieran txiokatutako irudia.
Iñigo Urkulluk irailaren hasieran txiokatutako irudia. BERRIA

Xabier Gantzarain Etxaniz -

2018ko irailak 30
Abuztuaren 20an atera zen Iñigo Urkullu lehendakaria lanera itzuli zela esatera, eta zuri oporrak bukatu zaizkizula akordaraztera, bide batez. Twitter bidez bota zuen argazkia, ez, bi argazki. Euskarazko txioarekin, sarrerako atea pasa eta pauso seguruarekin barrura datorren gizon lasaiaren argazkia, barrutik aterata: banator; hizkuntzaren aldetik begiratuta, EAEko edozein «kaixo, egun on» protokolozkoa bezalakoxea, gero espainolez hasteko. Benetako argazkia, lana, lana eta lana, espainolezko txioarekin.

Txioari kasu egitera, Lehendakaritzako bulegoa da argazkian ikusten dena. Argazkiaren erdian gizon heldua lanean, ilea urdintzen hasia, kolorea bai baina azala ez beltzegi, polo zuria lepoko botoiak askatuta paparreko biloak ikusteko lain, esku artean paperak, ezkerreko eskumuturrean erlojua, eskuineko eskuan boligrafoa, oharrak hartu, hitzarmenak sinatu, zernahi izenpetzeko. Egurrezko mahai zabal iluna alderik alde, tableta gizonaren eskuinean, ezkerrean telefonoa, eta mahai gainean paperak, paper asko, lan asko, baina dena oso txukun, oso lan txukuna, dena ondo ordenatuta, ondo pertsona ordenatua. Atzean, bi ertzetan pareta okrea, eta erdian sinboloak: ikurrina distiratsua eta koadro handi bat.

Zeren sinboloa da ordea koadroa?

Ez al da odolik gabeko ikurrina bat?

Lorategi baten freskotasuna udako beroan, arnasa pixka bat hirian, itzalaren ederra eguzki erreak galipota irakiten jartzen duenean. Eta hantxe, ikurrinaren eta lehendakariaren artean, gizon bat itzalean, zutik, ikusleari bizkarra emanda, zelatan, jagole, edo besterik gabe egonean. Eta koadroaren erditik ezker aldera, gorputzen keinuengatik ikuslearengana datozela ematen duten jendeak. Eta jendearen eta lehendakariaren artean beste figura bat, gizona dirudiena, badoana, urruntzen ari dena, ikusleari bizkarra emanda. Baina denak ere jende arina, airea, arimak, mamuak akaso. Lausoak dituzte ingeradak, landaretzarekin nahasian, landura dira.

Klasiko bat da lehendakaria oporretatik lanera itzuli dela irudikatzea, lan plantak egiten jartzea argazkirako, eta horrekin albistea osatzea, eta ematea, izan zuzenean eta bere izenean sare sozialen bitartez, edo izan zuzenean eta interes orokorraren izenean telebista publikoaren bitartez. Eta diru publikoz ondo hornitutako hedabide pribatuetan. Bidenabar esanda, hain langileak izateko, ez dakit zein konplexu klase daukaten jeltzaleek lanarekin, beti ari dira lanean, beti ari dira lanaz, Ibarretxek hauteskundeak irabazi zituen gauean ere biharamunean goizeko zortzietan lanera joan behar zuela, eta genuela, akordarazi zigun.

Orain arte ikusi gabea nintzen koadro hau lehendakariaren bizkarra zaintzen. Bulegoa berrituko zuen, pentsatu nuen lehendabizi. Edo bulego bat baino gehiago izango ditu agian... Jesus Mari Lazkanoren koadroa ikustea neukan gogoan, paisaia bat, hotza, batere jenderik gabea. Bila hasi nintzen sarean, 2015eko eta 2016ko era honetako argazkietan hura zetorren bai, eta argazkiak beste angelu batetik eginak izan arren, bulegoak bera ematen zuen. Zer dela eta beraz aldaketa, txikia izan arren, batere jenderik gabeko koadro hotz batetik jende lausoa lorategian erakusten duen beste koadro hotz samar batera, aldaketa hain gutxi gustatzen zaion alderdi bateko lehendakariaren bulegoan?

Hasieran, zalantza egin nuen: Bixente Ameztoiren koadro bat lehendakariaren bulegoan? Ez, ez da Ameztoi… Mari Puri Herrero akaso? Galdera egin nion lagunari. Erantzuna berehala: Mari Puri Herreroren Albia koadroa duk, Bilboko Arte Ederren museoaren bildumakoa, 2002an erosia. Eta bioi sortu zitzaigun galdera automatikoki: eta zer egiten du lehendakariaren bulegoan?

Nola zen hura, Maravillas Gaztetxeari egotzi ziotena, «ondare publikoaren erabilera pribatua»?

Albia, beraz. Sabin Etxea, Gotzaitegiaren zahar etxea, Justizia Jauregia… hortxe gelditzen da euskal presoei bisitan doazenak hartzen dituen autobusa ere. Ez da urruti Kafe Antzokia. Zeren sinboloa da Albia? Galdera sortu zitzaidan gero: zer ote zen artistarentzat Albia, eta zer ote da Albia lehendakariarentzat.

2012an Sabino Arana Fundazioak saria eman zion Mari Puri Herrerori, bere bizi osoko ibilbide artistikoagatik, baina batez ere Marijaia sortu zuelako, eta Bilboko jaiak ezagutarazten lagundu zuelako hala. Elkarrizketa egin zion artistari euskonewsek 2009an, eta galdera ere bai:

« Zer diozu Marijaiari buruz, nola sortu zen ideia?

«Ba ez dakit oso ondo. Ez naiz festazalea, nahiko aspergarria naiz eta ez dut dibertsioa gehiegi maite. Baina 70eko hamarkada paregabean Bilboko jai-batzordeko jendea ezagutu nuen eta sekretuan eskatu zidaten batzordeak jaiei oparituko zion pertsonaia sortzea. Hori besterik ez zen izan, baina jendeak dibertsioa atsegin duenez, ba inork espero ez bazuen ere hor gelditu da».

Zertarako egiten du lana artistak, eta zertarako erabiltzen du botereak bere obra?

Wikipediak dioenez, Espainiako Senatuak Mari Puri Herreroren mihise bat aukeratu zuen Felipe Borboikoaren eta Letizia Ortizen ezkontza-opari instituzionala izateko. Ez dut aurkitu zein den koadroa, zer ageri den...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna