Antton Valverde. Musikaria

«Beti egon naiz erosoago bigarren planoan»

Aita margolaria izan arren, izeben bideari jarraitzea aukeratu zuen Valverdek, eta pintzelaren ordez pianoa hartu. Urteetan Xabier Leteren oholtzakide fidela izan zen, eta hura gabe jotzen eta kantatzen segitzen du,«baina tarteka, eta presiorik gabe».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ez Dok Amairuren hariari segika hasi zen kantaldiak ematen Antton Valverde (Donostia, 1943), bakarka aurrena eta Oskarbi taldearekin ondoren. Nekez pentsatzen zuen orduan urte batzuk geroago Xabier Leterekin abesten hasiko zenik, eta hura hil arte ehunka kontzertu emango zituztenik. «Hasieratik sortu zen gure arteko sintonia; osagarriak ginen», nabarmendu du. Leteren itzalean, asko izan dira Valverdek euskarazko kantagintzari egindako ekarpenak. Nagusienetako bat, zalantzarik gabe, pianoa erabiltzea izan da.

2007an kaleratu zenuen azken diskoa: Hamabi amodio kanta. Zertan zabiltza orain?

Halaxe da. Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen hautaketa bat da diskoa. Argitaratu ondoren, Anjel Lertxundirekin batera Lizardiren, Lauaxetaren eta Leteren poema errezitalak egin izan ditut. Antzeko beste errezital bat prestatuko genuela hitz egin genuen, eta hasia nago horretan, baina presarik gabe. Iritsi behar denean, iritsiko da.

Sormen lan horri zenbat denbora eskaintzen diozu gaur egun?

Tarteka aritzen naiz. Beti izan da horrela, ez bainaiz oso diziplinatua. Pianoa ia egunero jotzen dut, batez ere obra klasikoak. Musika hori asko-asko gustatzen zait. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bazkide naiz, eta kontzertu guztietara joaten naiz. Asko gozatu eta ikasten dut.

Antonio Valverde margolaria aita izanda, eta etxean pinturarekiko hainbeste zaletasun egonda, nolatan aukeratu zenuen musika?

Aita saiatu zen, baina margotzen baldar xamarra naiz. Ziurrenik, ni naiz familiako ardi beltza, aitaz gain arreba Rosa eta anaia Javier ere margotzen hasi baitziren. Baina musikarekiko zaletasun handia ere bazegoen etxean. Nire bi izeba musika ikasten aritu ziren Parisen, eta bat Jesus Guridiren ikaslea ere izan zen Madrilen. Guridi hil zenean, berak hartu zuen haren katedraren ardura.

Zergatik aukeratu zenuen pianoa?

Izebak oso piano jole onak ziren, eta 6 urterekin piano bat ekarri zuten etxera. Ordutik beti jo izan dut. Pepita Iribas izeneko andre batekin hasi nintzen jotzen, eta 40 urterekin amaitu nituen ikasketak. Bitarte horretan, kantaldietan erabiltzen hasteko aukera izan nuen.

Orduko kantaldietan, ordea, ez zen ohikoa pianoa erabiltzea. Hori izan da, zure ustez, euskal kantagintzari egin diozun ekarpenik handiena?

Aitzindaria izan nintzela esan daiteke, bai horretan, baita Lauaxeta lehen planora ekartzen ere.

Kantagintza horretan, mugarri izan zen Ez Dok Amairu. Bertako kide izan ez arren, nola bizi izan zenuen haien ibilbidea eta arrakasta? Nolako eragina izan zuten zugan?

Handia. Haiek egindako Baga Biga Higa ikuskizunak asko markatu ninduen. Gerora, Beran egindako kantaldi batean ezagutu nituen. 25-26 urte izango nituen, eta bururatu zitzaidan nik ere egin nezakeela antzeko zerbait. Iñaki Beobideren eskutik disko txiki bat ateratzeko aukera izan nuen, eta hainbat lekutatik deitzen hasi ziren kantaldiak emateko. Hala, Oskarbi taldearekin kantatzen hasteko aukera sortu zitzaidan. Hiru bat urte eman nituen haiekin, oso gustura. Eskola handia izan zen. Orduan, Xabierrekin [Lete] egin nuen topo, Bergarako Osintxu auzoan egindako kantaldi batean. Harrezkero elkarrekin jotzen eta kantatzen aritu ginen, hil zen arte.

Hasieratik sortu zen zuen arteko sintonia?

Bai. Bera oiartzuarra izanik, eta ni erdi oiartzuarra, lehenagotik bagenuen elkarren berri. Baina Osintxuko kantaldi hartan biek abestu genituen Xenpelarren gisako bertsolarien bertso zaharrak. Iruditu zitzaigun jendeari asko gustatu zitzaizkiela, eta elkarrekin zerbait egiteko aukeraz hitz egiten hasi ginen. Baita egin ere. Julen eta Juan Mari Lekuonarekin batera, bertso eta kopla kantaldi bat prestatu genuen. Kantaldi hura ehunka aldiz eskaini genuen Euskal Herrian.

Sintonia hori musikaren inguruan ikuspegi antzekoa zenutelako sortu zen?

Ez musikaren inguruan bakarrik, baizik eta bizitzaz oro har. Bera ordurako oso ezaguna zen, eta ni beti saiatzen nintzen hari laguntzen, bigarren planoan egoten. Izaera kontua zen. Xabier plazagizona zen, eta berak egiten zituen aurkezpen lanak eta publikoarekiko harremana. Oso ondo, gainera. Nik asko eskertzen nion,nahiago nuelako bakarrik musikan arreta jarri. Horrekin banuen nahikoa, eta eroso sentitzen nintzen bigarren plano horretan. Beti sentitu izan naiz horrela. Pianoa aukeratzeak izan zuen zertxobait zerikusia horrekin, bigarren planoan egoten laguntzen baitit, neurri batean.

Asko sumatzen al duzu Leteren falta?

Urte batzuk pasatu dira, eta, normaltasun baten barruan, sentimenduak baretu dira. Baina hil zenean esan nuen moduan, umezurtz sentitzen naiz, bai pertsonalki, baita artistikoki ere. Azken esparru horretan, Anjel Lertxundirekin lortu dut nolabaiteko sintonia eta konplizitate hori. Gizon goxoa eta hartu-eman errazekoa da, eta oso hitz onak egiten dituena, gainera. Lizardiren, Lauaxetaren eta Leteren poemekin egindako ikuskizunean lan paregabea egin zuen.

Nolako eragina izan zenuen zuk Leteren poesian? Eta hark zure musikan?

Esango nuke nik ez nuela eragina izan haren poesian, eta berak nire musikan ezta ere. Bakoitzak bere esparruan egiten zuen lan, eta gero bateratu egiten genuen. Hori bai, besteak egindako lanetik zer genuen gustuko eta zer ez esateko konfiantza genuen. Tarteka eztabaidatxoren bat ere izaten genuen. Batez ere kantaldien iraupenagatik izaten ziren. Berak kantaldi luzeak ematea zuen gustuko; nik, berriz, motzak. Kanten zerrenda osatzen hasten ginenean, hamalaugarrenera iritsi, eta nik esaten nion: «Nahikoa diagu!». Berak, ordea, gehiago sartu nahi zituen, eta beti esaten zidan: «Zertara goazak kantaldira, kantatzera, ezta? Gehiago sartu behar ditiagu». Maiz ateratzen zen irabazten, nahiz eta temati jarriz gero nik ere kentzen nuen baten bat. Konfiantza osoz izaten genituen eztabaidak.

Nola dituzu gogoan orduko kantaldiak? Giro politikoa kontuan hartuta, bereziak izango ziren, ezta?

Gure kantaldiek helburu sozio-politiko bat zuten; hori ukaezina da. Batez ere euskara eta euskal nortasuna aldarrikatzen genituen. Baina ez ni, ezta Xabier ere, ez ginen giroa berotzekoak. Kantaldiak lasai ematea atsegin genuen. Esan behar genuena argi esanez, baina apal. Gainera, nahiago genuen hitzez baino kanten bidez esan. Hala, publikoaren aldetik giroa berotzen joaten zen, eta izaten ziren aldarrikapenak. Ohikoak izaten ziren «Gora Euskadi Askatuta!» eta «Nafarroa Euskadi da» gisako oihuak.Orduko kantaldien artean, Raimonekin batera Hondarribian emandako bat dut gogoan. Berak katalanez abestu zuen, eta guk euskaraz. Oso berezia izan zen.

Francoren zentsurak zein neurritan eragin zizuen?

Nire kasuan, hiru urte eman behar izan nuen Bizkaian abestu gabe, orduko Gobernadore Zibilak ezarritako debekuagatik. Kantaldi batean foruen bertsoak abesteagatik jarri zidan debekua.

Poesia musikatzea izan da zure ibilbide artistikoaren ardatza. Zergatik?

Niri betidanik gustatu izan zait poesia, eta, sortzeko gai izan ez naizenez, harengana gerturatzeko modu zuzenena musikatzea izan da. Asko gozatu dut lan horrekin. Lauaxeta, Lizardi eta Lete izan dira nire hiru erreferenteak. Eroso ibili naiz hirurekin, denek eman didatelako zerbait. Jendeak poeta horien lana estimatzeko balio izan badu nire lanak, ni pozik. Horixe izan baita nire helburua hasieratik.

Bakoitzaren olerki bat aukeratu beharko bazenu, zeintzuk izango lirateke?

Xabierren kasuan, denak. Bainabat esan beharko banu, Amaitu da bidaia izango litzateke. Bera hil baino zertxobait lehenago musikatu nuen. Oso hunkigarria izan zen. Lizardiren kasuan, Lau urtaroak ene begietan. Udari eta udazkenari eskainitakoak zoragarriak dira. Lauaxetaren olerkien artean, berriz, nahiz eta haren poemetan gai nagusia abertzaletasuna izan, maitasuna gaitzat duen Itauna esango nuke. Oso olerki polita eta ederra da.

Frankismoa amaituta, kantaldiak eskaintzeari utzi zenion denbora batez. Zergatik?

Giroa bero zegoen, eta jendea ezzen jaialdietara entzutera joaten. Hori dela eta, geratzea erabaki genuen, giroa berriro lasaitu arte. Lizardiri eskainitako omenaldi batean itzuli ginen. Bitarte horretan, nahiz eta familiaren enpresan lan egin, sortzen jarraitu nuen. Behin itzulita, Carlos Jimenez batu zitzaigun. Haren lana oso inportantea izan zen guretzat, gure kantak moldatzen baitzituen. Horrek beste dimentsio bat eman zion gure lanari. Moldaketa lana egiteaz gain, pianoa ere jotzen zuen.

Hasi zinenetik hona asko aldatu da zure musika?

Baietz uste dut, batez ere harmonia kontuetan. Gaur egun egiten dudan musika sofistikatuagoa eta konplexuagoa da. Hasierakoa soilagoa eta sinpleagoa zen. Horretan zerikusia izan du pianoa jotzen askoz trebetasun gehiago dudala, eta gaur egun baliabide gehiago daudela musika sortzeko.

Zure diskoen artean zein nabarmenduko zenuke?

Ez naiz ni pertsonarik aproposena hori esateko, baina grabatu nuen lehendabizikoa esango nuke. Diskoak Antton Valverde zuen izenburua. Han daude gehien maite ditudan kantuetako gehienak. Gainontzean, garrantzitsuena 1978an Lauaxetaren hitzekin egindakoa izan da.

Nola ikusten duzu egungo euskarazko kantagintza?

Gaur egun oso jaialdi gutxi egiten dira. Imanolek [Lartzabal], Mikelek [Laboak] eta Xabierrek [Lete] utzitako hutsunea betetzea oso zaila da. Gaur egun, bakarlariek baino, taldeek dute arrakasta gehiago —adibidez, Berri Txarrak—, nahiz eta Mikel Urdangarin eta Xabi Sansebastian gisako bakarlariak primerako lana egiten ari diren. Giroa ere asko aldatu da. Garai batean egiten ziren jaialdi bateratu eta luze haiek jada ia ez dira egiten, norbait omentzeko ez bada. Behintzat, guk egiten dugun musikan. Jaialdi handiak rock taldeek egiten dituzte. Dena den, gure jaialdietara datorren jendea entzutera etortzen da, eta hori beti da eskertzekoa. Nik parte hartzen dudan jaialdietan, behintzat, hala sentitzen dut. Bestalde, lan egiteko modua ere aldatu da. Lehen ez zeuden hainbeste diskoetxe, eta ez zitzaien horrenbeste begiratzen salmentei. Musika zabaltzeko modua ere dezente aldatu da; Internetek indar handia hartu du.

Uste duzu itzuliko direla zuek egiten zenituzten moduko jaialdiak?

Auskalo; beharbada, bai. Ea bakarlarien talde polit bat sortzen den, eta aukera dagoen.

Familian segitzen al diote zuk hasitako bideari?

Bai. Alabetako batek biolina jotzen du, eta haren senarra ere biolin jotzailea da. Bi alaba dituzte, eta bat hasia da pianoa jotzen; besteak biolina jo behar omen du. Beste bilobetako batek ere biolina jotzen du duela bi urtetik. Ilusio handia egiten dit, eta urtero egiten dugu etxean kontzertu txikiren bat. Nik musikaren bat prestatzen dut, eta jo egiten dugu. Etxea jendez betetzen da. Entseguak kaotiko xamarrak dira, baina emanaldiak, primerakoak.

Ilusioa egiten dizu bilobetako batek zuk bezala pianoa aukeratu izanak?

Egia esan, bai. Batez ere oso gustura joaten delako klaseetara. Zerbait egingo duela uste dut. Gaur egun, gainera, garai batean baino aukera gehiago dago ikasteko eta prestatzeko.

Zorrotza zara haiekin?

Egia esan, ez. Pozik daudela eta musika gustuko dutela ikusita, niretzat nahiko.

Eredutzat al zaituzte?

Ez nuke hainbeste esango. Baina gustatzen zaie aitonari pianoa jotzen entzutea, eta, autoan doazenean, batek nire diskoren bat jartzeko eskatzen die gurasoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.