Kafe etena: lana edo atsedena?

Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epai baten arabera, kaferako eta erretzeko langileek baliatzen duten denbora berreskuratu beharra daukate. Baina adituek diote tarte horiek lan jardunerako ezinbestekoak direla, eta, beraz, atsedena lanorduaren zati izan behar dela diote.

Enpresa askotan egon ohi da atseden hartu ahal izateko guneren bat. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lankideen arteko elkarrizketa pausatu eta lasaiagoetarako tarteak izan ohi dira. Laneguna nola doan elkarrekin komentatzekoa, egunerokoaren errepasoa egitekoa, edo lanetik aparteko kontuez aritzekoa. Lanorduen barruan kafea edo infusioak hartzeko zein zigarreta erretzeko momentuak oso sustraituta daude langileen artean, eta kasik jardunaren beraren parte ere badira. Eguneroko lanaldiaren erdian arnasa hartzeko tartea ematen baitu. Otsailaren erdialdean, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalak esan zuen enpresariek kaferako eta erretzeko denbora lanalditik kendu ahal izango dietela langileei. Alegia, atseden tarte horietako denbora berreskuratu behar izateko atea zabaldu zuen. Epaiak, ordea, galdera bat utzi du agerian: atseden tarte horiek beharrezkoak al dira langileentzat? Eta, hala bada, zergatik ez da lan jardunaren barruan txertatzen?

Gaiaren inguruko ikerketa asko dagoela dio Andrea de Vicente EHUko enpresa zuzenbideko irakasle eta ikerlariak: «Askotan esan da atseden hauek beharrezkoak direla, eta ikuspegi fisiko zein psikologikotik nekeari aurre egiteko ezinbestekoak direla». Lanean ari denean, beharginaren jarduna hobetzeko baliagarriak dira atseden tarte horiek, eta ezinbestekoak «indarra eta sormenerako gaitasuna berpizteko». Beste modu batera esanda, egunero atsedenerako denbora hartzea beharrezkoa dela beharginak lanean egoki jarraituko badu. Ez hori bakarrik, arnas tarte horiek lankideen arteko harremanak sustatzeko garrantzitsuak direla ere badio ikerlariak: «Lankideekin tratu ona izateko beharrezkoak dira era horretako atsedenak, lan giroan zuzeneko eragina baitauka». Ikuspegi sozial batetik begiratuta ere, lan jardunaren erdian egiten diren atseden tarte horiek garrantzitsuak dira: «Askotan kontziliaziorako baliatzen da, deiak egiteko, medikuaren zitak hartzeko edo bestelakoetarako; norberaren kontuak egiteko baliagarriak ere badira». De Vicentek dio horregatik guztiagatik ezinbestekoa dela lan jardunean atseden hartzea.

Beharrezkoa da atseden hori, eta Auzitegi Nazionalaren epaiak ez du zalantzan jarri langileena den eskubide hori. Espainiako Langileen Estatutuaren arabera, sei ordutik gorako lanaldi trinkoetan beharginek hamabost minutuko atsedena hartzeko eskubidea daukate. Frantziako legediaren arabera, berriz, sei orduko lanaldiaren truke hogei minutuko atsedena dagokio langileari. «Baina [Espainiako Langileen Estatutuan] ez du zehazten atseden hori lan jardunaren barruan dagoen ala ez, eta ondoren berreskuratu behar ote den ala ez». Alegia, RASL abokatu bulegoko kide den Pablo de los Rios abokatu laboralistaren arabera, legeak ez du zehazten atseden horrek nola eragiten dion beharginaren lan baldintzei. Otsaileko epaiak, hala ere, enpresarien alde jarri du balantza, eta ez du balorazio positiborik egin: «Nik uste eskuratutako eskubideak badaudela, eta esango nuke hau dela horietako kasu bat; orain arte lanorduen barruko atsedenak ziren». Eta uste du epaiak orain arteko joera hori aldatu dezakeela. Nolanahi ere, CCOO sindikatuak helegitea jarri dio ebazpenari, eta gaia Espainiako Auzitegi Gorenera iritsiko da. Bertako erabakiaren arabera, jurisprudentzia ezarriko da lan itunetan gaia argi azaltzen ez den kasuetan.

Ordutegien erregistroa

Epaiak, dena dela, oraingoz kafe eta zigarretarako denbora lanalditik kentzearen alde egin du. Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak esan du enpresetan borrokatu beharko dela horri aurre egiteko, eta aurreikusi horrek gatazkak eragin ditzakeela. «Enpresetan atsedenaldi horiek oso normalizatuta daude, eta itun askotan arautua dago kafea hartzeko edo erretzeko etenaldiak lanaldiaren parte direla». Baina beste kasu askotan, hitzarmenetan zehaztu gabe dago atseden horiek berreskuratu behar diren ala ez. Horregatik dio behin betiko epaiaren ondoren lantegi askotan borrokatu behar izango den zerbait izango dela. Atsedenak orain arte egin diren bezala mantentzeko lan egin beharko dela, azken batean. «Patronalak orain arte ez du ezer esan, beraz, normalizatuta zegoen zerbait zen. Horregatik, ez dakigu zertara datorren bat-batean onartuta zegoen zerbait aldatzen saiatzea».

Hego Euskal Herriko langileei eragin diezaiekeen egoera hau ulertzeko iazko maiatzera egin behar da atzera. Ipar Euskal Herrian egiten den gisan, Espainiako Gobernuak langileen ordutegiak erregistratzeko derrigortasuna ezarri zien enpresei, gehiegizko ordutegiak eta kontratu partzialen iruzurrak kontrolatzeko asmoz. «Baina legea idazteko garaian ez dute behar bezalako arretarekin egin, langileek aurretik zituzten eskubideak ez baitituzte erregulatu», De los Riosek azaldu duenez. Hau da, besteak beste, ez dela kontuan hartu atsedenerako tarte hori nola hartu behar den kontuan, eta abokatuak azaldu du enpresarien gehiegikerien aurka egiteko legea enpresariak euren onurarako baliatzen hasi direla. «Lege guztiek dauzkate beren zirrikituak, eta enpresariek euren alde egiteko bideak topatu dituzte». Hainbeste, ezen epaitegietan bermea lortu baitute.

Ugartemendiak ere lanorduen erregistroaren legean ikusten du epaiaren abiapuntua: «Langileen aldeko lege bat izan behar zena beharginak kontrolatzeko tresna bihurtzen ari da pixkanaka, eta horrekin harrituta gaude sindikatuan; patronala lehen momentuan atera baitzen esanez atsedenerako tarteak erregulatzen hasteko asmoa zeukala». Eta azaldu duenez, patronalak bide hori epaitegietan topatu du.

Langileen ongizatearen bila

Era horretan, orain arte enpresa eta langileen arteko konfiantzazko tratu bat zena urratu egin dela dio De Vicentek. Askotan idatzi gabe zegoen tratua, gainera. «Horren atzean oinarri ideologiko bat dago, hau da, langileek atseden tarte horien abusu bat egin duten ustea; baina egoerak dio justu kontrakoa dela, alegia, lan baldintzak kaskartzen ari direla eta behar baino ordu gehiago egiten dituztela beharginek». Baldintza horietan, eta behar bezalako atsedenik gabe lan eginez gero, lantegietako giroa txartu egiten delako, ikerlariaren hitzetan. «Nekatuta edo estresatuta zaudenean, zure lankideekiko harremana ez da berdina, txarrera egin ohi dute. Langilearen umorea eta egoera psikologikoa ez baitira behar bezalakoak». Horregatik dio, gizarte osasunari begira, langileen atsedenaldiak areagotu beharko liratekeela.

Hain zuzen, hori da Oiartzunen (Gipuzkoa) dagoen Salto System enpresan daukaten ikuspegia. Ateentzako sarrailak egiten dituzte lantegian, eta, beharginen ongizatea lortzeko asmoz, hainbat neurri hartu dituzte. Esaterako, kafea hartzeko eremu zabal eta handi bat egokituta daukate, egongela eta guzti. Hala azaldu du Borja Gantzarain marketin saileko kideak: «Pertsonen harremanak bultzatu nahi ditugu, ez baikara makinak, eta ikusten baitugu beharrezkoa dela enpresako lankideen artean harremanak izatea». Sail ezberdinen arteko harremanak sustatzeko asmoz, langile denak batera jaisten dira goizetan kafea hartzera, baina ez daukate kafea hartzeko mugarik. «Denok daukagu konfiantza bakoitzak bere lana bere erara egingo duela; enpresak ezarritako lanak egingo dituela. Beraz, kafea hartzeko ordubetez egonez gero, norberak ikusiko du ondoren lana nola egingo duen; gainera, askotan langileak kafea hartzen ari direnean beharrean ari dira batzuetan, bilera informal bat izan liteke elkargune horretan izaten duten elkarrizketa».

Gantzarainek esan du «langile bakoitzaren garapen pertsonala» lantzea bilatzen dutela enpresan. «Lan egiteko arnasa hartu beharra dago; bestela, arazo berari bueltaka ibili baitzaitezke». Ez hori bakarrik, jendeak enpresan jarraituko badu, eta bere karrera profesionala bertan egingo badu, «jendeak gustura egon beharra dauka». Eta jakitun da horretarako atsedenak garrantzi handia daukala. Horregatik, aurreikus daiteke epaitegietan hartuko diren neurriek euren lantegian ez dutela eragingo, atsedenerako tarte horiei garrantzia ematen baitiete. De Vicentek esan du ikuspegi hori gainerako enpresetan txertatu behar dela, horretarako lan egin behar dela. «Atseden hartzea ez baita lanerako denbora galtzea, alderantziz baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.