OROITARRITIK. Oihana Aldabe. Musikaria

«Guk beti aldean daramagu gaita»

Udalbatzari klarinarekin segika eta afrikar erreginari gaita jotzen pasatzen ditu sanferminak Aldabek. Ez da kexatzen; maite du bestetan musika jotzea: «Lana da, baina gustura egiten da».

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun

Sanferminetan agenda beterik izaten du Oihana Aldabe musikariak (Iruñea, 1972). Atzo prozesioan atera zen, klarin jotzailea baita. Herenegun gaita jotzen aritu zen goiz eta arratsaldez, txupinazoaren ondotik eta erraldoiekin batera. Beste egun batzuetan, Gazteluko plazako dantzaldian eta zezen plazako banderillen ekitaldian ariko da.

Non zinen 1978ko uztailaren 8an?

Amak kontatutakoa dakit. Iruñean nengoen, amarekin eta Lakuntzako lehengusuekin. Istiluak Sarasate pasealekuan harrapatu gintuen, eta etxera joan ginen berehala.

Sanferminetan urtero gogoratzen dute egun hura. Zuk ere bai?

Bai, ni 16 urterekin hasi nintzen ateratzen eta zezen plazara joaten kuadrilla batekin, Alegria de Iruña peñarekin. Zortzia egun berezia izan da: musikarik gabe ateratzen ziren zezen plazatik, elkarrekin, gertatu zena ez ahazteko.

Egunotan sanferminetako melodiak baizik ez dituzu buruan?

Aurreko egunetan entseatzen aritzen naiz, eta, askotan txistu egiten dudanez, etxean ibiltzen naiz Riau-riau eta halakoak txistuka.

Sanferminetako soinu bandaren arduraduna zarela esan liteke?

Hainbat tokitan sartuta nago, bai. Sanferminak musikari lotuta daude; ezinezkoa lirateke musikarik gabeko sanferminak. Tira, beste ospakizunak ere ez. Edozer gauza musikarekin ospatzen dugu.

Gaita joz hasten dituzu bestak. Oso zikin bukatu izan duzu?

Udaletxe plazatik ateratzean, jendeak ura eskatzen du, beroagatik. Batzuetan ez dute ongi kalkulatzen, eta erortzen zaigu ur pixka bat. Errespetatzen ez dutenek ere botatzen dizute inoiz zerbait, baina ez naiz oso zikin atera inoiz.

Txupinazoan klarina jo zenuen urtean; zuek zineten lehenbizikoak. Nolakoa da une hori?

1 Formulako irteera bezalakoa da. Atzera kontua egiten dute: 10, 9, 8... justu 12:00etan klarina jotzen dugu, eta suziria botatzen dute. Balkoiko ateak ireki, eta jendeak oihu egiten du. Momentu hori...

Oilo ipurdia?

Gaita jotzen dudanean, udaletxeko ezkaratzean egoten gara, eta plaza ikusten dugu. Jendeak zapiak altxatu eta oihu egitean, oilo ipurdia jartzen zaizu. Pentsa balkoian.

Notaren bat desafinatzeko beldurrez ateratzen zarete?

Klarinak nahiko zaharrak dira; beraz, zerbait arraroa entzuten baduzue, musika tresnak ez daude garairik onenean. Baina urte asko daramagu; beraz, ez gara kezkatzen.

Prozesioa luze egiten zaizu?

Bueno, geroz eta motzago. Lehen 6an ateratzen nintzen, eta, aurreko egunean berandu etxeratzen banintzen, nahiko luze egiten zitzaidan.

Eguzkitako betaurrekoekin joan zara noizbait?

Ezin dugu betaurrekorik jantzi, baina urte batez ibili nintzen udaltzainei ura ekartzeko erreguka. Ekarri zidaten, eta pasatu genuen eguna.

Erraldoietan jotzea oztopo lasterketa bat bezalakoa izaten da?

Geroz eta jende gehiago doa, eta batzuetan zaila da erraldoiaren atzetik joatea: haur txikiak, aulkitxoak... Jendea liluraturik geratzen da erraldoiei begira, eta ez dira konturatzen atzean gaiteroak gaudela.

Sanferminen erdialdean, oinetako minez egoten da jendea. Zu, hatzetako minez?

Ez, hatzetako mina ez. Baina beti jotzen dut deskantsatzeko galtzerdi luzeak jantzita. Ordu asko ematen ditugu zutik eta geldirik; beraz, hankak mintzen zaizkit. Horregatik, nahiz eta bero handia egin, beti jartzen ditut.

Nola ailegatzen zara 14ra?

Nahiko nekatuta. Gainera, 13an dantzak jotzen ditugu, eta, hurrengo egunean, prozesioa, erraldoien agurra eta banderillen ekitaldia dugu. Txarangetakoek gogotsu hartzen dute, lana bukatzen dutenez parranda egiten dutelako, baina ni zuzenean etxera joaten naiz.

Kalea bizi duzue musikariek, ezta?

Edozein ordutan dago musika kalean. Guk ere beti aldean daramagu gaita. Joan den urtean, bazkaldu ondoren, haima bat hartu, eta prozesioa egin genuen Jarautan barrena, prozesioetako martxak jotzen. Paliopean ibili ginen.

Musikariek parrandazale fama izaten dute. Egia da?

Musikariak festarekin lotuta gaude; beraz, beti dago zerbait egitea bururatzen zaion norbait. Urte batean ileorde hori luzeak eraman genituen erraldoietara. Adibidez, 6an beti gaude pixka bat kontent, eta loreak eramaten ditugu buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.