ATZEKOZ AURRERA

Arrain umila, arrain urdina

Berdel Eguna egin zuten atzo Mutrikun. 40.000 pintxo eta 6.000 errazio banatu zituzten bertakoen eta bisitarien artean. Jaialdia uda aurreko «lehen jai handi» gisa finkatu da.

Tona eta erdi arrain prestatu eta banatu zituzten atzo, Mutrikuko Berdel Egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Mutriku
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aita arrantzalea zen, eta etxean asko jan genuen», esan du Itziar Bedialauneta mutrikuarrak. Berdelaz ari da, «arrain pobre» horretaz, haren hitzetan. Gipuzkoako kostako herrian Berdel Eguna ospatzen ari dira goizetik. «Erreta prestatzen zuen amak, plantxan, irinetan pasatu eta frijituta ere bai», jarraitu du emakumeak. «Eta tomatetan ere bai», gaineratu dio Eusebio Azkue lagunak. Piper tabernan daude berdelzaleak, sukaldetik pintxoz beterik ateratzen diren erretiluei begira. Dagoeneko probatu dituzte berdel marinatuak —ozpinarekin, piperrarekin eta tipularekin— eta berdel kroketak. Azkenak duen pipermin puntutxoa goraipatu dute. Jaiegun handia da Mutrikun, jai tematikoa, ez temosoa.

Dagoeneko 24 urte bete ditu Berdel Egunak, eta aurtengoa datorren urtera begira egin dute. Izan ere, mende laurdena ospatuko dute hurrengoan. «Bukatu bezain pronto egingo dugu batzarra datorren urtekoari begira», esan du Marta Amonarriz antolatzaileak. Jaiari esker berdela dagoeneko Mutrikurekin lotzen dela gaineratu du. «Gure egutegian jai ofizial gisa onartuta dago dagoeneko Berdel Eguna. Gazteak astebete aurretik ere hor egoten dira egunaz hitz egiten eta prestatzen».

Berdelzale beteranoez gain, gazteak daude Txurruka plazan, parrandarako prest. Arrantzale jantzita etorri da mutil talde bat; horietako bat, gona beltza eta guzti. Dena ez da txakolina izango: kalimotxo katxiak zirkulatzen hasi dira, eta eguerdia da oraindik.

«Jaia, hasieran, ez zen turistikoa», esan du Mireia Alvarezek. Haurrekin dago Txurruka plazan. «Baina, orain, herri askotako jendea etortzen da, kintoak... Jai handi bihurtu da; uda aurreko lehen jai handia».

Hiru pintxo berri

Bigarren mailakotzat hartu izan da berdela askotan, txitxarroaren eta halakoen aldean. Horregatik eta asko harrapatzen zutelako, merkeagoa zen. Bakailaoarekin ere gertatu zen antzekoa: gerra bat gertatu behar izan zen ordura arte gutxietsiriko arrainari gaur duen ospea emateko. Berdelarena ez da horren dramatikoa izan: jaiarekin hasi ziren izen handiko sukaldariak eramaten Mutrikura, arrainak zelako aukerak eman zitzakeen erakustera.

Aurten ere, inguruko hiru jatetxek pintxo berri bana asmatu dute, arratsaldeko dastatze saioan eskaintzeko.

Debako Urgain jatetxeko (Gipuzkoa) Xabier Osa sukaldariak berdela eta ilarrak nahastu ditu pintxo berrian. Mutrikuko Pikua jatetxeak berdel bolak saltsan asmatu ditu, eta bertako Azkenetxe Ristorantek ukitu italiarra eman nahi izan dio: berdel tricolore (zuria, berdea eta gorria).

Pintxo berriez gain, berdel errea, marmitakoa, piperrada, pudding-a eta berdel ketua prestatu dituzte. Azkena Suediatik Eibarrera (Gipuzkoa) bizitzera joandako Tore Birbergek atondu du, Eskandinaviako teknika tradizionalari jarraituta. Denera 1.500 kilo arrain erabili dituzte 40.000 pintxotik gora egiteko, tabernetan eta portuan banatzeko. Berdel errearen 5.000 errazio eman dituzte, eta 1.000 anoa marmitako.

Baina tabernetan ere mokadu landuak egin dituzte arrain umilarekin: Piper tabernan hostore moduko batean (brisée pasta) bilduriko berdela atera dute. Gozoa da, apur bat mina, baina leuna. «Esango baligute arrain exotiko bat dela, sinistuko genuke», esan dio emakume batek bere lagunari. «Horrek erakusten du zelako mailara hel daitekeen berdela, mimoz prestatuz gero». Mutrikuko Sargarmina txakolinarekin ari dira jaten pintxoak.

Aldamenean daude artisauak. Bigarren urtea du Berdel Eguneko ferian Gorane Guillenek, Gorakat estudioko zorrogileak. Elorriko (Bizkaia) Eixu taldeko kidea da. «Berdel Egunean artisau azokarik ez zegoenez, geuk proposatu genuen egitea», esan du. Aurrerago, halako ferietako beterano bat dago: Lizarra (Nafarroa) inguruko Edorta Muruak lehen aldia du jaian. «Erdi Aroko azokara etortzen nintzen, baina, orain, honetara».

Herria mobilizatu egiten da jaia prestatzeko. Asteazkenean eta ostegunean, boluntarioak ibili ziren berdel egosia garbitzen. Ostiralean, berdel freskoa pelenkatzen jardun zuten, hau da, azala eta hezurrak kentzen, jaialdian arranparrilan erretzeko.

Bedialaunetak ondo ezagutzen du berdelaren gizarteratzearen historia. Azkue laguna bezala, erretiratuta dago, eta asko ikusi du: «Ospe txarra jarri zioten arrain urdinari; orain, berriz, esaten digute osasungarria dela, eta jateko. Modak dira, modak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.