ATZEKOZ AURRERA

«Umorea, bertsoa, irria»

Joan den irailean hasi zuten taldekako Xilabako txapelketa. Hamabi saio jokaturik, bederatzi taldetan banatutako 34 bertsolari ibili dira lehian. Ez Otoi Pentsa atera da txapeldun.

Bukaerako agurra, bertsolari guztiekin. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Izturitze
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean izan da taldekako Xilabako finala Izturitzen (Nafarroa Beherea). Hasta La 2toria taldetik Lur Renteria, Maddi Sarasua eta Elixabet Etxandi lehiatu dira Ez Otoi Pentsa taldeko Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Josu Txoperenaren aurka. Lehia, baina hitz batez deskribatu beharko balitz: «Goxoa».

Ez Otoi Pentsa taldea atera da garaile, baina, oroz gainetik, parte hartzaileen arteko giroa azpimarratu dute bertsolariek. «Irabaztea ez zen helburu bat, lehen saiotik gaurko saiora gure artean bazkaritan den giroa bikain bilakatu da, eta, ene ustez, hori da irabazi duguna», azaldu du txapeldunen taldeko Artetxek.

Hala, 300 pertsona inguru bildu dira bazkaritik haste. Ortzi Idoate txapelketaren antolakuntzaren koordinatzaileak hala laburbildu du eguna: «Bikain;saioa bikaina izan da. Aski da ikustea publikoaren erantzuna. Xilabaren irudia hau da, gaur da. Jendea, emozioa, umorea, bertsoa, txaloa eta irria. Hau da ene egungo bilana».

Umorea eta hamaika doinu

Irria izan da nagusi. Gai anitzen inguruan kantatu behar izan dute bertsolariek, eta umoreari tiraka ibili dira arratsalde osoan. Nagusiaren zapalkuntzaz mendekatzen den langileaz, paradisuan edo infernuan aurki daitekeenaz, eta itsuaren ariketan edo kartzelakoan... Giroa «berotu» dute sei bertsolariek.

«Hastapenean sentitzen zen tentsio bat, baina gero publikoak ikusi du gure artean bazela giro ona eta gure artean irri egiten genuela. Giroa berotu da, biziki fite», azaldu du Artetxek. Renteriaren ustez, saio «zinez goxoa» izan da.«Finalarentzat, ez nuke baloratuko bertsoa bera ona edo txarra izan den, baizik eta giroa; bukaeran ikusi dugularik jendea bero zela, gu ere hobetuz joan gara».

Txapelketa ikusteko era

«Taldekako txapelketa, txapelketa ikusteko beste manera bat da; niretzat, erosoagoa eta politagoa», azpimarratu du Artetxek. Uste du beste taldeak ezagutzeko eta bere talde barnekoak ezagutzeko «aitzakia» ematen duela taldekako Xilabak. Dinamikak «sortzen» dituela gaineratu du.

«Bakarka lehiatzeak ez du baitezpada dinamikarik sortzen, bazoaz, kantatzen duzu eta berriz itzultzen zara etxera. Taldekakoak obligatzen zaitu dinamikak plantan ezartzera talde barnean eta taldeen artean koordinatzera». Renteriak bat egin du Artetxerekin: «Izan da parada bat jendea ezagutzeko, giro bat sortzeko, nik ere segurtasuna hartzeko kantatzeko orduan, azken batean taldea egiteko». Taldeka aritzea «nahiago» duela erran du Renteriak. «Segurtasun bat ematen dit, badakidalako ni ere ez banaiz biziki ongi ari badudala babes bat gibelean». Hortaz, balorazio «biziki positiboa» egin dute bi bertsolariek.

Bi taldeen agurrek eman dieteamaiera txapelketari. Bertso eskolek ekarri dutenari egin dio begi kliska Artetxek baita Etxandik ere, antolaketan ibili diren guztiei eskerrak emanez: «Txapeldun ainitz badira/ hemen txapelik gabeak». Gazteak akuilatzeko eta bertsolaritzari indarra emateko xedea zuen Xilabak. Atzoko saioak hala baieztatu du, eta horrela bukatu du Renteriak bertsotan: «Gaur ingurura soiteko erraiten dit senak/ irabazteko ditugu pario ederrenak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.