ATZEKOZ AURRERA

Isilpekoak kontatzeko

Toponimian emazteek leku gutxi dute, historian leku gutxi izan balute bezala. 'Emazteak itzaletik argitara' erakusketak ukatu zaien memoria eman nahi izan die.

Emazteak itzaletik argitara erakusketa Baionako mediatekan izango da martxoaren 8ra arte. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
E z dira denen izenak historia liburuetan agertzen; ez eta karrikak, plazak, eraikinak, eskolak edo zubiak izendatzeko plaketan ere. Ipar Euskal Herriko leku izenen %5ek daramate emakume izen bat. Bakanetako bat da Baionako Errobi ibai bazterreko bidexka: Maite Barnetxe du izena. Gogoeta hori itzulikatu nahi izan du Baionako Bask'elles talde LGTBak. «Egoera horretatik abiatuta, eta salatzeko ekintzak egin ondotik, proposamenak egiteko beharra sentitzen genuen», Mikaela Clapisson Bask'elleseko kideak azaldu duenez.

Gogoetatu, eta ekin. Ipar Euskal Herrian manera batez edo bestez garrantzia izan duten emazteen aztarnak bilatzen hasi ziren iaz. Xerkatzen hasita atzematen baitira Jacqueline Bidegorri, Coralie Labourdette, Gabrielle Lastournel, Andrée Niderbihl eta Amelina Ermeline Devant-Le Gall. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian sartu ziren denak.

Badira izenik gabe egon direnak ere: Donibane Lohizune eta Ziburuko (Lapurdi) andreak, 1789an, Frantziako Iraultzaren garaian, dolamenak idatzi zituztenak. Izenik ez dute, baina izkribu bat utzi dute. Horien guztien istorioa kontatu nahi izan du Les Basquelles taldeak Emazteak itzaletik argitara erakusketaren bidez.

Baionako mediatekan muntatu dute erakusketa, luzaz ezezagun egon diren emakume horiek denek ikusteko gisan. Hamabi taula dira guztira erakusketa gelan, biribilean plantatuak. Emazteak erresistentzian, Baionako batasun femeninoa. Hala dio lehen taulak. Baiona okupatu zuten alemaniarrek Bigarren Mundu Gerran. Baionako emazte batzuek lekuko erresistentzia sarea osatu zuten: juduak ezkutatzen zituzten, maletak pasarazten, eta gutunak helarazten. Isilpean, beti. Frank Moreau baionarrak gerra ostean gutun bat idatzi zuen hiriko emakume sarea goraipatzeko. «Gutun hori aurkitu genuen lehenik, eta izen zerrendako emazteen aztarna bilatzen hasi ginen», azaldu du Clapissonek.

Izen horietako bat da Coralie Labourdette; 1890ean sortu zen, eta 1957an zendu, Baionan. Katedralaren ondoko Espainia karrikan bizi izan zen, eta bizilekua erresistenteen gordeleku bilakatu zuen. Urruñako (Lapurdi), Baionako eta Londresko sareen arteko komunikazioei bide ematen zien.

Labourdetten ondoko taula, Amelina Ermeline Devant-Le Gallena. Bretainian sortu zen, baina Baionara heldu zen erresistentziara, eta bertan hil zen, 1952an. Lanbidez, okina zen. Etxeko lehen solairuan soldadu alemaniarrak aterpetzen zituen, hauturik ezean. Beherean, irin eta ikatz zakuen artean, erresistenteak, juduak eta ihesean ziren presoak kukutu zituen.

Donapaleukoa da (Nafarroa Beherea) Jacqueline Bidegorri, 1924an sortua. Gaztaroan, Poitiersen (Frantzia) egon zen, eta kontzentrazio zerrategietako presoei janaria ekartzen jardun zituen gerrako urteak. Bestalde, haur juduak eskapatzen lagundu zituen haren aita Gastonekin batera. Haren omenez, Donapaleura eramanen dute erakusketa martxoaren 18tik aitzina. «Ohore bat da harekin mintzatu ahal izan garelako. Duela hilabete zenbait arte, guztiz ezezaguna zen haren herrian bertan. Omendu nahi dugu», azaldu du Clapissonek.

Badira ere Donibane Lohizune eta Ziburuko andreak. Izenik ez dute, baina talde bat osatu zuten 1789an, Frantziako Iraultzaren garaian, dolamenak idazteko. Politikan emazteen presentzia aldarrikatzen zuten, kasurako. Lau orriko dolamen gutuneko zenbait esaldi afixatu dituzte Les Bask'ellesekoek erakusketako azken taulan. «Lan ahalkegarri bat ote da emazte sortzea?», galdetzen zuten orduan.

Badira beste batzuk

Clapissonek argi du: erakusketa handitzeko sortua da. Horretarako, webgune parte hartzaile bat sortu dute. Helburua da Ipar Euskal Herriko 158 herrietako emazteen erregistro bat sortzea. «Guk atzeman ditugunak Bigarren Mundu Gerrako erresistentzian parte hartu dutenak dira, gehienbat. Baina badira garrantzia izan duten emazteak arlo guztietan. Irakasleak, emaginak, medikuak, bertsolariak, kantariak...».

Emazte horien guztien izenak bilduta, instituzioekin aritu nahi dute partaidetzan, toponimian sar daitezen horien izenak. Mikaela Clapisson: «Memoria lana da, azken finean». Proiektu parte hartzailearen bidez, sekretupean egondako istorioen bozgorailu izan nahi dute, modu horretan. Bilketa lana hasia dute, eta 30 bat izen lortu dituzte jadanik. Tartean, Suzanne Elosu medikuarena, Mariana Etxegarai Baraziart bertsolariarena, Daniela Albizu idazle eta irakaslearena, Frantxa Usandizaga erresistentearena, eta Maria Luixa Erdozio bertsolariarena. Historialariekin partaidetzan, biografiak osatzen arituko dira ondoko hilabeteetan. Prozesua finitzean, film bat argitaratuko dute, bilketa lanaz ere memoria egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.