ATZEKOZ AURRERA

Allenen hiria, ohiko Donostia

Donostiako turismo bulegoak ibilbide bat prestatu du Woody Allenen 'Rifkin's festival' filmeko eszenetako tokietan oinarrituta. Bide osoa oinez edo bizikletaz egin daiteke.

Mikel Zumeta Donostiako Zinemaldiko BERRIAko kritikarietako bat, atzo, Maria Cristina hotelean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kursaalean estreinatu zuten iazko Donostiako Zinemaldian Rifkin's festival, Woody Allenen azkeneko filma. Han bertan ikusi zuen filma Mikel Zumetak; hari egokitu zitzaion BERRIArako kritika idaztea, Sail Ofizialeko iruzkinak hark egiten baititu. Donostia Turismoa sailak ibilbide interaktibo bat prestatu du filmeko agertoki nagusiekin, eta Kursaala da lehen geldialdia. Ibilbidea oinez egin eta tokien inguruan solastatzeko prest azaldu da Zumeta.

Kritikariari ez zitzaion gustatu filma. «Zerbait oso apaindua eta oso gozatua zen, baina zaharra eta hutsa. Allenen filmen zerrendan, txarrenen zakuan dago».

Okendo plazan da bigarren geldialdia. Viktoria Eugenia antzokia alde batera, Maria Cristina hotela bestera, eta Tanger tabernako terraza. Kafe bat. «Tanger beti gustatu izan zait; ukitu erromantikoa du, eta, Durangoko Azokan Palentinoa den bezala, hemen biltzen da kultur ekitaldietako jende asko». Zumetak uste du inguru horretan beti bultzatu izan dela Okendo taberna, Zinemaldiari lotua eta. Baina ibilbidean Tanger ageri da. «Puxtarri bat».

Filmeko protagonistek Maria Cristina hotelean hartzen dute ostatu. «Toki ikonikoa da hirian. Enblematikoa da, baina misteriotsua da niretzat, ez dakidalako barnean zer dagoen». Turista bat hoteleko atetik irten da, besoekin zorion keinuak egiten.

Parte Zaharrera joan, eta Zuloaga plaza ezinbesteko geldialdia da. San Telmo museoko Josep Maria Serten horma irudiekin liluratuta gelditu zen filmeko argazki zuzendari Vittorio Storaro, eta han grabatu zuten eszena bat—Zumetari «inspirazio sobietarrekoak» iruditzen zaizkio—. San Bizente eliza eta bertan dagoen Jorge Oteizaren Pietatea ere ezin aipatu gabe utzi. Baina Zumetak uste du zerbait garrantzitsua ahaztu zaiela: «Zuloaga plazako argazkia Principe zinema aretoek osatzen dute, Donostiako Zinemaldian garrantzia du, eta pena da ibilbidean aipatu ez izana».

Boulevardeko kioskoa eta Altxerri taberna. Filmean, Louis Garrel aktorea bongoak jotzen agertzen da Altxerrin, Iñaki Salvador piano jotzailearekin batera. «Espazio interesgarria da Altxerri, arte galeria ere bada. Filmean, hala ere, Whiskiaren Museoaren beheko partean irudikatu nuen neure burua». Taberna horretan ere bildu ohi da Donostiako Zinemaldiko jendea, gauean.

Wallace Shawn filmeko aktore protagonista despistatuta ageri da Gipuzkoa plazako lorategietan. «Plazak betiko Donostia eta gaur egungoa batuko lituzke». Hondarribian (Gipuzkoa) jaioa da Zumeta —zortzi urte daramatza Donostian bizitzen—, eta Gipuzkoa plazak haurtzaroko oroitzapenak ekartzen dizkio. «Autobusa toki honetara iristen da. Eta askoren memoria kolektiboan badu garrantzia: ahateei jaten ematea...». Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait areto neoklasikok, bestalde, Luis Buñuelen El angel exterminador-eko jauregi bat birsortzeko balio dute Rifkin's festival-eko protagonistaren amets batean.

Bilbo plazako Donosti liburu denda agertzen da filmean; haren fatxada modernistak zinemagile bati baino gehiagori eman izan dio arreta. Urumea ibaia, Maria Kristina zubia eta Gernikako Arbolaren pasealekua geldiune berekoak dira. «Askotan ez da behar bezainbeste goraipatzen ibaia eta ibaiaren inguruko pasealekua». Geldiune berekoa da Botanika kafetegia eta haren terraza. «Asko gustatzen zait Botanika; lokalizazio oso polita da, eta maitagarriak dira bertan lan egiten dutenak».

Allenen filmeko bi pertsonaia pasiera erromantiko batean ageri dira Kontxako hondartzaren aterpeetan. Toki berean jende ugari dabil larunbat eguerdian, hondartzan zein pasealekuan. «Eremu polita da. Baina bereziena ez da pasealekua bera, baizik eta bistak. Naturari begiratzea da ederra hemen: itsasoa begiratzea, uhartea, Igeldo eta Urgull mendiak...». Kritikariaren iritziz, Kontxako pasealeku osoa bakarrik egitea «luzeegia» da, baina beste norbaitekin hitz egiten joateko, «zoragarria».

Miramar jauregiaren barnean, filmeko protagonistaren New Yorkeko psikiatraren bulegoa eraiki zuten. Historia luzeko eraikina da, Maria Kristina Espainiako erreginak udako egoitza izan zedin eraikia 1893an. Hala ere, zera uste du Zumetak: «Jauregiaren atzealdean dagoen baso txikia polita da oso, eta ez dute inoiz aipatzen». Loretopeko muinoa dago handik gertu, Ondarretara iritsi aurretik. Eta Ondarretaren amaieran, Haizearen Orrazia. Eduardo Txillidaren eskultura multzoa agertzen da filmaren ibilbidean; ezin zuen bestela izan. Badira han bertan zulo batzuk, eta olatuek gogor jotzen dutenean ura indarrez ateratzen da zuloetatik. «Marilyn Monroeren soinekoaren eszenaren errepika egin zezakeen Allenek, baina...».

Aieteko jauregian da azken geldiunea. «Hori, beste baterako». Zumaiako Itzurun hondartza eta Pasai Donibane (Gipuzkoa) ere bai. «Eta Allenen ibilbide gastronomikoa? Egin beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.