ATZEKOZ AURRERA

Garbitze lana, auzolanean

Herritar multzo bat Bilboko Bolintxu haranean aritu da bazterrak garbitzen, Hegoaldeko Saihesbidea zabaltzearen kontrako plataformaren deialdiari erantzunez.

Gazte batzuk, Bolintxu erreka garbitzeko lanetan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Abusuko biribilgunean, Bilbok Arrigorriagarekin muga egiten duen lekutik gertu, 50 lagun inguru elkartu dira, zahar, gazte zein ume. Jantzietan ezagun dute mendira joateko asmotan dabiltzala, baina haiena ez da asteburuko mendi txango arrunta. Hegoaldeko Saihesbidea zabaltzearen kontrako plataformak deituta, Bolintxu erreka eta izen bereko harana garbitzea dute helburu.

«Duela hilabete eta erdi inguru jakinarazi ziguten euriteak zirela-eta zarama handia agertu zela Bolintxu errekan», azaldu du plataformako kide Juan Pallaresek. «Bilboko Udalari garbitzeko eskatu genion, baina erantzun ziguten hiru hilabete behar zutela dena antolatzeko. Orduan pentsatu genuen jendeari deialdia egitea».

Leku berezia da Bolintxu. Bilbori gelditzen zaizkion gune natural bakarretako bat da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horren gainean zubia eraiki nahi du, Hegoaldeko Saihesbidea, Supersur izenaz ere ezaguna, Arrigorriagan AP-68 autobidearekin lotzeko. Lanak oso aurreratuta daude, Pallaresek azaldu duenez: «Zubiaren bi ahoak amaitzen ari dira, eta azken pausoa izango da zubia eraikitzea». Aurreikuspenak betetzen badira, autobidea datorren urtean egongo da erabilgarri.

Bolintxuko inguruak garbitzeko auzolana Aldaketaldia izeneko egitarau zabalago baten barruan dago: «Egunero ingurumenaren eta gure herritarren osasunaren alde lan egiten dugun hainbat taldek antolatzen dugu Aldaketaldia», esan du Ekologistak Martxan taldeko Miren Basalduak. «Otsailaren 6aren inguruan antolatzen ditugu jardunaldiok, hori delako Zaldibarko zabortegia amildu zeneko urteurrena, eta, gure ustez, hori izan delako Euskal Herriko hondamendi ekologikorik larrienetako bat. Aukera baliatu nahi dugu ingurumen eta osasun arloan ditugun arazo ugariak azalera ateratzeko, eta erakundeei norabide aldaketa bat eskatzeko».

Errepidean gora

Tipi-tapa abiatu dira mendizaleak errepidean gora. Ezkerrean Ollargan parkea dute ikusgai; eskuinean, berriz, trenbidea eta autobidea. Azkenean, Bolintxubide izeneko lekuan dagoen aparkaleku txikira iritsi dira, Buia auzoan. Han antolatzaileek ekarritako autoa dute zain, eta, horrekin batera, inguruak garbitzeko behar duten material guztia.

Denak elkarrekin joan beharrean, hamar laguneko taldeak antolatu, eta talde bakoitza bere aldetik joatea erabaki dute. Materiala banatzen hasi dira: plastikozko eskularruak, zakarrak batzeko poltsak, aitzurrak eta abar. Batzuk, lanari ekiteko gogoari ezin eutsi, eta aparkalekuan bertan hasi dira botilak, latak, plastikoak eta antzekoak biltzen.

Taldean badago 18 eta 23 urte bitarteko gazte multzo bat. Hamasei dira orotara, eta lepoan eskauten adierazgarri den zapia daramate. San Adrian Orbeltz Eskaut Taldeko kideak dira, Gaizka Diarcek azaldu duenez: «Kartela ikusi genuen, eta etortzea erabaki genuen. Uste dugu garrantzitsua dela ama lurra zaintzea eta errespetatzea. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen. Bi aste barru Muskiz aldera [Bizkaia] joango gara, antzeko zerbait egitera».

Bidexka pikoan behera eginez, talde bat errekaraino iritsi da. Inguruan dauden zakarrak batzeari ekin diote, baina gazteenetako batzuk tematu dira erreka erdian enbor batzuetan korapilatuta ageri diren plastikoak ere bildu behar direla. Haraino heltzea, baina, ez da batere erraza. Besoetatik oratuta, giza kate moduko bat osatu dute, eta, azkenean, plastikoak adarretatik askatzea lortu dute. Ahaleginak ahalegin, batek baino gehiagok oinetakoak mela-mela eginda amaitu du.

Marta Rodriguez bilbotarra 7 urteko alabarekin joan da: «Alaba eta biok beti etortzen gara Bolintxura txangoan, zenbaitetan lagunekin ere bai, eta aurrekoan ikusi genuen dena zaborrez beteta zegoela: plastikoak, motor zahar bat errekaren erdian eta abar. Bikotekideak sare sozialen bidez bidali zidan deialdi hau, eta gure Bolintxu maitea garbitzera etortzea erabaki genuen».

Apurka-apurka, inguruetako zakar guztiak bildu eta plastikozko poltsatan sartzen ari dira. Poltsak bidean utzi dituzte; gero, itzultzean, denak jaso eta aparkalekuan lagako dituzte, datozen egunetan udalaren garbiketa zerbitzukoek handik har ditzaten,

Bolintxuko ur jauzirako bidean, eraikitzen ari diren autobide berria ageri da. «Hegoaldeko Saihesbidea zabaltzeko lanak iragarri zituztenean, esan zuten Bolintxu ez zutela ukituko, baina ikusiko dugu», esan du Basalduak. «Oraingoz, lanek aurrera jarraitzen dute. Gure ustez, egitasmo hori ez da beharrezkoa; Hegoaldeko Saihesbideak ez ditu aurreikuspenak bete, ez du trafiko nahikorik, eta orain beste tarte bat egin nahi dute. Ez dakigu zein den horren helburua, auto pribatuen joan-etorriak areagotzeaz gain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.