ATZEKOZ AURRERA

Estudioen ateak, zabalik

Ate irekiak egin dituzte Tabakalerako artista egoiliarren lana ezagutzeko. Bisitariek artisten lan prozesuak eta orain arte lortutako emaitzak ikusi ahal izan dituzte.

Ibon Landa artistak Artisten Guneko egonaldian sortutako lana. MAIALEN ANDRES / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Zurezko oholekin egindako plataformek osatzen dute gelako atartea; oholek zuloak dituzte, eta, tarteka, koloretako kuxinak daude, jendea bertan eroso eser dadin. Inguruan, hainbat besaulki daude, eta parean pantaila bat, gunea girotzen ari den Telmo Trenor DJ-aren alboan. Donostiako Tabakalerako Artisten gunea da; lantegi irekiak antolatu zituen ostiral arratsaldean eta atzo, bertan egonaldiak egiten ari diren egoiliarren lanak ezagutzeko helburuz.

«Egonaldi batek espazio bat eta denbora bat ematen dizkizu, proiektu horretan jarduteko ia-ia une oro», azaldu du Ane Agirre Artisten Guneko arduradunak. Bi hilabeteko egonaldia egiten dute bertan, beren proiektuak garatzeko. Lotarako lekua jartzen die Tabakalerak bertako hotelean, eta lanerako ordutegi malgua daukate; diru poltsa bat ere ematen diete, laguntza gisa. Lana gizarteratzeko eguna da artistentzat, eta artelanak «ia ia ukitzeko aukera» ematen diete bisitariei, Agirreren hitzetan.

Hallaren ertzean daude artisten estudioak, eta kanpoan dituzte izenak idatzita: zortzi dira, orotara. Bigarren estudioa dagokio Sara Ayesa margolari donostiarrari. Gelan sartzearekin batera murgiltzen da bisitaria haren munduan, artistaren obrak haren izatetik edaten baitu, nahitaez: pintura usainez betetzen dira sudur zuloak, eta kolorez begiak, kolorez betetako paperezko eta egurrezko paletak baitaude gelaren erdigunean, mahai baten gainean. Hormetan, berriz, Ayesak egindako lanak daude.

Ja, ja izena zuen haren hasierako ideiak, barre egiteari erreferentzia eginez; etengabe arreta jartzen egotea neketsua dela iritzita, barre egitean gertatu bezala, «oharkabetzetik abiatuta» marraztea du gustuko artistak. Ez baita «kontuz» marrazteko zalea: «Sortu birtartean eraikiz joatea gustatzen zait, emaitza freskoagoa lortzeko; kontuz marrazten badut, emaitza zurrunagoa da. Gehiegi pentsatu badut emaitzan, ez naiz gustura geratzen».

Era berean, margotzetik abiatuta sortzea gustatzen zaio, figura batean oinarrituta baino: «Ez zait gustatzen hasieratik pentsatzea: txakur bat irudikatu nahi dut. Baizik eta pinturatik abiatuta agertzea txakur bat». Osterantzean, «figura oso konbentzionalak» sortuko lituzkeela dio.

Nabari da lanak marraztu ondoren lekuz mugitzen ibili dela, hormetan paperaren iskinetik at geratutako koloreak ikusten direlako, bertan lanean aritu izana salatuz bezala. Sortutako obrak elkarrekin harremanetan jartzea du gogoko, «beste konplexutasun bat» lortzeko xedez. «Lan bat beste baten ondoan jarrita, batek daukana besteari falta zaiola ikus daiteke», azaldu du.

Elkar entzutearen onura

Egonaldian gainerako artistekin sortutako harremanak garrantzitsuak direla nabarmendu du Ayesak, kanpo begirada bat izate aldera: «Eskertzen da zure proiektuan hain sartuta ez dagoen norbaiten iritzia jasotzea. Diziplina ezberdinetan gabiltza, baina denok ari gara zerbait sortzen». Gainerakoak entzutea «aberasgarria» dela dio, besteen iritziak jasotzeak bere «prozesua irekitzen» lagun diezaiokeelako.

Ibon Landarenarena da begirada horietako bat. Ondoko estudioan dago, eta aurretik ezagutzen zuten elkar. Hormako mihise beltzetan haren gorputzaren forma ikus daiteke, eta markesinetako iragarkiak ditu oinarri, «giza eskalaren garrantzia azpimarratzeko»: «Gorputzetik gorputzera egiten duten mezua da, bisualaz aparte, ikuslearen gorputza ere interpelatzen dutelako». Gorputzaren irudikapena eta gorputza bera zer den bezalako galderak sortzen dizkio Landarenari haren lanak.

Azaldu duenez, «interes piktoriko batetik» dator haren lana, baina «manipulazioa euskarrian oinarritzen da»: «Saiatzen naiz euskarriak manipulatzen edo euskarriak ematen dizkidan ñabardura edo materialtasunetan lan bat aurrera eramaten».

Haren espazioaren ondoko gelan dute sukaldea, eta sukaldearen parean egurrezko etxola bat, leiho gardenekin: bertan dago Irati Cano ontzen ari den Amak esan zidan filmaren zati bat, proiektatuta, sortzailea falta den arren. Filmaren garapen prozesuan ematen ari den pausoak ikus daitezke hormetan: paperez eta eskemaz beteta daude, komisaria batean krimen bat ikertzen dutenean bezala: denbora lerroa, gaien konstelazioa, artxiboa edota bidaia dira aztarnen izenburuak. Pareko atetik pasata egiten da topo gainerako artisten estudioekin; nor bere txabolan dago, publikoaren zain.

Galeristak zein hiritarrak, arte adituak zein artearekin loturarik ez daukaten pertsonak dabiltza han-hemenka, estudioak ezagutzen. Saray Perezek, adibidez, txalotu du «prozesu bat komunikatzeko apaltasuna, dauden puntuan daudela ere».

Sarrerako atearen ondoan kortxozko arbel bat dago. Bertan daude iltzatuta 2016az geroztik egonaldietan parte hartutako artisten argazkiak. Gunea zelatatzen daude, behin haiek egondako lekuan gaur dauden horiei begira, argazkian hilezkortuta bada ere, hurrengoa nor izango den galdetzen ariko balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.