Deskuidu soil bat izango zen. Baina, akaso, baita hiriaren subkontziente kolektiboaren manifestazio bat ere. Kapela Eguna antolatu zuten atzo Bilboko Konpartsek Plaza Barrian, eta, bi urteko etenaldiaren ostean, herritarrei Aste Nagusirako ehun egun baino gutxiago falta direla gogorarazteko atzerako kontagailu xume bat ere jarri zuten balkoietako batean. Berez, 98 zenbakia erakutsi behar zuten bertan zintzilikatutako bi zenbaki erraldoiek, baina, itxuraz behintzat, nahi gabe, ordenarekin nahasi, eta, ohartzerako, minutu erdi inguruz, hamar egun aurreratu zuten festaren hasiera.
Bi begi saltaridun sonbrero beltz bat eta, ondoan, boneta beltz klasiko bat, eta Idoia Ugalde eta Ioritz Varona Montes Bilboko Konpartsetako ordezkariak haien azpian, Kapela Eguna zertarako asmatu duten azaltzen. «Azken bi urteotako geldialdiaren ostean, animatuz joateko egun bat antolatu nahi genuen, denok batzeko, plaza betetzeko, eta gogoratzeko ja laster datorrela festa eta hemen gaudela». Eta horregatik kapelena. «Nahi genuen egun bat ez zena izango bakarrik Bilboko Konpartsetako kideontzat, baizik eta mundu guztiarentzat, ze guk kamiseta bat jartzen dugu eta bagara konpartsakideak, eta horregatik atera zen kapelaren ideiarena, edonork duelako bat etxean: ba hartu, jantzi eta kalera irten, ehun egun baino gutxiago falta direla».
Oihal arrosa zati batzuekin atondutako sare itxurako sonbrero dotore bat, eta Mertxe Valparis Zarata's konpartsako kidea haren azpian. «Gure konpartsaren ikurra da hau: muskuiluak arrantzatzeko erabiltzen den sarearekin eta zinta arrosa batekin egin dugu, eta konpartsaren izarra ere itsatsi diogu. Urteak daramatzagu kapela hau egiten, baina oraingoan gehiago egin behar izan ditugu. Eta, barkatu, baina banoa dantzara».
Txistulari bat plazan, eta kapelu sorta baten azpian, jendetza borobilean, Zazpi jauziak dantzatzeko. Jauzi bat, jauzi bi, hiru jauzi, lau, eta mikrofonotik gidariaren ahotsa, jendea gidatzen. Edo. «98 egun geratzen dira, ba, orduan, 98 jauzi egingo ditugu!». Eta bost jauzi orduan. «Bat! Lau! Hiru! Bost! Zortzi». Eta segi gero.
Asterixen hegodun buruko zinta batzuk, azpian Kaskagorri konpartsako hainbat kiderekin. Trikornio erraldoi solte bat, koloretako plastikozko lore sorta batekin. Zirkuko aurkezleen sonbrero luzexka horietako baten bertsio ñimiñoa, eta azpian gizonkote handi bat. Pikatxuren kapela. Pirata gorroak. Adarbakar bakarti bat. Laranja kutxa batzuen hondakinekin atondutako kapelu sofistikatu bat afixa batekin: «Mesedez, striptease-ak». Egunkariz egindako Napoleonenaren gisako kapela pare bat. Steampunk estetikako metal itxurako sonbrero altu bat, betaurreko futurista batzuekin. Marine txanotxo zuri bat. Errusiar txano bat, 30 gradutik gorako eguzkitara.
Jai herrikoien defentsan
Eta cowboy kapela erraldoi bat ere bai gero. «Honek? 80 zentimetro luze, eta 80 zentimetro garai. Aspaldi nuen etxean, eta gaur atera beharra nuen, nahi nuelako zerbait umila, atentziorik deituko ez zuena». Edorta Arrontegi Kaixo konpartsako kidea hizketan, kapelutzarraren azpitik azalpenak ematen. «Bi urtez Aste Nagusirik egin gabe, aurten egin behar da indarra Aste Nagusi potente bat bultzatzeko». Zurbaranbarri auzoko konpartsa da Kaixo, eta festak dituzte asteburuan. «Plaza Barritik hara goaz». Kapela eta biak bai. Eta konpartsako gainerako lagunak ere bai.
Telekomunikazio kooperatiba baten logodun bisera beltz bat, azpian, Iñigo Fernandez de Martikorena Abante konpartsako kide eta konpartsen eledunarekin. «Bagenekien jendea gogoz zegoela, eta nahi genuen gogo hori bideratu. Guretzat helburua beti da ondo pasatzea, jai herrikoien eredua defendatzea».
Txima laranjadun mago sonbrero baten azpian, Aingeru Cuñado, Zazpikaleetako Disfrazz mozorro denda ezaguneko kudeatzailea. «Festa dugu lanbide, eta Aste Nagusirako gogoz gaude gu ere». Konpartsek gonbidatuta jarri zuten postu txiki bat atzo Plaza Barrian, eta onartu zuen azken urteak zailak egin zaizkiela. Eta horregatik poza. Meltxor sonbrero dendak eta Albero kapela dendak ere jarri zuten salmahai bana, eta, zabala zen eskaintza. Onddo-kapelak, txapelak, ostadar koloreko gorroak, lorez betetako igeriketarako txanoak, biserak, lastozko kapeluak, bonetak, cowboy kapela koloretsuak, Asterixen kaskoak, eta boak, boak eta boak, kolore guztietakoak: urdinak, gorriak, arrosak, loredunak, zuriak, gorri-beltzak, multikoloreak...
Txaranga musika. Dantzaldiren bat. Barre hotsak. Horra plaza bakar batean bildutako hiri bat, bi urteko etenaldiaren ostean, bere festa nagusirako 98 egunen faltan. Momentu batez, agian istripuz edo agian subkontzienteki, 89 bakarrik izan zitezen amestu bazuen ere.
ATZEKOZ AURRERA
Bilbok buruan darabilena
Aste Nagusia hasteko ehun egun baino gutxiago falta direla gogoratzeko Kapela Eguna antolatu dute Bilboko Konpartsek, eta atzerako kontagailu bat ere jarri dute Plaza Barrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu