Haragi industria. Sektorea Euskal Herrian

Behiek trenari nola

Harrituta agertu dira abeltzainak eta lehen sektoreko sindikatuak haragi ekoizpenari eta kontsumoari buruz NBEk zabaldutako mezuekin. Haserre ere bai, kasik. Ingurumena eta kalitatea zaindu arren, kanpo faktoreen eraginez gero eta estuago daudela diote.
Betizu bat, Goizuetan, artxiboko argazkian.
Betizu bat, Goizuetan, artxiboko argazkian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Hodei Iruretagoiena - Iosu Alberdi - Aitor Biain -

2019ko urriak 13
Harrituta. Halaxe daude abeltzainak NBEk haragi kontsumoaren eta ingurumenaren harira zabaldutako ondorio biribilekin. Eta haserre ere bai, kasik. Ohartarazpen larriak egin ditu NBEren Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak joan den abuztuko txosten batean: elikagai ekoizpen intentsiboak eta Mendebaldeko herrietako elikadura moduak klima larrialdia areagotzen du. NBEren arabera, gainera, elikagai industriak eragiten ditu berotegi efektua areagotzen duten gas isurien laurdena. Ikerketa eta txostenetan, mezu bat zabaldu dute bereziki: haragi gutxiago jan behar litzateke —behikiak, batez ere—, eta produkzioan energia gutxiago erabili. Zehaztapenak behar dituzte ondorio horiek, ordea, Euskal Herrian abeltzaintzaren inguruan dabiltzanen iritziz.

Leire Iraizoz Ultzaman (Nafarroa) dabil abeltzain haragitarako behiekin, eta harridura agertu du zabaldu diren mezuekin: «Animaliak beti egon izan dira. Ez dut ulertzen zergatik ez zaien plastikoei begiratzen, adibidez. Plastikoen erabilera askoz gehiago aldatu da: edariak, lehen, beirazko botiletan saltzen ziren. Autoekin berdin, etxe bakoitzean auto bat bazegoen asko zen; orain, pertsonako bat ikusten da ia».

Euskal Herriko gutxieneko azterketa bat eginez gero, bestelakoa behar luke ikuspegiak Garikoitz Nazabalen ustez ere. Gaurko egoera politika jakin baten ondorio dela gogorarazi du Gipuzkoako EHNEko presidenteak: «Askok, edo batzuek behintzat, Euskal Herria plataforma logistiko moduan planteatu dute. Hemengo hegazkin zirkulazioa, kamioi eta autoena, trena... Eta behiak kutsatzen du? Adarra jotzen ari zarete? Hori da baserritarraren lehen ondorioa, baina jendeak ez du hori aztertzen».

Heterogeneoa baita sektorearen egoera, EHNEkoak azaldu duenez: «Nahiz eta laneko sistemak antzekoak izan, ez da berdina ipar isurialdeko abeltzaintza edo hego isurialdekoa. Gehiago eragiten dute baldintzek: larreek, lurraldeak, bolumenak...». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu bat eman du Enbako presidente Xabier Iraolak: 2017an, 4.300 behi esplotazio zeuden, baina horietatik 3.000 inguru hamar abelburutik beherakoak ziren. «NBEren txostenak ez ditu bereizten ekoizpen moduak, ustiatzeko lekuak, dimentsioak... Hamar burutik beherako esplotazio horiek, adibidez, lurrarekin askoz lotuago daude».

Peio Kihilalt Axuria elkarteko lehendakari eta Herriko Haragia elkarteko kidearen esanetan, 600 laborari inguru dira Zuberoan, eta ia guztietan ardi eta behi hazkuntzak dituzte, nork bere etxaldean. «Hala ere, hirutik bi baino ez dira segida ziur izanen dutenak. Gazteak azkarki loturik badira etxaldeetara, askoz hobe, zeren bizitzeko maneran bada ezberdintasun handia nekazaritzan edo industrian, eta hori ez da erraza jasatea gazte batentzat», ohartarazi du. Baserria KM0 kooperatibako Jose Pablo Larreak ere aipatu du arrisku hori —300 bat baserri biltzen dituzte kooperatiban—: belaunaldi berrien erreleborik eza. «Askotan esaten da, baina hala da».

Nafarroan, oro har, handiagoak dira kopuruak, ziur aski lurraldearen beraren baldintzengatik. Haragitarako behien 675 esplotazio zeuden 2016an, 28.000 buru inguru; horietatik erdiak, piriniotar arrazakoak. Ardi kopurua dezente handiagoa da: 500.000 arkume hazten dituzte urtero, bertan hiltzeko nahiz kanpora bizirik saltzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iturriek nabarmendu dutenez.

NBEn, izen-abizenak falta

NBEren txostenaren harira, Nafarroako Gobernuko iturriek diote argi daukatela ekoizpen ereduak aldatu behar direla, baina azaldu dute badirela urte batzuk nekazaritza politiketan klima larrialdia ere kontuan hartzen dutela. Gas emisioak murrizteko, hobekuntza teknikoen inguruko arau batzuen bidez kontrolatzen dituzte instalazioen diseinua, ganaduaren elikadura, biltegi teknikak... Hala, argi utzi dute abeltzaintza eredu estentsiboa defendatzen dutela —tokiko natur baliabideak kontuan hartzen dituena, ez soilik epe motzeko errentagarritasuna—, eta hori dela, hain zuzen, Nafarroan sustatzen dutena: «Bertako arrazen pisua handia da, gainera, eta erabat egokituta dago lurraldera, funtzio horiekin guztiekin: ekonomia eta enplegua sortzea, herrietan eta landa eremuan bizitza ahalbidetzea...».

Nazabalen hitzetan, testuingurua ematea falta zaio NBEri: «Esan izen-abizenekin: esan Hego Amerikan sojarekin eta bertako produktuekin gertatzen ari denaren erantzuleak nor diren, esan Europako Batasunak hau eta bestea egin duela, multinazional hauek ari direla horretan... Bestela, horrelako bonba bat botatzea gustu txarreko broma bat da». Bitartean, izan ere, gero eta liberalizatuago dago guztia, EHNEkoak gogora ekarri duenez, eta CETA, Mercosur eta gisako merkataritza akordioak sustatzen ari da EB.

Kihilalt ere kritiko da NBEk igorritakoaren gisako mezuekin: «Ez dakite nolakoa den gure hazkuntza modua, zein kalte eragiten dituen, eta moda orokorretan oinarritzen dira. Guk hazkuntza txikiak ditugu, eta gure behiek jaten dute inguruan aurkitzen dutena». Bi hazkuntza modu bereizi behar dira, Axuriako lehendakariaren hitzetan: industriala, eta etxaldeetakoa. «Gure larreetako behiek bazterrak garbi mantentzen laguntzen dute», nabarmendu du. Hazkuntzarik ezean, dena sasiak hartuko lukeela dio: «Guk ingurumenaren alde egiten dugu lan, errespetatzen baitugu biziki, eta apenas erabiltzen dugun produktu kimikorik. Uste dut gu garela ingurumenaren egiazko zaintzaileak».

«Baserriak bere osotasunean begiratu behar dira: basoa kudeatzen du, oreka mantentzen laguntzen du», ohartarazi du Jose Pablo Larrea Baserria KM0 kooperatibako kideak. 300 baserri inguru biltzen ditu kooperatibak, eta Kihilalten bide beretik hitz egin du hark ere: «Sistema estentsiboa edo erdiestentsiboa erabiltzen dugu. Oso zaila egiten zait pentsatzea sistema estentsiboko abeltzaintzak kalte handiagoa egiten duela era intentsiboan hazten diren beste espezie batzuenak baino». Arbola bat babestu proiektua ere martxan du kooperatibak: urtero bi hektarea zuhaitz landatu asmo dituzte, ingurua mantentzeko baserritarren lanaren garrantzia erakusteko. Gasteizko Olarizun egingo dute ekitaldia, urriaren 27an.

Jarduera ekonomiko bat baino gehiago, «kultura bat» baita nekazaritza Kihilaltentzat: «Ingurua, bizimodua, lanbidea... Dena inguratua da gure sektorean, eta pentsatzen dut jendeek behar dutela hori ikusi eta sustengatu».

Nafarroako Gobernuak ere nabarmendu du, oro har, baliabideak ez agortzeko, eredu horretan sakondu eta «jasangarri» egitera jo behar litzatekeela. «Abeltzaintza estentsiboak ingurua zaintzen du, sute arriskua murriztu, eta lurraldearen euskarri sozial eta ekonomikoa da. Ezin da esan nekazaritzak eta abeltzaintzak kutsatu egiten dutela, karbono hartzaileak ere badira».

«Zer elikadura modutara goazen, norberak bere mailan kontrolatzen du», ohartarazi du Iraolak. Politika globalek eta merkataritza itunek ere pisu handia dutela, alegia: «Mendebaldeko edo herrialde garatuetako elikadura eredua mundu osora zabaltzen bada, noski, izugarrizko ondorioak izango ditu. Eta elikagai industriaren bidez eta merkataritza itunekin ari bagara eredu hori Asian eta Afrikan zabaltzen, marketinaren bidez bonbardatzen, noski, haiek ere horra jo nahiko dute. Baina hori ez dute baserritarrek sustatzen». Tokiko kulturatik jan ordez, Europan bertan ere kontsumo «moda» berriak sustatzen direla azaldu du Enbakoak, kinoa adibide hartuta: «Orain, kinoa saltzen digute super-elikagai moduan, baina nutrizio balio bera dute dilistek. Eta hemen betidanik izan ditugu lekaleak».

Datuek nahiko argi diote: behi eta txahal haragiaren kontsumoak behera egin du azken urteetan. Bai, behintzat, Mendebaldeko herrialdeetan. «Baina, noski, zerekin ari gara hori ordezkatzen?», galdetu du Iraolak: «Elikagai prozesatuekin. Ez gara ari jotzen barazkietara eta frutara; hori gehitzen ari da, baina ez bestea jaisten ari den beste. Itzalean agintzen dutenengandik dator arazoa». Larreak ere ez du uste beste leku batzuetan baino haragi gehiago jaten denik Euskal Herrian: «Nahiko orekatuak gara».

Iritzi bera du Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak: «Haragi gorriaren kontsumoa ezbaian jarri da, eta ezin dugu bat egin horrekin. Abusua txarra da, noski, denean bezala, baina nutrizionistek gomendatzen dute dieta orekatu bat ere, eta hor sartzen dira gure produktuak».

Joera begetarianoek eta beganismoak ere eragin dutela azaldu du Iraizozek: «Eta sare sozialek eta albisteek ez dute asko laguntzen. Hedabideen eraginez gertatu da haragi kontsumoaren beherakada; oraintxe bertan, txekor haragia dute jopuntuan. Espekulatu egiten dute albisteekin». Etengabeko presaz bizitzeak ere eragin du jateko ohituretan: janari prestatua, unitate txikietan saltzea... Iraolak hor ere ikusten du «marketinaren bonbardaketa» bat: «Sukaldean aritzea denbora galtzea dela esaten digute. Askotan esaten dugu ez daukagula denborarik horretarako, baina, batez beste, bizpahiru ordu pasatzen ditugu pantaila baten aurrean, lantokitik kanpo».

Nazabalen ustez, sektoreak egokitu beharra du egoera berrietara, betiere, bertakoaren eta kalitatezkoaren alde eginez: «Gaitasuna badugu horretarako. Bestela, etxekalte arituko gara». EHNEkoak gogora ekarri du, ekoizle ez ezik, kontsumitzaile ere badirela: «Jaten dugunetik, noski, dena ez da gure etxean sortua. Baina badakit bertakoa erosiz gero herrigintza egiten dudala: ondoko baserritarrak edo dendariak bizitzen jarrai dezan, eta hango langileak ere izan dezan nire produktuak erosteko aukera. Kate bat da, eta hor, gizartearen eskutik joan behar dugu».

Prezioak eta kanpo eragina

Baserria KM0 kooperatiban nabaritu dituzte aldaketak kontsumo joeretan ere. Garai batean gehiago aritzen ziren harategiekin, baina orain supermerkatuetan ere ari dira bertako produktuak saltzen: «Formatuan, duela 30 urte, hemen inork ez zekien hanburgesa bat zer zen. Zatikatzen eta banatzen hasi ginenean, kalitatezko haragi pila bat aprobetxatu gabe geratzen zen. Erabakia izan zen eraldatzea eta kalitatezko produktuak egitea». Gaur egun, gourmet hanburgesak ere badira, eta prestatutako janaria ere egiten dute: «Jendeak azkar egin nahi du dena, eta, era horretan, lana errazten diozu».

Kanpotik datorren haragiak prezioetan duen eragina da abeltzainek nabarmendu duten traba handienetakoa. «Kiloa bost euroan saltzeko ahalegina egin dezakezu, baina zure haragiak egon behar du Aragoitik edo Kataluniatik datorrenaren ondoan», azaldu du Iraolak: «Hura lau euro eta erdian badator, hainbestean, baina hiru euroan badator... Edo Poloniatik eta Argentinatik badator haragi izoztua, bi euroan, herritarren parte batek poltsikoa astinduko du, baina beste batzuek ez. Kanpotik datorren gehiena baino garestiagoa da gure haragia, eta herritarren zati bat ez dago prest ordaintzeko».

AEBetatik, Kanadatik edo Argentinatik datozen horietan, esaterako, gizentzeko orduan «dena libre» dela salatu du Nazabalek: «Behartzen gaituzte baldintza berberetan ari ez direnen liga berean jokatzera. Ez da bakarrik kostuak kontuan izatea, lehia hori ere hor dago». Kihilaltek ere antzera hitz egin du, eta nabarmendu du beste herrialde batzuetan ez direla betetzen eurei ezartzen dizkieten baldintza zorrotzak: «Gure araudia haiena ere izan behar da, bestela, ez gara sekula konkurrentzia libre batean izanen».

Animalien ongizaterako lege bat onartu zutenean arrautzekin aritzen den lagun bati gertatutakoa kontatu du Nazabalek, adibide modura: «Kaioletan eta instalazioetan inbertsioak egin behar izan zituzten, eta dirutza bat kostatu zitzaien. Sistema berriak jarri eta kaiola horiek saldu egin zituzten enpresa askok, Marokora. Baina gero, Marokoko arrautza horiek datoz hemengo merkatura. Ea jarri oilo horiek dauzkanaren tokian: zer ari zarete, adarra jotzen? Niri ari zarete eskatzen baldintza mordoa, eta gero askoz ere merkeagoa den produktu horrekin lehiatu behar dut? Ez da posible».

Kontrolatzen ez dituzten halako elementu asko daudela azaldu du Baserria KM0ko kide Larreak ere: «Adibidez, 2008an kapitalak zerealetan babestu ziren. Babesleku bat ikusi zuten dirua jartzeko, krisi ekonomikoaren aurrean. Eta, bat-batean, gure abereek jaten dituzten artoak, garagarrak-eta, %35 garestitu ziren».

Salmenta zuzena

Ana Rosa Imaz ere abeltzain dabil, Ataungo (Gipuzkoa) Igartzate baserrian. 30 bat behi ditu, piriniotar arrazakoak, eta bederatzi bat urte daramatza salmenta zuzenarekin, diru sarrera gehigarri bat lortzeko. «Dena egin behar da legearen barruan, eta gastuak dezentekoak dira», azaldu du Imazek. «Orain, gainera, ohartu gara jendeak ez duela tiratzen; zerrenda handirik ez daukagu. Alderantziz, kontsumoa pixkanaka beherantz doala esango nuke. Propaganda ere hala egiten dute eta!».

Bi nebek laguntzen diote Imazi, nahiz eta haiek erretiratuta dauden. Bestela, ezingo luke lan guztiarekin. Kontsumoaren beheranzko joera hori nabaritu arren, oraingoz «eusten» diotela esan du, baina baldintza zorrotzek ez dutela asko laguntzen. Zornotzara (Bizkaia) bidaltzen dituzte txahalak, hil eta saltzeko moduan prestatzeko. Adibide bat eman du Imazek baldintzen inguruan: «Lehengoan esan zidan Zornotzatik haragia ekartzen didanak: azti ibili, orain ezin omen da-eta etxean gorde. Normalean, egun batean ekartzen genuen haragia, hozkailuak-eta dauzkagunez, hurrengo egunean banatzeko. Orain, ezin omen da. Baina 19:00etan ekartzen badidate, ezingo naiz ba banatzera joan!».

Inorentzat ez da erraza, baina batzuentzat, ezinezkoa da salmenta zuzenaren apustua. Iraizozen hitzetan, ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, eta, beraz, bitartekariengana jotzea besterik ez dute askok: «Abeltzainei hiru euroan erosten digute, eta harategian hamarrera saldu. Bitartekariek min egiten digute, baina salmenta zuzenerako baldintza asko bete behar dira».

Batasunak eman dezake indarra, Larrearen hitzetan: «Behar duguna da kooperatiban antolatuta egotea. 300 baserritarrek batera lan egiteak aukera ematen digu aldaketei aurre egiteko. Batek bakarrik askoz zailago du».

Azken urteetan, erakundeen politikak kontsumitzailearenganakoak izan dira nagusiki. Kalitate ziurtagiriak, labelak, sor-markak, etiketak... Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iturriek gogorarazi dute 2010ean onartu zutela Nafarroan salmenta zuzenerako legea: «Hori da merkaturatze zirkuitu laburrak babestea. Horrela, karbono arrastoa askoz txikiagoa da banaketa handietako zirkuituek uzten dutena baino». Gainera, bertatik bertara, zorrotzago bete ditzakete erregulazio eta kontrol neurriak ere.

Kihilaltek dio gero eta gehiago nabari dutela zero kilometro politikaren mugimendu hori: «Familiek nahi dute kalitate oneko haragia gertukoentzat. Beraz, hor egin behar dugu bultza. Baditugu aukerak, jendeak badaki, eta gerturatu behar dugu. Zirkuitu labur bat egiten bada, uste dut baditugula aukerak prezioetan hainbesteko diferentziarik ez izateko». Nazabalek ere uste du sektoreak bat egiten duela politika horiekin, baina aipatu du prezioek eta merkatuaren eraginak «erre» izan dituztela sarri.

Iraolak azaldu duenez, «nolabait, merkatuaren parte bat bertako ekoizpenarentzat bahituta edukitzea» lortzen dute politika horiekin, nahiz eta konpetentzia estua izan: «Label haragia baduzu, zu agian ez zara lehiatzen Argentinatik datorren haragi izoztu batekin, baina bai, agian, Frantziatik datorren kalitatezko haragi batekin. Hark merkeago jartzen badu... Erakundeen programa horien bidez, jendeari esaten diozu: 'Hemen gaude'».

Atzera begiratu du Nazabalek. Europako nekazaritza politika bateratua, II. Mundu Gerraren ondoren, beste helburu batzuekin hasi zela dio, ez sektorea erabat liberalizatzeko. «Uste dut konplexu asko dauzkagula Euskal Herrian: 'Zera, Europa...'. Ez. Europa neoliberala da. Eta politikak planteatzen ditu produktua merkantzia gisa tratatuz, eta askotan baserritarrak truke txanponak baino ez gara. Trukean, ez dakit zer lortuko duten: petrolioa...».

Kihilalten iritziz ere, laborantza izaten da nazioarteko merkataritzan «kaltetuena», beti. «Mozkinak bilatzen dira janariaren sektorean, baina hori baino gehiago da gure lanbidea. Behar da beste manera batean ikusi, zaindu eta babestu. Protekzionismo apur bat behar du ». Argi hitz egin du Imazek ere: «Goitik hasi beharko lirateke esku bat botatzen. Dena da exijentzia,eta bizirik irauteko ere gero eta okerrago gabiltza».

Gobernuak sarri mintzo dira sektorearen estrategikotasunaz, baina herri estrategia baterako «etxe barrutik» hasi behar dela dio Nazabalek: «Osakidetza, eskolak... Gutxien-gutxienez, hasi hortik. Kontsumitzaileei eskatzea ondo dago, baina ezin da ardura guztia haien gain utzi. Zeuk ere egin esaten duzuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna