Gizartera egokitzeko lanean

Euskal Herriko baserrietako abereetatik ateratako produktuek harategiak dituzte helmuga. Horiei ere zuzen-zuzenean eragin die haragiaren kontsumoak izaniko beherakadak.

Anabel Atxaga, Urnietako Jose Fagoaga harategiko erakusmahaiaren atzean, txuleta bat eskuetan: «Gero eta gutxiago saltzen da». JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
Urnieta
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Haragiaren kontsumoaren inguruko berriek abeltzaintza jarri dute jomugan, baina bada albiste horiek zuzenean eragiten duten beste sektore bat ere: harakinena. «Albisteak beti haragiaren kontrakoak dira», kexu da Anabel Atxaga. Hark eta senarrak bigarrenaren izena daraman negozioa zuzentzen dute Urnietan (Gipuzkoa): Jose Fagoaga harategia. Biek euren produktuen kalitatea eta inguruko baserrien ekoizpen ereduak defendatu dituzte. «Akaso, ekologikoagoa al da Hego Amerikatik edo Japoniatik elikagaiak ekartzea?», galdetu du Atxagak.

Bikoteak urte asko daramatza sektorean lanean, eta biek argi dute denboraren poderioz gauzak aldatuz doazela. Beti egin legez, harategia ireki baino ordubete lehenago iristen da Fagoaga bertara, 07:30 inguruan, egunean eguneko produktuak prestatzen hasteko: txistorra, xerrak, mingaina... Azken urteetan, ordea, aldaketak egin dituzte eskaintzen dituzten produktu motetan, kontsumo ohitura berrietara egokitzeko. Gero eta gehiago dira eurek prestatutako produktuak, eta horren adibide dira harategian bertan eginiko tripakiak. Erosi, etxera eraman, sutan jarri eta jateko prest. «Gero eta aisialdi gehiago dago, eta azkar prestatzeko janaria nahi izaten dugu etxean».

Erakusmahaira begiratzea besterik ez dago hori egiaztatzeko. Oilasko, txuleta, txistorra... eta halako produktuen alboan, jada prestatuko lasagnak eta mota askotako hanburgesak dituzte salgai: txekor, oilasko, indioilar eta zerri haragiz egindakoak. «Azkar egitekoa eta umeek erraz jaten dutena», azaldu du Atxagak.

Harategiko produktu «indartsuena» oraindik txekor haragia duten arren, halakoak gero eta gehiago saltzen direla gehitu du Fagoagak. Betiere, haragiaren «punta-puntako» kalitatea defendatzeari utzi gabe. Izan ere, Fagoaga berak erosten du bertara iristen den haragi oro: «Dena bertakoa erabiltzen dugu, inguruko baserrietakoa».

Elkarlan beharra

Erosketak «lehengo era zaharrera» egiten dituzte. «Baserrira joan eta txekorra erosi», adierazi du Fagoagak: «Bizitza osoa daramagu orain modan dagoen Kilometro 0 hori egiten». Garai berriekin batera, ordea, aldaketak ere iritsi dira abere salerosketara. Jose Fagoaga harategia Mu! Harakinak proiektuko kide da. Sei harategik osatutako talde horrek erosketak batera egiten ditu, «bolumen handiagoa erosi eta prezio onena ateratzeko», adierazi du Fagoagak. Asteazken goizean, erosi beharreko txekor kopurua zehaztu zuten, eta baserritarrak eguna zehaztu zain dago haien bila joateko: «Aste barruan, larunbatean edo tokatzen denean». Hala egiten dute produktu guztiekin.

Elkarlan horretan ikusten dute etorkizuna Fagoagak eta Atxagak. Izan ere, euren harategia dagoen kale berean beste bi gehiago zeuden lehen, jada desagertu direnak. «Orduan, aldameneko harategia kontrarioa zen. Nolako akatsa hori», gogoratu du Fagoagak.

Egun, saltoki txikiak babestu beharrean, instituzioak kontrako aldera doazela salatu du harakinak, supermerkatu handiak irekitzeko gero eta baimen gehiago emanez: «Hemen bertan lokal mordoxka bat daude itxita. Zerbaitek huts egiten du».

Saltoki handi horien aurrean, euren produktua bereiztea besterik ez dute. «Zerbitzu ona eta kalitatea» dituzte berme, Atxagaren esanetan: «Horiek gabe, ezin gara supermerkatuekin lehiatu. Prezio merkeagoak eta ordutegi zabalagoak dituzte». Horregatik, kantitate txikiagoa produzitu eta astero berritzearen aldeko apustua egin dute. «Generoa freskoagoa izaten da, eta jendeak eskertzen du», nabarmendu du Fagoagak.

Ohitura aldaketak

Haragiaren kontsumoak oro har behera egin duen arren, euren negozioa ondo dagoela azaldu dute, eta egun beste bi langile ere badituzte, jendaurrean eta produktuen prestaketan aritzeko. Arratsaldean, gortinak igo eta atea zabaltzerako, Atxaga eta beste langile bat bezeroen eskariei erantzuteko prest daude, Fagoaga atzeko aldean lanean hasi bitartean.

Berehala iritsi dira lehen bezeroak. Adin ezberdineko jendea, guztiak ezagunak harakinentzat. Txekor saiheskiak eskatu ditu Elixabete Etxezarretak. Landetxe baten jabe da, eta adierazi dubere bezeroentzat bazkari edo afariren bat eman behar duenean erosten dituela halako produktuak. Etxerako, berriz, oilaskoa edo zerria erosi ohi du. Bera ez da bakarra, haren atzetik iritsitako hurrengo bi bezeroek ere oilaskoa eskatu baitute, xerratan lehenak, osorik bigarrenak.

Zergatik, ordea, auzoko harategiaren aldeko hautua, supermerkatura joan beharrean? Aritz Legazpia bezeroak adierazi du bietan erosi ohi duela, baina «kalitate bila» harategira joaten dela. «Betiko harakina eskertzen da», gehitu du Etxezarretak, «pertsonak berak konfiantza ematen dizu».

Asteazkena izanik, egun «eskasagoa» espero dute. Aste barruan jende gutxien izaten duten eguna izan ohi baita, asteartearekin batera. Ostiraletan eta larunbatetan izaten dute bezero gehien, aldiz. Ordutegiek ere garrantzia dute: goizean, adineko jendea; arratsaldeko azken orduan, gazteagoak hurbiltzen dira, lanetik irten berritan edo.

Badakite gazte horien artean gero eta haragijale gutxiago daudela, bezero batek baino gehiagok esan baitie euren seme-alabek hautu hori egin dutela. Moda hitza aipatu du Atxagak beganismoa definitzeko. Egun, oraindik ez dute aldaketa horren eraginik pairatu, baina kontsumo ohituren noranzkoari gertutik erreparatzen diote, haien beharretara egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.