Koronabirusa

Arabako hainbat institutuk ez dakite itzulera plana onartu dieten ala ez

Ikastetxe bakoitzak planifikatu behar du itzulera nola egin. Ikuskaritzaren oniritzia jaso beharko dute, eta horren zain daude

Ikastetxe bateko gela bat hutsik, Ordizian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bihar dira ikastetxeetara itzultzekoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat mailatako ikasleak. Eusko Jaurlaritzak esan zuen eskolek «autonomia» izango zutela Itzuleraz erabakitzeko. Horretarako, plangintza bat egin behar izan dute ikastetxeek, baina Arabako hainbat institutuk oraindik ez dakite ikuskaritzak euren plana onartu dien. Gasteizko Ekialdea institutua da horietako bat, eta Peio Salazar zuzendariarekin hitz egin du BERRIAk.

Haren hitzetan, astearte gauean jaso zuten gutun bat institutu publiko eta pribatuetako zuzendariek, proposamenak jasotzeko txantiloi batekin. «Teorian, askatasuna dugu nahi dugun bezala kudeatzeko saio presentzialak, online edo dena delakoa, jakinda zein den Jaurlaritzaren irizpidea». Ostegunean, ikuskariekin bildu ziren, nola bete jakiteko. Araban, Salazarrek dakiela, ikastetxe publiko batek jaso du erantzuna, eta aldekoa izan da. «Ikuskaritza nagusitik bidali ziguten gutuna; beraz, teorian, gure ikuskariak ez du onartu behar. Lan pila bat izan behar da haientzat».

Irakurri gehiago: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako institutuen %20 inguru irekiko dituzte

Euren proposamenaren arabera, ikasleak ez dira itzuliko astelehenean. «Guk gure proposamena planteatu dugu, baina ez dakigu ontzat emango duten ala ez». Hirugarren ebaluazioa amaitu arte, etxetik jarraitzeko asmoa dute, eta DBH4ko eta Batxilergoko ikasleak ohiko eta ezohiko azterketak egitera nahiz Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa prestatzera soilik itzuliko dira. «Ez dakigu baldintzak bete ditugun. Guk aurrera joan behar dugu; ezin gara geldi geratu. Ezetza jaso arte, horrekin jarraituko dugu». Maiatzaren 18an itzuli behar zutela esandakoan, ezin zutela zabaldu dio, baina prestatzen hasi zirela. «Beti egon gara zerbait prestatzen, jakin gabe benetan indarrean jarri behar genuen». Jaurlaritzaren arabera, bost institututik bat zabalduko dute bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.