Gizon batek urruntze agindua urratu eta familiari eraso egin dio

Emazte ohiarengana ez hurbiltzeko agindua zuen gizonak. Alaba bati labanaz eraso dio, eta beste bi seme-alabek ihes egitea lortu dute

Bortxa matxistaren kontrako protesta, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ostiral gauerdian indarkeria matxista kasu larri bat izan zen Eguesibarren (Nafarroan), Erripagaina etorbidean. Gizon batek emazte ohiarengana ez hurbiltzeko agindua hautsi zuen, eta labana batekin sartu da emakumea hiru seme-alabekin bizi zen etxean. Alaba nagusiari buruan egin zion eraso labanarekin. Emakumea eta beste bi seme-alabek ihes egin zuten. Euskadi Irratiaren arabera, gizona bere buruaz beste egiten saiatu zen gero, bigarren solairutik behera jauzi eginda. Foruzainek ez zuten argibiderik eman albistearen inguruan.

Atzo zabaldu ziren berrien arabera, larrialdi zerbitzuak ohartarazita, Eguesibarko udaltzainak eta foruzainak joan ziren emakumea eta seme-alabak bizi diren etxera. Labanaz zauritutako alaba Iruñeko ospitalera eraman zuten anbulantzia batean. Gizona ere ospitale berean erietxeratu zuten, eta Poliziaren zaintzapean utzi zuten. Atxilotu egingo zutela aurreratu dute zenbait iturrik. Emakumea eta bi seme-alaba txikienak lekuan bertan artatu zituzten.

Eguesibarko mugimendu feministak asteazkenean kontzentrazio batean parte hartzera deitu du, erasoa arbuiatu eta biktimei babesa erakusteko.

Sexu eraso bat

Noticias de Navarra egunkariak aurreratu zuenez, Foruzaingoak gizon bat atxilotu du Iruñeko Buztintxuri auzoan, sexu-eraso delitu bat egitea leporatuta. Erasoa martxoaren 18ko gauean izan zen. Emakume batek salatu zuen bortxatu egin zutela Buztintxuri eta Sanduzelai auzoak lotzeko trenbidearen azpian dagoen lur azpiko pasabidean. Gizona atzo atxilotu zuten, Buztintxurin. Foruzainak erasoa ikertzen aritu dira, eta pasabide horren inguruan dauden kamerak baliatuta identifikatu dute atxilotua. Orain polizia etxean dago, eta datozen egunetan eramango dute epailearengana, sexu delitu bat egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.