Presidentetzarako bozak Brasilen. Paulo Teixeira. PTko idazkari nagusi eta diputatu federala

«Lehen itzuliko emaitza ez da sekula aldatu bigarrenean; Lulak, are, handitu egingo du aldea»

PTko idazkari nagusiak asteotan erabiltzen ari diren estrategiak azaldu ditu: «Datorrenerako proposamen bat prestatzea; erakustea nor den Bolsonaro eta zer arazo dakartzan; eta albiste faltsuei aurre egitea».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Sao Paulo
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Paulo Teixeira (Aguas da Prata, Brasil, 1961) abokatua da, PT Langileen Alderdiko idazkari nagusia eta Luiz Inacio da Silva Lula-ren kanpaina koordinatzeko taldeko kidea. Lularen eta Dilma Rousseffen ondoan egon zen haien gobernuetan, eta, hilaren 2an, laugarren aldiz aukeratu zuten diputatu federal Diputatuen Ganberarako hauteskundeetan.

Teixeirak, Lularen kanpainako estrategia prestatzen duen taldeko partaide gisa, BERRIAri kontatu dio zer egiten ari diren bigarren itzuliari begira hilaren 30ean garaipena segurtatzeko, zer aliantza behar dituzten, eta zer analisi egiten duen Brasilgo presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliaz.

Lulak aldea atera ahal izan zion Jair Bolsonarori, baina iragarria zegoen baino hamar puntu txikiagoa izan zen. Inkestek pentsarazia zuten jokalekuaz oso bestelakoa izango da orain, eta badirudi indarren eskema hau ez dela batere erraza izango Lulak gobernua osatzen badu…

Lehenik eta behin, guk abantaila handiagoa izango dugu bigarren itzulian. Bigarrenik, historian, errepublikako presidentea hautatzeko bozetan, lehen itzuliko emaitza ez da sekula aldatu bigarren itzulian. Lulak, are, handitu egingo du aldea.

Izan ere, Bolsonarok izugarrizko ahalegina egin du milioika dolar inbertitzeko eta albiste faltsu pila bat zabaltzeko kanpainaren bukaeran, eta horren ondorio izan da hauteskundeen lehen itzuliko emaitza. Bestalde, nire ustez, badira beste indar politiko batzuk oraingoan Lula babestuko dutenak.

Gobernabideari dagokionez, Bolsonaroren alderdiak ez dauka gobernatzeko adinako gehiengorik: Kongresuaren bostena du, eta, gainera, aurrekoan Bolsonaroren alde egin zuten askok Lula babestuko dute orain.

Brasilgo presidentearen jarraitzailerik erradikalenek ez dute noski Lula babestuko sekula, baina centrão multzokoek bai. Horkoen parte batek beti egin zuen Lularen alde hura gobernuan egon zenean.

Horrexegatik, gobernabideari dagozkion auzietan, gure alderdiari ez ezik Lula babestu zuten hamar alderdi horiei erreparatu behar zaie, eta horiei gehitu behar zaizkie, gainera, Brasilgo Mugimendu Demokratikoa —Simone Tebetena—, Sozialdemokraziaren Brasilgo Alderdia —Ciro Gomesena—, eta centrão izeneko zentro politikoaren parte bat.

Orduan, horren eraginez, premia are handiagoa duzue aliantzak lantzeko...

Bai, baina kontuan hartu behar da Brasilen alderdien babesak eta pertsonen babesak ez direla gauza bera. Pertsonekin etorkizunaz mintzatzeko egingo dugu ahaleginik handiena.

Elkarrizketa horietan, kontuan hartu beharko da zer auzitan eta zer esparrutan egin zion kalte herrialdeari Bolsonaroren gobernuaren kudeaketak, eta horiek nabarmendu beharko dira.

Esate baterako, koronabirusaren pandemian herrialdea nola gidatu zuen, horri erreparatu beharko zaio.

Zer beste estrategia planteatu dituzue jokaleku berri honetarako?

Nire ustean, hiru estrategia daude: lehena, datorrenerako proposamen bat prestatzea; bigarrena, erakustea nor den Bolsonaro eta zer arazo dakartzan; eta hirugarrena, albiste faltsuei aurre egitea.

Horiexek dira presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzuli honetarako hiru zutarriak.

Zer ondorio ditu aurrekontu sekretuak presidentetzarako hauteskunde hauetan?

Aurrekontu sekretu horrek, nahiz eta Gorte Gorenak auzitan jarri zuen, modua ematen die diputatuei dirua helburu publikoetarako banatzeko.

Diru hori, ordea, hauteskundeetarako baliatu zen, eta ez zen izan Bolsonaroren jendearentzat, baizik eta mekanismo horietaz baliatu ziren beste pertsona batzuentzat.

Aurrekontu sekretu hori, jo dezagun, urtean 7 milioi dolar da, baina Bolsonarok beste 450 milioi gehitu zizkion, zuzeneko onurak lortzeko; besteak beste, diru gehiago jartzeko Auxilio Brasil programarako, gasa ordaintzeko laguntzetarako, erretiratuek garraio publikoa doan erabili ahal izateko, errepideetarako laguntzetarako, erregaien zergak apaltzeko eta halakoetarako.

Laburbilduz: gauza pila hori onuragarri gertatu zitzaion, hauteskundeetarako hiru hilabete falta zirela. Bolsonarok hiru aldiz aldatu zuen konstituzioa bozen aurretik, horrelako onurak lortzeko, baina, nahiz eta horrek eragina izan duen, ez da nahikoa izan Lulari hauteskundeak irabazteko.

Presidentetzarako hauteskunde hauetan, orain arteko abstentziorik handienetakoa izan zen…

Aztertu behar dugu zer esan nahi duten abstentzio horiek. Lehengoan, adibidez, aditu batek kasu bat esplikatu zidan: Brasilek kontinente bat izateko adinako tamaina du, eta barne migrazio handia dago horregatik.

Bada, ipar-ekialdetik Sao Paulora lanera datozen askok ez dituzte zegozkien aldaketak egin beren agiri pertsonaletan, eta, hori dela medio, ezin izan dute nahita ere bozkatu.

Edonola ere, askoz ere ahalegin handiagoa egin behar dugu bozkalekuetan presentzia handiagoa izateko.

Baliabide urriko zenbait jendek ez du modurik bozkalekuetara joateko; hori ere izan daiteke abstentzioaren arrazoietako bat?

Horri ere erreparatu behar diogu, eta aztertu behar dugu, era berean, zenbateraino eragin duen beldurrak, zeren, Bolsonarok hainbeste haizatu duen indarkeria giro horren ondorioz, asko zabaldu baita beldurra.

Besteak beste, Eduardo Pazuello jenerala hautatua izan da diputatu kargurako —nahiz eta auzitan jarri izan den hark pandemia nola kudeatu duen Osasun ministro izan zenean—, eta Sergio Moro epaile ohi eta Justizia ministro izandakoa ere bai, senatari posturako —Lula kondenatu zuen epailea—. Zergatik gertatu da hori, zure iritziz?

Horrek erakusten du bolsonarismoak indarra duela, ez dagoela ahituta.

Analista politiko batzuek esan dute Lularentzat garrantzitsua zela presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian irabaztea, hartara indarra erakutsiko zielako zenbait sektore ekonomikori; izan ere, sektore horiek, Lula indartsu ikusten ez badute, beren babesa baldintzatzen hasiko dira, eta horrek oztopoa jar liezaieke PTk hartu nahi dituen neurri batzuei, hala nola gastu muga baliogabetzekoari. Zer iruditzen zaizu hori?

Partez, horregatik irabazi nahi genuen lehen itzulian, hilaren hasieran, baina, nire ustez, urriaren 30eko bigarren itzulia irabazten duenean, Lulak indarra izango du bere gobernu programan dauden politika guztiak burutan ateratzeko.

Ez duzu uste sektore ekonomiko batzuek presio handiagoa egingo dutela orain?

Saiatu, saiatuko dira: presioak hor daude. Baina nik uste dut Lulak ez diela amore emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.