Ipar eta Hego Euskal Herriko pasabideak itxi izana gaitzetsi dute

EH Baik eta EH Bilduk deitutako mobilizazioetan autoritarismoa salatu dute. Euskal Elkargoa, kezkaturik, pasabideen irekiera ez dagoelako argi

Irungo Santiago zubian elkarretaratzea egin zuten atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hala ebatzita, ostegunaz geroztik itxita daude Ipar eta Hego Euskal Herriko zortzi pasabide, eta egoera salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Saran (Lapurdi) eta Irungo (Gipuzkoa) Santiago zubian. EH Baik eta EH Bilduk deitutako mobilizazioetan 200 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta nabarmendu neurri honek ez diela euskal herritarrei mesederik egiten euren egunerokotasunean.

EH Bairen izenean hitz egin zuen Arturo Villanuevak, eta nabarmendu «euskal herritarrentzat ez dagoela mugarik», eta hala izatea nahi dutela. «Ez zaigu batere logikoa iruditzen autoritarismoaren indartze hau; are gutxiago 4.800 militar eta polizia erabiltzea egoera honetan, noiz eta erizain eta sendagileak behar ditugularik». Eneko Maioz EH Bilduko Gipuzkoako koordinatzaileak ere hitz egin zuen, «Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera uniformizatzailea» berriz ere agerian geratu dela salatzeko. «Jarrera honek ez digu inongo mesederik egiten, eta iruditzen zaigu badela garaia benetan Euskal Herria eraikitzeko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko tresnak garatzen hasteko».

Joseba Erremundegi Euskal Elkargoko mugaz gaindiko harreman kontseilariak Euskadi Irratian hitz egin zuen atzo pasabideen itxieraren inguruan. Erabakia tokiko agintariak eta herritarrak kontuan izan gabe hartu dela esan zuen, eta pasabideak ixteko arrazoiak azken momentuan jakin zituztela. Kezka ere azaldu zuen, eperik ez delako finkatu pasabideak berriz irekitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.