Inoren zain egon gabe

Peña-Albisu finalerdietarako sailkatu dira, Jaka-Martijari 22-11 irabazita. Aspekoek Urrutikoetxea-Aretxabaletak galtzea behar dute sailkatzeko

Jon Ander Albisu, pilota jotzen, atzo, Labriten, Jaka-Martijaren aurkako partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Esana zuten Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk zailena egin eta gero, ez zutela inoren mende egon nahi Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Erik Jakari eta Julen Martijari irabaztea besterik ez zuten buruan. Barruan ziren hori eginda.

Esan eta egin. 22-11 irabazi zieten atzo, Labriten, eta finalerdietako ligaxkan ariko dira, Danel Elezkanorekin eta Jose Javier Zabaletarekin batera. Beraz, sobran dago Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak eta Artola-Arangurenek bihar, Amezketan (Gipuzkoa) jokatuko duten partida. Ligaxkako lehen hamabi jardunaldietan zuzenean sailkatzeko postuetan egon ondoren, Aspeko bikoteari azken txanpan egin dio ihes zuzeneko bigarren tokiak, eta kanporaketa jokatu beharko du.

Ezkurdia-Galarza, sailkatuta

Peña II.a-Albisuk argitu dute euren etorkizuna. Ez, ordea, Jaka-Martijak. Atzo irabazita, kanporaketarako sailkatuko ziren. Galduta, ordea, gaur Zarautzen (Gipuzkoa) Urrutikoetxea-Aretxabaletak eta Peio Etxeberria-Ladis Galarzak jokatuko duten neurketari begira egon behar dute —Ezkurdiak mina du eskuineko eskuan, eta Etxeberriak ordezkatuko du—. Enpresakideek mesedea egitea behar dute; mesedea, haiek galdu ostean, Ezkurdia-Galarza sailkatuta baitaude. Urrutikoetxea-Aretxabaletak, berriz, nahi eta nahi ez irabazi behar dute aurrera egiteko.

«Txapelketa hasi aurretik esan izan baligute zuzenean sailkatuko ginela, ez genuen inondik inora sinetsiko», zioen Peñak, neurketa amaitu berritan. Bada, sinets dezatela: finalerdietan dira, eta ondo merezita. Sekulako ligaxka egin dute. Isil-isilik hasi ziren, baina sekulako zarata ateratzen bukatu dute. Bikote ederra osatzen dute: Peñaren bizitasuna batetik, eta Albisuren joa bestetik. Oso kontuan hartzeko bikotea da.

Atzo dantzan izan zituzten Jaka-Martija. Aspekoak abiada hartuta ziren, azken lau partidak irabazita. Baina bosgarren garaipena jarraian lortzeko aukera txikiena ere ez zuten izan. Haiena izan zen lehen tantoa. Baina kito. Hortik aurrera ezinean aritu ziren, eta aurkariak, nahieran: 5-1, 9-3, 16-8, 21-9... Albisuk etengabe erakutsi zion bizkarra Martijari. Atzelari nafarrak makina bat aldiz jo behar izan zuen pilota hamargarren koadrotik. Hain zuzen, Jakak norgehiagoka amaieran esan zuen pilota «kontrolaezina» zela. Baina jarraian aitortu zuen arerioei «dena» irten zitzaiela ondo, haiek «oso deseroso» aritu zirela partida osoan, eta «oso sentipen txarrak» izan zituztela. Horren erakusle da 11 pilota huts egin zituztela: aurrelariak, zazpi, eta atzelariak, lau. Irabazleek ere huts dezente egin zituzten, zortzi, baina 11 egin zituzten: zortzi Peñak, eta hiru Albisuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.