Nahieran dabil Zabaleta

Etxarrengoak eta Elezkano II.ak nagusitasunez irabazi diete Altuna III.ari eta Mariezkurrena II.ari finalerdietako ligaxkako lehen partidan: 22-7

Jose Javier Zabaleta, eskuinarekin pilota jotzear, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Ez dago Jose Javier Zabaletari aurre egin diezaiokeenik. Nahieran dabil Etxarrengo (Nafarroa) atzelaria binakakoa hasi zenetik. Ikusgarri aritu zen lehen ligaxkan, eta ikusgarri ekin dio finalerdietako ligaxkari ere. Hamaikagarren erakustaldia eman zuen atzo, Iruñean, Labriten, aurreneko partidan. Horri esker, hark eta Danel Elezkanok nagusitasun handiz irabazi zieten Jokin Altunari eta Jon Mariezkurrenari: 22-7.

Bost tanto egin, eta bi huts: horra Zabaletaren zenbakiak. Bikainak dira, baina motz geratzen dira haren nagusitasun erabatekoa behar bezala azaltzeko. Ikaragarria da eman zuen itxura: nolako sasoia, nolako indarra eta nolako joa. Horren ikusgarria izan zen haren lana, partida benetan txarra apur bat txukuntzeko balio izan zuen. Ez baitzen egon ez erritmorik, ez jokorik, ezta lehiarik ere. 230 pilotakada eskas jo zituzten, zortzi eskas tantoko.

Hutsak bai, egon ziren, makina bat: hemeretzi. Mariezkurrena II.ak huts egin zituen gehienak: hamar. Berriozarko (Nafarroa) atzelariak lehen partida zuen finalerdietako ligaxka batean, eta presioak gaina hartu zion. Halako neurketatan, funtsezkoa da ondo hastea, presioa gainetik kendu eta konfiantza hartzeko. Bada, Mariezkurrena II.ak modurik okerrenean ekin zion lehiari, hutsak bata bestearen atzetik eginda. Oso zaila da horrenbeste huts eginda irabaztea, eta are gehiago Elezkano II.a-Zabaleta bezalako bikote horren indartsu baten aurka: ezinezkoa da horrela. Bikoteak lagun dezake desoreka orekatzen, baina Altuna III.ak ez zuen aukera bakar bat ere izan. Apenas sartu zen jokoan. Zabaletaren pilotakadak gainetik pasatu zitzaizkion etengabe. Tanto bakarra egin zuen, eta hiru galdu. Haserre zegoen amaieran. «Zazpi tanto egin ditugu, eta gustura. Profesionaletan ezin da kantxaratu gu kantxaratu garen bezala».

Elezkano II.ak, berriz, goitik behera egin zuen. Gehiegi arriskatuz hasi zen, eta zenbait huts egin zituen: lau tanto egin zituen, eta beste horrenbeste galdu. Baina berehala egin zuen praktikotasunaren alde. Zabaleta zuen atzean, nahi zuen guztia eginez.

Beste lehia, gaur, Logroñon

Lehenbiziko jardunaldiko beste neurketa gaur jokatuko dute, Logroñon (Espainia), Adarragan (17:00, ETB1). Ezkurdia-Ladis Galarza eta Peña II.a-Albisu ariko dira. Bi bikoteek partida bakarra jokatu zuten elkarren aurka lehen ligaxkan, aurrenekoan Iraitz Zubizarretak Peña II.a ordezkatu baitzuen. Bigarrengoan, nagusitasunez irabazi zuten Baikokoek: 22-7. Baina ordutik, gora egin dute Aspekoek, eta jokatu dituzten lau lehiak irabazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.