Tere Saez Barrao.

Elkarrekin bai, nahasita ez

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Martxoaren 8az geroztik, garai magikoa izaten ari da hau feminismoarentzat. Duela urte batzuk, feminista antolatuoi ez zitzaigun burutik pasatu ere egingo emakumeek, herritarrek eta instituzioek halako erantzuna ematea. Gaur egun, ia gaizki ikusia ere badago feminista ez zarela esatea, eta edozein ekitalditan edo auzitan emakume bakar batek ere ez parte hartzea. Urte luzez, sentsibilizazio eta formakuntza lanean aritu eta gogor borrokatu behar izan da jendeari ulertarazteko zertan datzan sistema heteropatriarkala, zer lotura duen kapitalismoarekin, nola emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren kausak estrukturalak diren, eta nola erremedio bakar bat duten: berdintasuna txertatzea. Feminismoa. Aldez eta moldez esan dugu emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa bat dela eta, beraz, lehentasun goren izan behar duela; era berean, gogorarazi dugu ez dela berdinen arteko gatazka bat eta, horregatik, hala estatuak nola beste instituzio batzuek emakumeen eskubideak bermatu behar dituztela, justizia konpontzaile bat jartzeko haien esku. Horretarako, guztiz nahitaezkoa da aurrekontuak eta baliabideak jartzea genero indarkeriak irauten duen bitartean, haren aurretik eta haren ondoren ekiteko. Azken urteetan, handia izan da aurrerabidea; are, emakumeek ulertu dute hau ez dela arazo indibidual bat, ez dutela halako zamarik eraman beharrik emakume jaio izate hutsagatik, eta askok salaketa jartzea erabaki dute, beldurra eta zalantzak gorabehera. Alde horretatik, udaletan berdintasun sailak egotea funtsezkoa da lehendik geneukan helburu bat betetzeko: berdintasun politikak transbertsalak izatea; hala berdintasuna nola indarkeria matxista, emakumeen arazo izateari utzi, eta gizarte osoak konpondu beharreko auzi bihurtzea. Eta, esan bezala, udalek edo gobernuek mezu hori bidaltzen badiete herritarrei, eragina askoz handiagoa izaten da. Garaiak aldatzen ari dira, eta kontzientzia piztuta eduki behar dugu. Gutako asko, kalean ez ezik —kalean ere bai noski—, askotariko instituzioetan ere bagaude, diskriminazio egoeretan sarri, baina hortxe: ordezkari politiko, teknikari, kudeatzaile eta askotariko langile. Eta, gurekin batera, zenbait kide gizonezko ere sartu dira, maskulinitate hegemonikoa auzitan jarriz, irentzailea baitzaie pertsona moduan hazteko, matxista izateaz gain. Gaur egun, gutxi-asko, deitu egiten zaio feminismoari, aitortza egiten zaio, eta autoritatea eman. Eta, horrekin batera, instituzioek zenbait jarduera egiten dituzte, zenbait jarduera emakumeak ahalduntzeko, helburu teoriko honekin: emakumeek parte hartzea eta subjektu aktibo izatea. Eta hori, horrela, modu abstraktuan, ona da, eta beharrezkoa. Ondorioa hauxe da: elkarrekin egon gaitezke, baina ez nahasita. Halaxe erakutsi du Iruñean sexu indarkeriaren eta eraso sexisten inguruan gertatu denak: horri aurre egiteko izan den erantzukidetasunari esker —peñak, herri elkarteen sarea...—, masiboa izan da mobilizazioa. Eta, udalaren konpromisoaren ondorioz, elementu garrantzitsu bat sartu da bai festetako mezuetan eta bai ezartzen ari diren neurri jakinetan, eta kanpaina zabal, berritzaile, bistaratu eta esplizituki feminista bat egin da instituzioen eremuan. Feminismoa da mugimendu horren eta instituzioen jardunaren gidari. Orain, bakoitzaren espazioak errespetatu beharra dago, feminismoaren ondare historikoa bereganatzen saiatu gabe. Instituzio batek egiaz erakutsi nahi badu ahizpatasuna, benetan dagokionari egin behar dio aitortza: mugimendu feministari. Eta haren ondoan jardun behar du. Elkarrekin arraun egin beharra dago hemendik aurrera, baina gogoan harturik ezen, orekari eusten ez bazaio, ontzia hondoratu egin daitekeela.

(Erredakzioan itzulia)
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.