Apustu errentagarria

Soren Kragh Andersenek irabazi du Tourreko 14. etapa, eta bigarren garaipena eman dio Sunwebi. Etapa oso gogorra jokatuko dute gaur

Apustu errentagarria.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Sailkapen nagusia borrokatzeko lider baten faltan, Sunweb taldeak helburu argi batekin ekin zion Frantziako Tourrari: etapen ehizan aritzea. Bada, bikain ari da lan horretan, bi etapa irabazi baititu jada: joan den ostegunean, Marc Hirsch nagusitu zen hamabigarren etapan, eta atzo, Soren Kragh Andersen gailendu zen hamalaugarrenean.

Danimarkarrak helmugarako hiru kilometro falta zirela jo zuen erasoa. Julian Alaphillipek (Deceruninck-Quick Step) ahalegin bat egin berri zuen, baina ez zuen lortu aurkariak atzean uztea. Eta une nahasi hori baliatu zuen Kragh Andersenek aurrera egiteko. Esprinterren taldeak ez ziren ados jarri, eta horrek erraztu egin zuen haren lana. Azkenean, hamabost segundoren aldearekin helmugaratu zen. Luka Mezgec (Mitchelton) izan zen azkarrena tropelaren esprintean.

Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik, eta Primoz Roglicek (Jumbo) jarraitzen du lider, gaurko etapa gogorraren zain. Hiru mendate igoko dituzte: aurreneko biak, lehen mailakoak, eta azkenekoa, Grand Colombier, maila berezikoa. Ez da ikuslerik izango azken bi mendateetan.

Van Vleutenen erakustaldia

Italiako Giroan, berriz, Annemiek van Vleutenek (Mitchelton) lehen urratsa egin zuen atzo hirugarrenez jarraian lasterketa irabazteko. Herbeheretarrak erakustaldia eman zuen bigarren etapan. Sterrato-ko hiru kilometroko aldapa gogorra zegoen helmugatik hamalau kilometrora, eta hantxe jo zuen erasoa. Berehala egin zuen aldea, eta arazo mekanikoak izan zituen arren, abantaila handiarekin helmugaratu zen: 1.16ra atera zien Anna van der Breggeni (Boels) eta Katarzina Niewiadomari (Canyon). Sailkapen nagusian, Van Vleutenek 1.18 ateratzen dio Van der Breggeni, eta 1.33 Niewiadomari. Ane Santesteban (WNT) hamabigarren izan zen atzo, 4.11ra, eta nagusian, 14. da, 4.59ra. Ainara Elbusto (Costa Dourada), berriz, 26.11ra dago. Gaur hirugarren etapa jokatuko dute, Santa Fiora eta Asissi artekoa, 142 kilometrokoa. Goian amaituko da,

Azkenik, Tirreno-Adriatikoan, Tim Merlier flandriarrak (Alpecin) ezustea eman zuen, seigarren etapa esprintean irabazita. Simon Yates ingelesak (Mitchelton) jarraitzen du lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.